Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 8,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2000 »  Otsaila »  Ingurugiroa

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Ingurugiroa : Ingurugiro Etxearen ondoan eraikiko da, aurten hasita

Bioeraikuntza eta energia berrigarrien zentroa egingo da

Enekoitz Esnaola

Bioeraikuntza eta energia berrigarrien zentroa egiten hasiko dira aurten Azpeitian. 2002an zabaltzeko asmoa daukate. Ingurugiro Etxearen ondoan kokatuko dute zentroa.

Energia eolikoa erabiliko dute zentroan. Argazkian, haize errota batzuk
Energia eolikoa erabiliko dute zentroan. Argazkian, haize errota batzuk.   

Ingurugiroko proiektu handia bat dago Azpeitirako; izan ere, energia berrigarrien eta aurrezpen eta eraginkortasun energetikoaren interpretazio zentroa eraikiko dute. Aitor Aranguren, Azpeitiko Udaleko Ingurugiro Batzordeburuak Uztarriari adierazi dionez, «proiektua erredaktatzen» ari dira. «Hala ere, egitasmo hau Eusko Jaurlaritzatik ari dira bideratzen, eta asmoa aurreko legegintzalditik dator». Energiaren Euskal Erakundea eta Azpeitiko Udala ere, ordea, proiektuan sartuta daude, modu apalagoan badaude ere. Hala, Jose Mari Bastida alkateak «proiektu garrantzizkotzat» jo du, eta «Euskal Herrian ingurugiro heziketan Azpeitia erreferentzia izatea nahi dugu». Aipatutako hiru erakunde haiek hartuko parte inbertsio ekonomikoan.

Okerrik ezean, zentroa aurten bertan hasiko dira eraikitzen, Ingurugiro Etxearen ondoan, eta baliteke 2002rako zabalik izatea. Zentroa, alorreko profesionalei, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako ikasleei (DBH) eta jendeari oro har bideratuta egongo da.

«Bateragarria».

Zein da proiektu honen helburu nagusia? Energia berrigarriak, arkitektura bioklimatikoa eta bioeraikuntza sustatzea. Horretarako, Anton Aranburu, Eusko Jaurlaritzako Ingurugiroko Baliabideen zuzendariak dioenez, «ingurugiroa, eraikuntza eta energia berrigarriak bateragarri egitea da gure asmoa». Eraikuntza bera «ingurugiroarekiko errespetu osoz» eraikiko dela esan du Aranburuk.

Irizpide bioklimatiko eta bioeraikitzaileen arabera eraikiko da eraikuntza, eta eraikina bera izango da irizpide horien erakusle, eta, esaterako, energia eolikoa, eguzki termikoa eta fotovoltaikoa erabiliko dituzte. Barruan, halaber, dokumentazio zentroa eta liburutegia, erakusketa aretoak, balioanitzeko formazio aretoa eta lantegiak egongo dira.

Europan jadanik hasi dira gai hauetan pausoak ematen, eta Euskal Herriak ez du atzean geratzerik nahi. «Hemen ere urratsak egiteko prest gaude, eta Azpeitiko eraikin hau izango da lehendabiziko pausoa», dio Anton Aranburuk.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak