|
|
|
Uztarria herri aldizkaria
: Uztarriaren eskaerak udalari
Ezinbestekoak eta premiazkoak
|
|
Azaroaren 5ean banatu ziren lehen aleak.
(Koldo Eizmendi)
|
|
Uztarria herri aldizkariak eskaera batzuk egin dizkio Azpeitiko Udalari azkeneko asteetan, baina oraindik Uztarriak ez du inolako erantzunik jaso. Eskaerak premiazkoak dira, baliabide aldetik halamoduz ari baikara aldizkaria egiten. Beharrezkoak ere badira, herri proiektu zabal hau aurrera ateratzeko ezinbestekoak direlako. Honatx eskaerak:
LOKALA
Uztarria Kultur Koordinadorako kideak AEKren egoitzan bildu dira astero koordinadora bera 1998ko martxoan sortu zenetik, eta eskertu egin behar zaio hori AEKri. Baina orain herri aldizkaria atera dugu, eta modu txukun eta duin batean lan egin ahal izateko, behar dugu lokal propioa. Horixe bera eskatu genion Azpeitiko Udalari urriaren 21ean. Hurrengo egunean sartu genuen eskaera. Baldintza hauek bete beharko lituzke lokalak:
- - Herriaren erdian egon behar du kokatuta.
- - Uztarriak bertako giltza eduki behar du, hara lanera edozein ordutan joan ahal izateko
- - Lokalak egokituta egon behar du
- - Lokalak 30-35 metro karratuko izan behar du, lana eroso egiteko.
MATERIALA
Lokalaz gain, materiala ere behar da lana ondo egiteko. Hori dela eta, honako inbertsioa egiteko eskatu du Uztarriak udalari:
- - Bi ordenadore Macintosh erostea udalak
- - Scanner bat erostea
- - Inpresora bat
- - Argazki kamera bat
- - Bestelakoak: telefonoa, mahaiak, aulkiak, apalak...
Guztira ia milioi bat pezetako aurrekontua izango du horrek, baina kontuan hartu behar da gastu hori behin egingo dela eta material horrekin urte askotan egingo ahal izango dugula lan.
DIRULAGUNTZA
Uztarriak 2000. urterako hamar milioi pezetako aurrekontua du prestatua (bi langile horretara jartzeko asmoa dugulako, koordinadorak badituelako beste lan batzuk). Aurrekontuetan diogunez, dirulaguntzen %40 erakunde publikoetatik espero dugu. Ez dakigunez 2000. urtean Eusko Jaurlaritzak zenbat emango digun, hau eskatu diogu udalari:
- - 2000. urtean lau milioi pezetako dirulaguntza ematea.
- - 1999 ko bi aleetarako 600.000 pezeta ematea.
BESTERIK
- - Harpidedun eta bazkide kanpainan zehar udaletxe azpian buzoia uzten jartzea.
- - Azpeititik kanpo bizi diren azpeitiarren helbideak ematea, haiei lehen alea bidaltzeko, haien harpidetza lortzeko helburuarekin.
|