Iritzia
: Amuko zubitik
Mandoak eta astoak
Joxe Luix Aizpuru
Nor da baliorik gabeko gizona? Agintzen eta aginduak betetzen ez dakiena». Goethe-ren zita horrekin hasten da Mando «guardia zibilek Guardia Zibilarentzat idatzi eta zuzendutako» aldizkari benemeritoa. Nire eskuetara iritsi bezain pronto goitik behera aztertu dut irrika bereziz; jakinahiak eta morboak bultzatu nau. Haiek ere, ETAren Zutik agiriak berdintsu irakurriko dituztela pentsatzen dut, jakinahiak, morboak eta beste zerbaitek bultzatuta...
Jose Luis Saenz de Heredia frankistaren Raza filma gogora ekarri dit Mando-k. Patxi-Txikiak (Francisco Franco) beregan hartu zuen Raza-ren gidoia, Espainiako bazter guztietan jakin zezaten nor zen «Espainia salbatuko zuen gizona, gorri eta separatistengandik» batez ere. Diktatore gehientsuenen antzera, bere burua pantailaren beste aldean –Holliwood-eko artista ahaztezinen antzera– ikustea gustatzen zitzaion Patxi-Txikiari.
Raza eta Mando. Mando eta Raza. 40 urteko tartea, baina betiere argi jarriaz nork agintzen duen Pirinioen hegoaldean.
«Egiazko albisteak eta iritzi independenteak», dio Mando-ko goiburuak. Aitortza arriskutsuegia komunikabide baten aurpegian idazteko, baina argi dago mandoek ere demokrata izan nahi dutela eta itxurak behintzat gorde behar dituztela, nahiz eta astakeri-mandokeriren bat edo beste egin...
Mandoak, dena den, ezin esan tontoak direnik, eta euren aldizkariko publizitatea bilatzeko «Osasuna eta Kontsumoa» aldizkarikoak direla esanez ederki aberastu nahi izan dute. Hau horrela ez bada, galdetu Pastorkuanean.
|