Ihauteriak: sokamuturra
Hainbat pasadizo bitxi bizitakoak
Larre-behiak
Lehen larre-behiak ere botatzen ziren, «eta behin, astearte goizez, soka Errebaletik eliz-atarira zeramatela, sartu zen larre-behia plazan postuetara-eta, eta dena altxatu zuen; hango laranjak eta kaxak... Orain azoka artean jartzeke egotea nahi izaten dugu», dio Antonek.
Xoxotera ospa
Albizukoei ere egin izan die zezenak ospa sokamuturretik. «Orain dela 27 urte, adibidez, gure zezen batek Errebalean goian hanka egin zuen. Lepokoa atera zuela uste dut, eta Izarraitz aldera joan zen», dio Antonek. «‘Botijo’-ren anaia zen, gainera: ‘Xarpa’. Ordurako ilunduta zegoen, eta hurrengo goizean joan ginen bila, mantsoarekin. Harrapatu eta arratsaldean zezen huraxe sokan ibili zen».
Txanpain botilak
Era guztietako uneak bizitakoa da Anton. «Ni Azpeitian ezagututa nago jendea bi txanpain botilarekin eskuan eta zezenean. Orain dela 20-25 urte izango zen hori. Gaur egun igoal baten bat ikusiko dugu edandako itxura egiten, baina hurreratzen zaio zezena eta aide azkar hark e! Otxandion bai ibiltzen direla mozkorrak. Han neskak-eta ez pentsatu mugitzen direnik; geldirik eta danba!».
Larri ikuiluan
Beraien baserrian ere estuasunik pasatutakoak dira Albizunekoak, Lourdes Udabek kontatzen duenez. «Behin, Ihauterietarako pare bat aste falta zirela, zezen bat askatu egin zen ikuiluan, eta han hasi zen beste zezenei egurra ematen, eta ni baserrian bakarrik nengoen orduan eta ez nekien zer egin. Pentsatu nuen zezenik gabe geratuko ginela Azpeitira. Azkenean behintzat dominatu genuen».
Benetako monja
Saninazioetan ere etortzen da Albizu ganadutegia, eta Antonek gogoan du bere zezen batek monja harrapatu zueneko eguna. «Egaña parean bat monja jantzita ikusi nuen. Gaupasa eguna zen eta hura mozorrotuta-edo zegoela pentsatu nuen nik. Baina bai zera, benetakoa izan! Hura kolpea eman ziona zezenak. Gora altxatu zuen. Monja hark ez zuen jakin ere egingo zezena zer zen».
Entzierro txikia
Zezen txikiekin ere buruhausterik pasatutakoak dira, Antonek dioenez. «Orain 20 urtetik gora, eta Saninazioetan zela uste dut, umeen entzierroa egin zen plaza nagusitik zezen-plazara, eta Errota parean han aldegin ziguten zezen txiki haiek denek; bost-edo ziren. Batzuk Azkoitia parean harrapatu genituen. Eta, pentsa, azkena Martiten, zortzi egunera. Baina, tira, azkenean ez zen ezer pasatu».
|