Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko maiatzak 16,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2000 »  Urtarrila »  Baraualdia

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Presoak : Sei azpeitiarrek hamar eguneko baraualdia egin berri dute

Herrian ere presoen alde

Iban Arregi

Sei herritar baraualdian egon dira presoen alde 10 egunez. Gizarte sektoreek hartu beharreko konpromisoak lantzen dihardute AABk eta Senideek. Egoeraren larritasuna azpimarratu dute beste behin.

Abenduaren 21etik 31a arte baraualdia egin zuten azpeitiarrak, Sindikatu Zaharrean
Abenduaren 21etik 31a arte baraualdia egin zuten azpeitiarrak, Sindikatu Zaharrean.    (Uztarria)

Presoen ahotsa gero eta altuago entzuten da Euskal Herrian, batik bat haiek azaroaren 1ean gose grebari ekin ziotenetik. Mobilizazioak handik, eskaerak hemendik, protesta ekintzak ere nonahi... Eta Azpeitia ez da gutxiago. Bide horretatik, abenduaren 21etik 31ra baraualdia egin zuten sei herritarrek Sindikatu Zaharrean. Eta Uztarria bisitan izan zuten, beraien iritziak jaso ahal izateko.

Plazatik behera lepoa luzatu orduko somatzen zen giro berezia. Hango kartela, hango erreibindikazioa eta izara mordoa. Aldi berean, nazional mailan ere beste baraualdi bat egiten ari ziren, Senideek deituta, baina azpeitiarrek herriko ekimenari eustea erabaki zuen. Zergatik? Joxe Mari Aizpuru Etxahun Amnistiaren Aldeko Batzordeetako kidearen arabera, «erabaki hau lehendik hartua genuen, nazional mailako baraualdiaren berri izan aurretik, eta herriari lehentasuna ematea erabaki zen; goikoekin kontsultatu eta gero ere bai».

Xabier Etxeberria Txapi ere Amnistiaren Aldeko Batzordeetako kidea da, eta baraualdian izan zen hura ere. Orriak doblatu eta doblatu, han ari zen, gurekin hitz egiteko tartea hartu zuenean. Haren arabera, «baraualdi honekin lortu nahi duguna ez da izan mobilizazio bat edo batzuk egitea, hori baino gehiago izan da; alderdi eta sektore ezberdinen konpromisoa eskatu nahi dugu». Hala, «egoeraren larritasunak bultzatuta», Gabonetan hainbat bilera egin dituzte, hainbat proposamen eskuartean aztertu, eta sektore ezberdinei presoen eskubideen aldeko konpromisoa eskatu: «abenduaren 31ko kontzentrazioa zegoen batetik, eta harekiko konpromisoa eskatu genien sektore ezberdinei; baina horretaz gain, urtarrilera begira eta aurrera begira hartu beharreko konpromisoak ere landu ditugu». Aipatu zituzten ideien artean, urtarrilean-edo herriko gizarte sektore ezberdinek txandaka-txandaka itxialdiak egitea, besteak beste.

Presoen erabakia

«Euskal presoek prozesuan parte hartu behar dutela erabaki dute, prozesuak aurrera egingo badu». Hala dio Xabier Etxeberriak. Eta beraiek ere konponbidearen klabea bide horretatik jasotzen dutela dio. Hala ere, horrekin batera euskal presoak Euskal Herriratzeko inoiz baino lan handiagoa egin behar dela gogorarazi digu Etxahunek, «nahiz eta horrekin nahikoa ez den prozesua gainditzeko».

Euskal gizartearen sektore batek euskal presoen aldeko konpromiso maila altua hartu duela ezin da ukatu. Euskal Herrian egiten ari diren hainbat baraualdi eta protestaldietan parte hartzen dihardutenak dira horren lekuko. Alabaina, AAB eta Senideetatik gizartearen konpromiso handiagoa eskatzen dute: «Behingoz gizarteak hartu behar du beregan euskal presoak Euskal Herrira dinamika, eta aurrera atera». Haien arabera, helburu hori inork lortuko badu, hori gizartea izango da, «baina ez da berez etorriko».

Baraualdian egon diren bitartean, jendearen aldetik konpromiso eta helburu onak, positiboak jaso zituzten baraulariek. Eta gose grebak jendearen kontzientziazioan zerbait gehiago eragin duela ez dute dudatzen. Kilo gutxiagorekin baina ilusioz gainezka, lanerako prest daude, «betiere euskal presoen eskubideen alde».

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak