Migel Arregi `Iturbide´
: Migel Arregi ‘Iturbide’ pandero jole ezaguna hil da
Agur eta ohore
Igor Aramendi
Herritarrik ezagunenetakoa hil da: Migel Arregi Iturbide. Pandero jole handia zen, erreferentzia trikiti munduan; Auntxa zuen ohiko bikotekide. Mendian ere aitzindarietakoa izan zen.
|
|
Migel Arregi Iturbide.
|
|
Errege egunean itzaldu zen Migel Arregi Iturbide, 90 urte zituela. Loiola auzoko Iturbide baserrikoa zen, eta herrian ezagun dira Antonio Aranaga Auntxa soinu jolearekin urteak joan eta urteak etorri eskainitako saioak. Iazko martxoan Iturbidek eta Auntxak jaso zuten merezitako omenaldia: Azpeitiko Kiroldegian Euskal Telebistak antolatutako ekitaldi batean bi haien lanari gorazarre egin zioten hainbat bertsolarik eta dantzarik. Irturbide Auntxarekin aritu zen gehienbat, baina baita beste hainbat trikitilarirekin ere; Bitarte zumaiarra edo Laja azkoitiarrarekin, esate baterako.
Garai zailetan ere ez zion pandero jotzeari utzi Iturbidek. Hala, Francoren diktaturapean, euskal kulturak erasoak bata bestearen atzetik jasotzen zituenean, han ibili zen Migel plazarik plaza geure-geureak diren doinuak lau haizetara zabaltzen. Une haiek txarrak ziren trikitiarentzat; hamar bat bikote izango ziren, justu-justu, jendaurrean jotzen zutenak.
Gaur egun, trikiti munduak estilo aldaketa nabarmena izan du, eta bistakoa da puri-purian dagoela. Ibilbide honetan, Iturbide bezalakoak beti hartu dira erreferentzia puntu moduan belaunaldiz belaunaldi trikitiak jasan duen eraldaketa aztertzeko orduan.
Iturbidetarren eskola.
Migel ez zen, baina, Iturbidetarren etxean pandero jole bakarra, beste anaiak ere zaleak baitziren. Hiru anaiak, hain zuzen, aitzindari izan ziren panderoa trikitiarekin nahasten. Beti aipatu izan da trikitilarien artean Iturbidetarren eskola. Plazan sortu izan duten giroa izan da haien berezitasunik handiena; giro alaia eta umoretsua benetan. Ezaguna da Migelek panderoa jotzeko orduan erakusten zuen grazia eta umorea: beti irrintzika eta dantza, plazako jende guztia poztea lortzen zuen. Maisua zen horretan.
Baina itzali zaigu argi hura. Orain hilabete. Joan zaigu Azpeitiko pertsonairik garrantzitsuenetakoa. Joan da trikitiko erreferentzia. Joan da mendizaleen aitzindarietakoa. Agur eta ohore, Migel.
|