Elkarrizketa
: Imanol Elias (Historialaria)
“Sekula ere ez zaigu interesatu herriko historia”
Iban Arregi
Duela hilabete inguru argitaratu du Imanol Elias herrikideak bere azken liburua: Azkoitia historian zehar. Azpeitiko liburuarekin batera Iraurgi bailarako historia osatu nahi izan du. Uztarriarekin izan da berriketan, eta haren lan egiteko metodoaz, historiaz, liburuez beraiez eta beste hainbat kontuz aritu gara patxada ederrean.
Hasteko, gauza bat: zer egiten du azpeitiar batek Azkoitiko kontuetan sartuta?
Hori komentatu izan dit jendeak, baita azkoitiarrek ere. Baina argi utzi nahi dut ez naizela inori lekua kentzera joan; Azkoitikoa eta Azpeitikoa batuz Iraurgi bailarako historia osa nezakeela pentsatu nuen. Azkoitiar batek egin beharrean azpeitiar batek egin duela? Beno...
Liburu honetan eta Azpeitikoan ere artxibo hustuketa handia egin duzu. Zenbat ordu eskaini dizkiezu liburuoi?
Nik bi urte pasatu ditut Azkoitiko artxiboan sartuta, larunbat eta igandeak kenduta, egunero-egunero goizeko 7:30etatik 13:00-etara inorekin hitz egin gabe. Eta Azpeitikoan gehiago. Datuak hartzen, aktak-eta irakurtzen... Denbora asko behar da horretarako. Izan ere, halako urtetan zein bizi zen, halakoan zer gertatu zen..., hori guztia bilatu egin behar da artxiboan.
Hainbeste denbora sartzeak ematen al du ordainik?
Beno, hori da kontu askotan gertatzen dena. Artxiboan zaudela zerbait interesgarria aurkitzen duzunean, esaten duzu: «Honek oraindik jarraipenik izango dik ba», eta aurrera egiten duzu. Zeuk joaten zara gauzak bilatzen, eta aurkitzen dituzun osagarri batzuekin gehiago animatzen joaten zara. Hori bai, une batzuetan guztia harrika botako zenuke, «ni baniak hemendik» esan eta...
Azpeitikoa idatzi zenuenean, gainera, berriro idatzi behar izan zenuen guztia galdu egin zenuelako. Ez al da hala?
Bai, hala da. Nik hasieran eskuz idazten nuen, baina gerora bi lagunek ordenagailu txiki-txiki bat ekarri zidaten etxera. Eta harekin jardun nuen egiten, eta dena bukatu. Orriak inprimatzera joan nintzenean konturatu ginen diskete guztiek akats txiki batzuk zituztela. Liburu oso-osoa berriz idatzi behar izan nuen.
Lehen ordu gutxi ziren ba...
Bai, baina beno, behin bukatuta zegoela ikusita, berriro idatzi eta kito. Eta gero batzuk esan zidaten aurretik esan banien arazoa konponduko zidatela... Baina nik ez nuen horretan pentsatu ere egin.
Bi liburuetan egitura beretsua mantentzen duzu. Nola erabaki duzu egitura?
Hori datuak jasotzen nindoan bezala joan nintzen erabakitzen. Gai honetatik hainbeste daukat, bestetik hainbeste... Horregatik kostatu zitzaidan askoz gehiago Azpeitikoa egitea, artean egitura finkatu gabe nuelako.
Hurrengo urteetako historialarientzat artxibo ederra izango dira zure bi liburu horiek, ezta?
Hor historia handia dago gordeta, bai. Eta oso mesedegarria izan daiteke beste historialari batentzako, oraindik gehiago jakin nahi badu. Hemen dauden datu eta datekin, gauza asko aurki daitezke Ońatiko artxiboan edo Diputaziokoan. Lan honek jarraipen bat izan dezake, liburu hauek oinarritzat hartuta.
Artxibo kontuez ari garela, herriko artxiboak zer moduz zaindu ditugu?
Egia esan, ni Azpeitiko Udaleko artxiboan sartu nintzenean oso gaizki zegoen. San Agustineko artxiboko leiho bat irekita zegoen eta ura sartzen zen. Gero, sarea puskatu zenean, katuak... Gainera, gu gazteak ginenean Maisu Beltzak eskolak ematen zituen udaletxe gainean, eta hark mutil koskorrak zigortzen zituenean, artxiboan sartzen zituen zigor moduan. Imajinatu, beraz... Harrezkero asko hobetu da. Azkoitian askoz hobeto zainduta dago artxiboa.
Arazoa sakonekoa al da? Alegia, historiari ez diogula ematen duen garrantzia ala?
Baietz uste dut. Oso jende gutxi ikusi dut nik artxibora joaten, eta paperak-eta begiratzen.
Historialarion lan garratzitsu bat datu bilketa da, baina bestea dibulgazioa. Libururik ateratzeko aukera izan ez bazenu, zer bide erabiliko zenuke?
Idazle bati askotan gertatzen zaio idatzitakoa argitaratu ezina. Nik azken bi liburuekin zortea izan dut.
Pentsatu, ordea, liburuak argitaratzerik ez duzula izan. Azpeitiko historia zabaltzeko beste modurik ez al dago? Adibidez, ikastetxeetan?
Horrelako ideiaren bat planteiatu zen Azpeitian. Eta bide bat izan daiteke; alegia, ikastetxeetan herriko historiaren berri ematea, gaztetxoei azaltzea, era batera edo bestera. Orain liburu hauek ikastolan erabili dituztela badakit. Geurea ezagutzea garrantzitsua da, denontzako mesedegarria.
Gazteentzako, esate baterako?
Adibidez. Eta gazteak aipatzen dituzula, liburuetan agertzen diren gauza asko sinestezinak egiten zaizkie gazteei. Baina kontuan hartu behar dugu garai hartan zer eta nola pentsatzen zuen jendeak. Lehen Espainiako Erregeak gerrarako deia egiten bazuen, Azpeititiko jende asko agertzen zen joateko prest. Gaur, Espainiako Erregeak gerrarako deia egingo balu, bera bakarrik geratuko litzateke. Garrantzitsua da lehengo jendearen pentsakeran jartzea.
Beti esan izan dute historia dela egungo gauzak ulertzeko oinarria. Alde horretatik, ez al gara nahiko ezjakinak?
Niretzako bai. Sekula ere ez zaigu interesatu herriko historia, ez dugu horretan arretarik jartzen guk. Baina hori guztioi gertatzen zaigu, batik bat gazteak garenean.
Azpeitiari buruzko galdera batzuk. Herri bezala zer garrantzia izan du?
Bai Azpeitiak, eta baita Azkoitiak ere, garrantzia handia izan dute. Azpeitia, denboraldi batzutan Gipuzkoako hiri nagusi bihurtzen zen, korregidorea hona etortzen zenean bere eskribauak eta abokatuak ekartzen zituelako. Eta beste herrietatik jendea etortzen zen. Horrek sekulako bizia ematen zion herriari, janari aldetik, kaleari berari... Garrantzia ematen zion herriari. Garai hartarako, gainera, herri handia zen Azpeitia.
Azpeitiko lehenengo erreferentziak noizkoak dira?
Artxibategian badaude 1300. urtea baino zertxobait beranduagoko idatzi batzuk, baina irakurtzeko oso zailak dira. Lehenengo aktak-eta 1560 ingurukoak dira.
Bote lasterrean, ai-patu herrian ondoen mantendu diren tradizioak.
Zaila da esatea... Tradizioa bakarrik ez da, baina euskara Azpeitian bezala oso leku gutxitan mantendu da. Horrez aparte, herri kirolak-eta ondo mantendu dira, eta zezen-zaletasuna, nola ez. Zezenekiko afizioa 1518. urtean ageri da jada.
Eta Azpeitian tradizioa izan dena baina mantendu ez dena?
Badaude batzuk. Adibidez, alardea. Lehen, Sansebastian egunean ez zen danborradarik egiten, alardea baizik; tradizioa izan da Azpeitian. Azpeitiko jai berezietan askotan egiten ziren halako desfileak. Eta orain danborrada egiten da, nahiz eta gure herriarekin inolako zerikusirik ez daukan.
Ideologikoki nolakoa izan da Azpeitia?
Azkoitian baino karlista gutxiago izan da gure herrian. Nik uste dut Azpeitian abertzaletasuna errotuagoa egon dela betidanik. Liberalek ere izan dute euren pisua hemen. Baina hori ez da paperetan agertzen, gutxiago aktetan, eta hori oso zaila da ziurtatzea.
Bukatzeko, bailarako historiografian zer hutsune ikusten dituzu?
Hutsuneak. 1766an matxinada izan zen hemen, eta orduko orriak-eta falta dira. Hura gertatu ondoren militarrak etorri ziren hona jendea atxilotzera, eta izen eta datu horiek kendu egin ziren artxiboetatik, apropos. Garai hartan udalak zer gastu egin zituen-eta azaltzen dira artxiboan, baina jendearen izenak eta horrelakoak ez daude, kendu egin zituztelako. Eta karlisten garaian ere badaude halako gertaerak, baita azkenengo gerrateetan ere.
|