Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 14,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  1999 »  1999-12 »  Elkarrizketa

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Elkarrizketa : Jose Luis Otamendi (Idazlea)

“Gertaera gogorrak jende soilak nola bizi dituen kontatu nahi izan dut”

Xabier Alday

Bere zazpigarren liburua argitaratu berri du Jose Luis Otamendi idazle azpeitiarrak: Euri kontuak. Poesiatik narratibarako jauzia egin du oraingoan. Azpeitiarekin zerikusia duten hainbat pasarte daude liburuan.

 

Aspalditik zaude literatura munduan. Nola hasi zinen?

Literatura izan liteke neurri batean nerabetzaroaren gaitz bat. Zeu nor zaren eta nor izango zaren galderak eta bide ezberdinak frogatzeko orduan, mundu honetako ibilerak erraztuko zizkidan tresna bezala topatu nuen nik literatura. Helduen munduan sartzera zoaz eta buruari galdetzen hasten zara ea zer datorkizun gainera. Alde horretatik, eremu pribatu bat da, besteengana iristeko bide bat, inoren menpe egon gabe jardun eta zeure mundu txiki bat landu ahal izateko aukera.

Euskarak izan al zuen zerikusirik orduan?

Noski, garai haietan euskararen konponenteak izango zuen pisu handi bat, euskaraz zerbait egiteko gogoa.

Poesiarekin hasi zinen, eta teatroa landu zenuen bigarren liburuan.

Poesiarekin abiatu nintzen, beharbada literaturan abiatzeko biderik errazena hura delako, baina ez nuen antzerkiarena poesiatik oso urruti ikusten. Orduan egiten nuen poesiarekin nire mezua gizarteratzeko bide errazagoa eskaintzen zidala uste nuen, ez taularatzeko itxaropen handirik nuelako. Teorian, hizkuntza leunagoa da, pertsonaiak drama batean mugiarazten dira, tonu narratibo batean. Horrek tentatzen ninduen. Ez nuen nire burua narratiban ikusten, baina bai pertsonaia batzuk zerbait esaten eta egoera jakin batean.

Bestetik, zergatik kokatu zinen hasieratik garaiko poesiaz beste koordenadutan?

Niretzako oso garrantzitsua izan zen hasiera-hasieratik Koldo Izagirre ezagutzea. Ez dut nire urte haietako jarduna azaltzen Koldo gabe. Garaiko joeretatik apur bat desberdina izatea gerora aipatutako zerbait da. Esan izan da nitasun oso markatua adierazi dudala, baina ni ez naiz neure artekoekin hain desberdina ikusten. Oso lirikoa eta minimalista deitu izan naute, baina nik ez daukat batere argi.

Hurrena Susan sartu zinen.

Lehenik Koldorekin banuen harremana. Gero ikasketak amaitu eta lanean hasi nintzen. Susako jendea ezagutzen nuen, baina ez nuen harreman esturik haiekin. 1987an, Susa argitaletxe bihurtu zenean, taldearen babes bila jo nuen, eta niretzat oso inportantea izan zen, eta nire geroko jardunean garrantzi handia izan du Susaren babesak. Berriro Koldo Izagirrerekin topatu nintzen, eta Inigo Aranbarri, Josu Landa, Gorka Arrese eta Edorta Jimenezekin (lehendik urrutitik ezagutzen nituen) hartu-emanak gehiago estutu nituen.

1995ean, Lur bat zure minari poema liburuarekin, egitura narratiboagoa dute poemek, karga lirikoa dimentsio handiagoetara iristen da... Nolatan, ibilbide finkatu bat ezarrita zeneukanean, halako aldaketa bortitza?

Behin eta berriz liburu oso antzekoa egiteko arriskua ikusi nuen. Neure jardun horretan segitzeko bideak oso mugatuak zirela konturatu nintzen. Neure burua errepikatzeko arriskuaz jabetu nintzen. Baina horretaz ere gerora konturatu naiz, denborak emandako perspektibaz. Bai, egiteko modu batean akomadatzen ari nintzen. Beti esaten duguna beste era batean esatera iritsi nahi nuen. Mezuan ere ematen ditugu itzuli-mintzuliak, gure ingurua ere aldatzen den heinean, baina mezua baino gehiago, esateko formak eta aldatuko dira. Lehengo liburuetan nagusi zen nitasun itxia irekitze aldera egin nuen.

Hizkuntza aldetik, bizkaiera ukitua du liburu hark. Zer dela eta?

Izan ere, baditut nolabaiteko kezka eta zalantzak gipuzkeran nagusiki oinarritutako euskara ofizialaz... Konturatzen zara azken finean euskara guztiak direla euskara, baldin eta zerbaitetara iritsi nahi badugu. Nik uste bestela gipuzkeran oinarritutako euskara, hizkuntza ortopedikoa litzatekeela.

Euri kontuak da zure azken liburua, eta ipuin sorta da. Badira hango kapituluetan gure azkeneko historia mingarrienaren atal beltzenen islak; Miguel Angel Blanco eta Jose Luis Gerestaren hilketak, esaterako.

Gure egunerokotasuna urte askotan gertaera gogorrekin markatuta egon da, baina ipuinak banan-banan hartuta ez dut uste horrenbesterako denik. Historia ofiziala baino gehiago, jende soilak nola bizi izaten ditugun marko horietan islatu nahi nuen. Ekintza zuzenak ez du protagonismoa hartzen ipuinotan, oso presente dago. Garai baten testigantza izan nahi du. Saiatu izan naiz –agian batzuk horrela ikusi ez arren– mezu panfletarioetatik ihes egin eta, marko koiuntural bat presente egonda ere, literatura nola egin litekeen azaltzen. Eguneroko bizimoduari aurre egin beharra daukagu. Egunerokotasuna nola bizitzen dugun islatzea asko interesatzen zitzaidan; asko gogorarazten didate Robert Kaplanen argazkiak, erretaguardiago jendearen bizimodua.

Ia ipuin guztietan ageri da Azpeitia, pertsonaia bat gehiago balitz bezala, eta ia guztietan haria pertsonaiek aurre egiten duten kontraesana da.

Nik ikusten ditut eguneroko bizitzan egiten ditudan hankasartzeak, baita besteenak ere, eta nire ustez hor dago grazia, zerbait ikasiko badut. Kontraesanen aurrean erne egoteak badu bizitzaren aurreko etika baten karga edo esanahia. Bizitzaren alderdi hori azpimarratzea nahi nuen ipuin liburu honetan, gure miseriak eta gure karga humano guztia eskaini. Gaur egunean gutxi dira heroiak, baina ez dut uste nire pertsonaiak anti-heroiak direnik; jende arrunta da bertan azaltzen dena, baina jende arruntak irteera zoragarriak ere baditu.

Bestalde, Euri kontuak-en badira bereziki umore beltzez jantzitako ipuinak ere. Zergatik?

Galtzailearen ironia da, baina ez bentzutuarena, makurtzen ez denaren arma. Ipuinak zerbaitegatik salbatzen badira, ironia karga horregatik da. Ironia horrek ipintzen gaitu bizitzaren aldera. Pertsonaiei gauzak gaizki ateratzen zaizkie, baina behintzat saiatzen dira zerbait egiten. Nolabait itxaropena islatzen dute haiek, bizitzaren eta bizitzaren alde

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak