Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 6,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2000 »  Otsaila »  Iritziak »  Kilometroak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Iritzia

Kilometroak 2000rekin ikastola aurrera

Elias Mendinueta (Azpeitiko Ikastola Ikasberriko lehendakaria)

Ikasberri-Azpeitiko ikastolak Kilometroak 2000ren prestaketari hasiera ofiziala eman zion abenduaren 3an, Izarraitz pilotalekuan, eta pozgarria izan zen jaso genuen erantzuna.

Beraz, ezeren aurretik, esker ona agertu nahi dizuegu herritar guztioi Uztarria herri aldizkariaren leihotik.

Ikastolen festa hauen helburuak bi dira nagusiki. Bat, ikastolak sorreratik Herri honi dagokion Eskola propioa, Euskal Eskola Nazionala lortzeko duten konpromisoan animatuz geurekin bat egitea; eta bi, hori dela-eta asumitu ditugun konpromiso ekonomikoetan laguntzea.

Eta nor da Ikasberri-Azpeitiko ikastola? Autonomi honetan 1993an Euskal Eskola Publikoaren Legearen aurrean, ikastola mantentzearen aldeko apustua egin genuen taldea. Betikoa eta berria den ikastolaren alde egin genuenak.

Azpeitiko, Azkoitiko eta inguruko herrietako guraso, ikasle, profesional eta herritar laguntzaile talde bat gara, Azpeitian IKASTOLA osatzen duena.

Aukera egin beharrak behartu gintuen gogoeta sakona egitera, eta ikastola zer den, zer nahi dugun eta nola egingo dugun definituarazi zigun.

Guk nahi duguna zera da: Euskal Herriko Eskola Nazionala Urola bailaran sustatu eta aurrera eramatea, ikasleak ardatz nagusi bihurtuz eta beraiekiko jarrera aldatuz.

Eta hori bermatzeko, gurasoen jabetzan oinarritzen gara, horren araberako barne antolaketa eginez eta ikastolaren alde dauden pertsonal konprometituenarekin kontatzen dugu.

Orain, Kilometroak

Eta orain, KILOMETROAK, ikastolen festa antolatzerakoan, beronek dituen helburuei eutsiz, hori zabaltzeko konpromisoari erantzun behar diogu, urtero ikastolaren batek egiten duen bezalaxe.

Oraingoz 150 pertsonatik gora gabiltza antolaketa lanetan, eta laguntzeko eskaintzak gero eta ugariagoak ditugu.

Bailara honetako jendeak beti erakutsi dugu ekintza bat aurrrera eraman behar denean kemena, lana eta, gainera, umorea ipintzen artistak garela.

Ikastolakook, KILOMETROAK antolatzerakoan, inpresio horixe jasotzen ari gara jendearengandik. Aurretik hemen egindako KILOMETROAK antolatzen ibili ziren zenbait, berriro errepikatzen dabiltza, orduko helburuak gaurkotuta ditugulako. Eta indarberrituta elkarlanean gabiltza.

Kultura eta kirolaren inguruan ekintza sorta bat dator orain, ilusioz beterik prestatzen gabiltzana.

Hilero zerbait berezia eskainiko dugu eta aukera izango du bailarako edonork ondo pasatuz ikastolari laguntzeko.

Ikastolan oso esperientzia interesgarria ari gara bizitzen ekintza honen prestaketan, eta geuk daukagun poza plazaratu nahi dizuegu guztioi, hasi garen bezala bukatuz eskerrak emanez.

Seguru gaude denon artean, bai urtean zehar eta bai egun horren prestaketa izugarri ondo aterako direla, eta Euskal Herri osotik urriaren 1ean etorriko den jendeak bailara honen izen ona beti gogoan izango duela.

Beraz, Herri honek merezi duelako, ikastolak merezi duelako, ikasleek gure aldetik beste jarrera bat merezi dutelako, parte hartu gurekin.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak