|
|
|
Udala: EAJ-EA akordioa
: EAJk eta EAk itxi dute, asko kostatu ostean, udal akordioa
Lau urterako oinarria
Enekoitz Esnaola
EAJk eta EAk egina dute lau urteetarako programa osoa. Akordio orokorra sinatu eta hilabete pasatxora itxi dute. Egonkortasuna nahi dute bi alderdiek, zenbait gaitan adostasunik ez duten arren.
|
|
Azpeitiko udaletxea.
(Iñaki Uranga)
|
|
Nekane Larrañaga, EAko zinegotziak berak azaroan esan zuen «asko kostatu» zitzaiela EAJri eta EAri berari udal akordio orokorra lortzea hurrengo lau urteetarako, eta orain ere bilera bat baino gehiago egin behar izan dituzte bi alderdiek akordioko xehetasun guztiak puntu-puntuan jartzeko, akordio orokorra sinatu eta hilabete pasatxora itxi baitute programa guztia. Uztarriak berak labetik irten berria jaso zuen, abenduaren 29an.
Aurreko legegintzaldian ere EAJ-EA akordioa egon zen udaletxean, baina legegintzaldi bukaeran EAk kritikatu egin zuen Jose Mari Bastida alkateak gauzak eramateko zeukan politika, eta oraingoan EAk garrantzi handia eman dio udal jarduerari, «eta ondo sakondutakoa eta ondo zehaztutakoa da», Nekane Larrañagaren hitzetan. Hala, biek jarduera-oinarriak sinatu dituzte, eta asmoa «alderdikerien gainetik egongo den elkarrizketa eta elkar aditzean oinarritutako udal politika egitea da».
Itunaren jarraipena egiteko, talde bat eratu dute, alderdi politiko bakoitzeko bi kidek osatua, eta bilerak, oro har, hiru hilabetetik behin egingo dira.
Egonkortasuna nahi dute «eta gatazkak sortuko balira, horrek ez du izan behar itunaren haustura edo beligerantzia gertatzeko arrazoi, adostasunik ezaren adierazpen hutsa baizik».
Euskal Herritarrok da, orain, oposizioko alderdi bakarra, eta EHkoek ere abenduaren bukaera-bukaeran jaso zuten akordio osoa, eta bertako kideek Uztarriari esan zioten programa «ondo» irakurriko zutela balorazio bat egin aitzin.
|