Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 6,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2000 »  Otsaila »  `Iturbide´ »  Gertutik

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Migel Arregi : Gertutik

Agur, osaba Migel

Imanol Arregi ‘Iturbide’

Bere istorio zenbait kontatzeko eskatu didate; dakidanetik, batzuk kontatuko ditut. Nik osaba Migel ez nuen ezagutu pandero jole bezala gerotxo arte; mendigoizale bezala bai, mendizale purrukatua baitzen. Baina mendi kontuak utzi eta pandero munduari helduko diot. Nik hemezortzi urte banituen osaba pandero jotzen ikusi nuenerako, hain zuzen Azkoitiko Madariaga auzoan, San Isidro jaietan. Ni harrituta hari begira, ordu arte ez nuen ikusi-eta; haren umorea eta alaitasuna!... Abesteko ere bazuen ahotsa eta erraztasuna, eta gustatzen zitzaion tarteka pikardiko kantak kantatzea, garai hartan galerazitakoak, alegia. Beste bere hiru anai ere pandero joleak ziren. Gerra aurretik asko ibiltzen omen ziren, batez ere Migel. Baina gerra ondoren hogeitamar urtetan pandero baten jabe ez ziren izan; pandero aldetik mutu egon ziren.

Berak bazekien zenbateraino zen, eta hori esaten dut berak egun batez honela esan zidalako: «Ni ez nauk pandero jole ona, ni baino hobeak asko dituk, baita anaia Patxi ere, baina gatza falta». Hori bere anaiagatik esan zuen. Migelek bazituen bai gatza bai piperra. Gaur egun pandero jotzea erosi egiten da, baina zail da erostea hark zuen giro hura. Askotan entzun nion hamasei urterekin hasi zela plazetan pandero jotzen. Nik, hori kontuan edukirik –orduan 76 urte zi-tuen– esan nion: «Hirurogei urte pandero jotzen?». Eta hark: «Bai motel! Ni zazpi probintzietan ibili nauk, eta, aizak, inondik ez duk kexarik etorri. Txintxoa izana izango nauk...»

Mugaz beste aldera ere trikiti giroa zabaldu zuten Auntxa-k eta biek. Iparraldean jotzen aurrenetakoak izango ziren. Migeli, azken aldera, bere esaera egia bihurtu zitzaion. Izan ere, gazte bat ikusi zuen panderoa ondo jo ezinik, eta niri esan zidan: «Imanol, alde ederra ziok ‘bi urte barru ederki joko diat’ pentsatu edo ‘bi urte barru ahaztu egingo zaidak’ pentsatu». Laurogei urte inguru zituen hori esan zuenean. Hil baino egun gutxi aurretik honokoa esan zidan: «Ezin diat panderorik jo».

Agur Iturbide zaharra, laster arte.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak