Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko maiatzak 16,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2000 »  Otsaila »  Udalbiltza

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Udala : Hala erabaki berri dute hiru alderdiak batzar berezian

Azpeitia ere Udalbiltzan

Uztarria

Azpeitiko Udalak Udalbiltzan sartzea erabaki du. 17 zinegotziak ados agertu ziren urtarrilaren 25eko batzar berezian. Udalbiltzari eman beharreko diru-laguntzak zehaztu gabe daude oraindik.

Azpeitiko udaletxea
Azpeitiko udaletxea.   

Azpeitiko Udalak Udalbiltzan sartzea erabaki zuen urtarrilaren 25ean egindako udalbatza berezian. Hiru alderdi politikoek (EAJ, EH eta EAk) eman zioten oniritzia proposamenari eta idatziari (Uztarriako lehen alean oso-osorik agertutakoa), eta, beraz, Azpeitiko Udala ere Udalbiltzako partaidea da jada.

Iazko irailaren 18an sortu zen Udalbiltza, Bilbon, eta erakunde horri Euskal Herriko 1.776 hautetsi eta auzapezek eman zioten babesa orduan; Azpeitiko Udaleko ordezkariak ere izan ziren Bilbon. Harrezkero udalak ari dira atxikimendua adierazten. Euskal Herriko lurralde guztiak biltzen dituen erakunde politiko bakarra da Udalbiltza, eta herriko udalak lehengo astean hartutako erabakiaren bidez, «Udalbiltza bezalako erakundeak behar ditu Euskal Herriaren eraikuntza demokratikoak, auzolanean, borondatez eta denen partehartzez osatua eta egituratua, inongo inposaketa eta zatiketarik gabe».

Udalak diru-laguntza emango dio erakunde hari, baina oraindik ez dago zehaztua, orain ari baitira 2000ko aurrekontuak adosten. Hauxe da Udalbiltzaren proposamena: udalek Eudeli ematen dioten diru-laguntzaren halako bost ematea Udalbiltzari.

Euskal Herriaren egituraketa

Euskal Herri mailan lanean dabil Udalbiltza, eta, esate baterako, oraindik orain hasi du Euskal Herriaren egituraketa instituzionalari buruzko eztabaida. Azkeneko bi hilabeteetan zirriborroak aurkeztu dituzte, eta hil honetan lan horretan sakonduko dute. Egungo egoera juridiko-politikoa gainditzeko urratsak emango dituzte, beraz, hurrengo asteotan.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak