Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 7,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2000 »  Urtarrila »  Sansebastianak »  Herrikoiak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Sansebastianak: danborrada

Herrikoiak

Mahaira bildu ditugun hiru lagunek modu desberdinean bizi izan dituzte sansebastianak. Baina hirurek ere bizi dituzte, batik bat danborrada, herriko festa hauen adierazgarri nagusia.

 

Herriak parte hartzen duen festarik badugu, horiek sansebastianak dira. Nor ez da irten noizbait danborradan? Kepa Ibarzabalek urte asko eraman ditu antolaketa lanetan, Udaleko Festa Batzordeburu gisa, eta, ondorioz, danborradan irten gabe. Jada ez da zinegotzia Kepa, eta aurten berriro parte hartuko du. Haren irudiko, «herriko festak, festa hauek dira, saninazioei ezer kendu gabe, noski. Azpeitiar gehienek parte hartzen duten festak dira sansebastianak».

Manuel Altuna Kanpaxa ere iritzi horretakoa da: «Herritar gehienak biltzen dituen festak dira». Kanpaxa 1966an atera zen lehenengo aldiz danborradan, eta handik hona urtero-urtero atera da, beti talde bat zuzentzen.

Aitziber Salegiren ustez, berriz, kasik ohitura bat bihurtu da danborradan parte hartzea, «eta jendea oso gustura irteten da, azken batean festa batzuk dira-eta».

Danborradaz hitz egitean, beti sortzen da Donostikoarekiko konparazioa. Hura serioagoa dela, gurea ez hainbeste... Kanpaxaren ustez, oso desberdinak dira biak. «Han talde guztiak ez dira elkarrekin ibiltzen; Azpeitian, aldiz, bai; eta, orduan, guretzat askoz zailagoa da lerroak-eta ondo errespetatzea». Aitziber Salegiren iritzirako, «Donostiako danborrada gehiago da espektakulua, eta gureak festa itxura handiagoa dauka».

«Militarren modura ere ez»

Kepa Ibarzabalek azpimarratu duenez, urte batzutan egin zen halako ahalegin bat danborrada serioagoa egiteko. «Gertatzen dena da ez dela batere harritzekoa 50 laguneko talde batean hiru lagun desmadratzea. Urte batzutan nahiko pattal ibili da, baina, tira, hobetu da». Hala ere, Keparen ustez, «kontua ez da denak militarren moduan ateratzea ere. Seriotasuna bai, baina bere neurrian».

Seriotasunaren bidetik, entseguen inguruko eztabaidak ere sortu izan dira tarteka herrian. Batzuek diote entsegu gutxiegi egiten dela. Beste batzuek, hainbeste kantu berri ez sartuta arazoak saihestuko liratekela. Manuel Altuna Kanpaxa-k entseguetara joatearen garrantzia azpimarratzen du. «Guri pieza berriak sartzen badizkigute, guk ez daukagu ondo jotzerik, entseguetara oso jende gutxi joaten da-eta. Orduan, entsegu gehiago jartzea alferrik da; nik ez dakit beste taldeetan zer gertatzen den, baina gurean hala gertatzen da».

Aitziberren iritziz, bi entsegu oso gutxi dira, «batik bat kantu berriak sartzen badira». Keparen arabera, «arazoa da jendeak uste duela badakiela, baina ez da horrela, pieza berrien kasuan behintzat». Pieza berriak pixkanaka joan behar direla sartzen diote, bizpahiru urteko epean. «Taldeek beraien kasa egin beharko lituzkete entseguak», dio Aitziberrek.

Talde gehiago zergatik ez?

Egun, bezperako danborradan 16 talde ateratzen dira. Eta azken urteetan ez da aldatu kopuru hori. Irteteko asmorik erakutsi duten talde berriak egon arren, «leku falta» dela-eta» ezin izan dute irten.

Kanpaxaren iritziz, «logikoa da» hori. «Izan ere, «talde gehiago sartuz gero, ez legoke lekurik plazan, ezta eliz atarian ere». Kepa Ibarzabalen ustez, bestalde, «lehendik ere antolaketak nahikoa lan ematen du, eta oraindik talde gehiagorekin oso zaila litzateke».

Hala ere, inori aterik ez zaiola itxi nahi diote. «Egunean bertan, goizean, bi talde ateratzen dira urtero-urtero. Eta atera nahi izan duten taldeei esan zaie egun horretan ateratzeko aukerarik badutela. Baina oraingoz ez dira animatu», dio Kepak.

Danborrada sexista?

Danborrada sexista dela ere esan izan dute zenbait azpeitiarrek, kale-oharren bidez. Batetik, zenbait taldetan emakumeak danborra jotzen ateratzen ez direlako, eta bestetik, kantineren kontuagatik. Kepa Ibarzabalek dio ez duela «sekula» horrelakorik entzun, «eta halako arazorik ez» dagoela Azpeitian. Kanpaxa ere iritzi berekoa da: «Horrek ez dauka zentzurik. Eta gehiago esango dut: gure soziedadean –Gure Ametsan– emakume bakarra dago bazkide, eta hainbat aldiz animatu izan dugu danborra jotzen irtetera, baina ez du nahi».

Kantineren kontuan sartuta, Aitziberren iritziz, hor dagoen «arazoa» kanpoko jendea da. «Kanpotik pentsatzen da kantinera ateratzen denak modelito bat izan behar duela. Eta hori txorakeri bat da. Ni bi aldiz atera naiz kantinera, eta bietan oso ondo pasatu dut».

Horren harira, «gure arropek modelito tankera handirik ez dute ba», azpimarratu du, irribarrea ahoan, Kanpaxak. «Gure kantinerek erabiltzen dituzten gonak oso luzeak dira».

Aitziberren arabera, eta ditxosozko arropekin jarraituz, «lehia handiegia dago, jendeak gero eta eleganteagoak egiten ditu; ondo irten beharrarekin, talde askok arropa berriak egiten dituzte, eta oso garestiak dira».

Keparen iritziz, alta, hori talde bakoitzaren erabakia da: «Talde bakoitzak ikusiko du zer egiten duen. Azken finean, norberak ordaindu beharrekoa denez arroparen kontu hori...».

Manuel Altuna, Kepa Ibarzabal eta Aitziber Salegi, hirurak izango ditugu aurten bezperako danborradan. Lehenengo biak Gure Ametsarekin irtengo dira, eta Aitziber, berriz, Amnistiaren Aldeko Batzordeekin, aurten danborra jotzen.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak