|
|
|
Kiroldegia
: Ekainean ikusiko da kiroldegia goizez itxita mantendu edo ez
Sei hilabeteko proba
Enekoitz Esnaola
Urtarrilaren hasieratik kiroldegia itxita dago goizez asteartetik ostirala bitarte. Uranga Kirol zinegotziak dio ez duela egin zerbitzu bat kentzeagatik. Kiroldegia goizez erabiltzen dutenak haserre dira.
Hemen gauzak gaizki egin ziren, lehendabizi igerilekua egin zutelako eta gero, beste toki batean, kiroldegia, eta, jakina, bietako bat orain oso garesti ateratzen zaie udalekoei. Beraiek egin zituzten gauzak gaizki eta herritarrok ordaindu behar dugu orain hori», dio kiroldegian sarri-sarri ibiltzen den batek.
Zeresanik eman du kiroldegia asteartetik ostirala bitartean goizez itxi izanak, baina udaleko Kirol zinegotziak, Alejo Urangak, esan digu bere asmoa ez dela zerbitzu bat kentzea: «Nik ez dut nahi izan jendeari aukera kentzea. Nik hau ez dut egin zerbitzu bat kentzeagatik. Bai-na kiroldegira goizez bost bat lagun baino ez ziren joaten, eta orduan galdetzen hasi ginen ea ez al geneukan bost haiei eskaintzerik gauza bera igerilekuan, egun osoz irekiz gero. Adibidez, igerilekuan ere badute sauna (egia den arren mugatuagoa dela), gimnasioa ere bai... Nire asmoa da jende hori pasatu igerilekura eta ea nola ateratzen den proba».
Udalaren erabaki hau ez da behin betikoa. Sei hilabeteko proba egingo du, ekaina artekoa. «Eta ikusten badut, sei hilabeteko proba honen ondoren, jendeak derrigorrez behar duela kiroldegia goizez, ba irekiko genuke berriro, baina eskaera horrek justifikatuta egon beharko luke».
Urangak dio diru asko kostatzen dela kiroldegiaren mantedimendua, eta bazkideen dirua «ahalik eta zuzenen erabiliko du udalak»
Sinadurak biltzeko asmoa.
Jende bati ez zaio askorik gustatu erabaki hori, eta Uztarriak jakin duenez, erabaki horren kontra sinadurak biltzen hastekotan dira. Nor hasi eta nor mugitu dute arazoa. «Lan handia da hori eta asko mugitu behar zara. Gainera, gero, gainera, zeu txarra», esan digute haietako batzuek –anonimatoan egon nahi dute–. «Baina baten batek mugitu beharko du he-men. Ekaina bitartean ez badugu ezer ere egiten, ez bagara mugitzen, hor egongo da kiroldegia betiko goizez itxita, eta hori oso albiste txarra izango da guztiontzat ere».
Igerilekuarena ez da proba.
Kiroldegiko erabakia ez bezala, igerilekuarena denen gustukoa da, orain eguerdietan ere irekita dagoelako (ikusi 29. orrialdeko ordutegia). Eta Uranga zinegotziak dio hori ez dela proba: «Zinegotzi kargura iritsi nintzenean, igerilekua egun osoz irekita eskatzen zuten 79 sinadura nituen mahai gainean. Haiek guztiak ez dira orain eguerdian joaten, lehen baino hamabi bat lagun gehiago joaten direlako orain eguerdian eta ez 79, baina eskaera serioa zen hura eta aintzat hartu eta erabaki hori hartu nuen. Eta igerilekuarena ez da proba; hori beti egongo da ja irekita eguerdian ere bai».
|