Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  1999 »  1999-12 »  Topaketak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Antzerki Topaketak : Hiru estreinaldi izango dira hil honetan Zelaitxo aretoan

Abenduan azken txanpan dira Antzerki Topaketak

Iban Arregi

Hil honetan bukatuko dira Antzerki Topaketak. Hika, Lakrikum eta Kalakariak taldeek estreinuak egingo dituzte. Sari banaketa, Santo Tomas egunean, ez da ohiko orduan egingo, eguerdian baizik.

Maskarada taldekoak, Izarretako Bitakora obran
Maskarada taldekoak, Izarretako Bitakora obran.    (Ińaki Uranga)

Azpeitiko Antzerki Topaketen aurtengo edizioa azken txanpan sartu da abenduan. XVII. edizio honetan, aurrekoen bidetik, antzerki profesionala, amateurra eta eskola mailakoa ikusteko aukera izan da eta dago, eta Azpeitiko Udaleko kultur teknikari Pili Arrietak esan digunez, «oinarrizko helburua, nola ez, euskaraz egindako antzerkia bultzatzea da».

Abenduan, gainera, hiru estreinaldi izango dira Zelaitxo aretoan. Batetik, Hika talde ezagunak EuskalOFF 2.050 antzezlana estreinatuko du, hilaren 3an. Ikuskizun horrek dantza, poesia eta umorea nahastuko ditu. Nolabait esateko, ahotsa galtzen ari diren herri txikiei buruzko istorioa kontatuko du. «Primizia bat da, eta ez da komeni estreinaldia aurreratzea. Interesa duenari Zelaitxora azaltzeko gomendioa egiten diogu», dio Pili Arrietak.

Ordea, izango da beste estreinaldirik Zelaitxo aretoan: Kalakariak eta Lakrikun talde amateurren eskutik, hain justu. Bi estreinaldiok abenduaren 10-ean eta 18an izango dira, hurrenez hurren. Azpeitiko taldea da Lakrikum –Alaitz Olaizola azpeitiarrak idatzi du taldearen obra–, eta haien estreinaldiarekin bukatuko dira aurtengo topaketak.

Hilaren 18a bitartean guztira zazpi obra izango dira ikusgai abenduan, ikastetxeen antzerki topaketak alde batera uzten badira. Izan ere, aurreko urteetan gaztetxoek egindako antzerkiari garrantzia eman izan bazaio, aurten ohi baino gehiago iraungo du ikastetxeen antzerki topaketak: bost egun, ohiko hiruren ordez. Haur Hezkuntzatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza arteko bederatzi ikasle taldek hartuko dute parte.

Sari banaketa 21ean

Antzerki Topaketen aurtengo edizioan Nemesio Etxaniz zena omendu dute. Hala, hari buruzko irrati lehiaketan dihardute Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako ikastetxeek. Etxanizen omenez idatzitako liburua ere aurkeztu zuten, azaroaren 11n hain justu.

Nemesio Etxaniz 1899an jaio zen Azkoitian, eta 1982an hil. 1924an apaiz egin zen, eta handik aurrera euskalgintzan lan asko egin zuen, baita antzezlan ugari idatzi ere. Irratsaioak ere egin zituen idazle azkoitiarrak.

Aurtengo edizioko sari banaketan ordu aldaketa dago, Pili Arrieta kultur teknikariak azpimarratu digunez. Ohikoa denez, Santo Tomas egunean emango dira sari guztiak, baina aurreko urteetan arratsaldean ematen baziren, aurten eguerdian emango dira (12:30etan), udaletxean, «eguneko parte horretan giro hobea egoten da eta». Hilaren 21ean banatuko dira, beraz, sariak, betiko moduan banatuko ere, taldeen kategoriak kontuan hartuta.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak