Iritzia
: Akuilua
Den-dena nahiko nuke
Fernando Morillo (Idazlea)
Iritsi da, azkenik, delako milurtekoa. Bai, badakit zientziak ezetz dioela, benetakoa ez dela hau. Ez dio axola, ordea, logikaren hitzak baino ez baitira. Eta noiztik gara gu logikoak?
Oso oker ez banabil, errege-egun inguruan aterako da aldizkaria; hirugarren alea. Horrekin batera, hiru zeroek badute lilura berezirik. Milurtekoa dela-eta, mila oparien balioa lukeen oparia eskatzea zilegia ote?
Edozer nahi denean, eskatzea da lehenbiziko urratsa. Nork bere buruari eskatzea, alegia. Ez gaitezen motz gera. Zerbait ezinezkoa denean, hori onartzen ez dutenek soilik lortu ohi dute ordura arte posible ez zena, besteak begira gelditzen diren bitartean. Ez al litzateke huts egite nagusiena izango gure irrika handienak, ezinezkoak diren aitzakiapean, baztertzea? Eska dezagun, hortaz. Eska dezagun den-dena. Batek daki, agian merezi dugu.
|