|
|
|
Kiroldegia
Errasti pilotariaren kasua
|
|
Jokin Errasti, bere lagun batekin, Azpeitiko Kiroldegian, goiz batean.
|
|
Kiroldegian asteartetik ostirala bitartean goizez itxita arte –urte hasiera hasi ziren ezartzen hori–, jende gutxi ibiltzen zen bertan goiz partean; «bospasei lagun, gehiago ez», dio Ina Sagarzazu, Azpeitiko Kirol Patronatuko presidenteak. Jokin Errasti pilotari profesional azkoitiarra zen «bospasei» haietako bat. Goizero joan ohi zen Azkoititik Azpeitira, Jexux Mari Bastarrika Toota lagunarekin batera, lasterka saio bat egitera ez ezik, kiroldegi barruan beste ariketa batzuk egitera. Azkoitian ere instalazio hori eduki arren, bazeukan Errastik arrazoirik hona etortzeko. «Izan ere, Azkoitian ez dago posta txikirik, eta hemen bai. Azpeitiko Kiroldegian badago posta txikirik, aerobic-eko toki hura, baina Azkoitian ez dagoenez horrelakorik, han kantxa bakarra dagoenez, ba edozer gauza dela ere pista erabiltzen du jendeak eta, hori dela eta, nik ezin ditut serieak egin adibidez, edo pistan zirkuituak. Muskulazioa ere egiten du tarteka, eta hemengoa hobea da Azkoitikoa baino», esan digu astelehen goiz batez kiroldegian bertan, entrenanemdu saioaren ondoren, izerdi patsetan. «Ez dakit hau azkoitiar batek esatea ondo dagoen, baina Azkoitiko Kiroldegia baino hobea eta erosogoa da Azpeitikoa», dio, irribarre artean, haren lagunak, Tootak.
Errastik Azpeitira etortzen segitzen du, astelehenetan soilik bada ere. Igerilekura-eta joaten da gainontzeko egunetan, eta ez zaio hori askorik gustatzen. «Nahi dutena esango dute hemengo arduradunek, jende gutxi-eta ibiltzen dela goizez, baina hau zerbitzu publiko bat da eta horri erantzun beharrean daude agintariak. Bost soilik etortzen direla goizez kiroldegira, ba bost lagun dira, baina irekita eduki behar dute hau. Horrelako edifizio eder bat itxita edukitzea ere...».
|