Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 12,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  1999 »  1999-12 »  Iritziak »  Gabonak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Iritzia

Gainean ditugu dagoeneko Gabonak

Kepa Susperregi

Gabonetan, gabonetan....»; «Olentzero joan zaigu mendira lanera...».

Egun gutxi barru entzungo dira gure inguruan gabon kanta ezagun hauen eta beste batzuen doinuak.... Herriko dendetako eskaparateetan era guztietako opari eta janariak izango ditugu aukeran; eta gure herriko kale bazterrak, kolore ezberdinetako bonbilaz osatutako irudiz (kanpai, izar,....) apaindurik, argiturik azalduko zaizkigu. Abendua izango dugu, eta abenduarekin batera, geurekin izango ditugu Eguberri jaiak, Gabon jaiak. Hamabost eguneko epean, era ezberdinetako ospakizunak izango ditugu gure artean.

Aukera izango dugu, herriko kale eta gure etxe ateetan, ume eta gaztetxo taldeen kantak entzuteko; jaiotzen erakusketa ikusteko. Julian Barrenetxeakoak ere kalez kale aterako zaizkigu herriko kaleak gabon doinuz betez; betiko koadrilarekin elkartuko gara eta, zerbait hartuz, gure bizitzaren berri eskainiko diogu elkarri. Eta azkenik, gabon gauez, familiakoekin bat eginez, Gabon gaua ospatuko dugu; hori bai, gure familietan eta herrian, heriotza, espetxea edota erbestea direla-eta falta zaizkigunak oroituz.

Ez dira ez, hor amaitzen Gabonak gure herrian. Parrokiako Jaiotzan Periko Moxala eta bere lagunak ikusteko garaia ere izango da. Parrokiako Korukoekin bat eginez Pastoralis izeneko mezaren doinuak entzuteko parada izan genezake. Herriko Bandakoek eta txistulariek ere alaituko dituzte egun hauetan gure herriko plaza eta kale bazterrak. Urte zahar gauez kalera ateratzeko aprobetxatuko du zenbaitek. Urte berri goizez, Lagun Onak mendizale elkartekoekin batera Xoxote eta Erlora beste mordoska batek. Errege bezperan ere, Erregeen Kabalgataz gozatuko dugu umeekin batera.

Bai, garai berezia da Gabonetako hau gure herriko bizitzan, baita gutako bakoitzaren bizitzan ere. Baina, zer dela-eta halako joan-etorria?

Bi ospakizun ezberdin ditugu bat eginik Eguberri-Gabonetako jaia hauetan.

  1. - Naturaren erritmoa gogoan hartuz aspaldidanik ospatzen da gizakien artean neguko solstzioa, negu-burua. Kristautasuna sortu baino lehenago, Eguzkiaren eguna ospatzen zuten erromatarrek abenduaren 25ean, neguko solstizioa, negu-burua aprobetxatuz.

Olentzerok berak ere, Euskal Herriko Gabon jaien sinboloa duguna, garai batean eguzkiari eskaintzen zitzaion kultuarekin omen du zerikusia. Honela aipatzen du Julio Caro Barojak berak ere, Estudios Vascos liburuan: «Olentzeron nortasuna kristau ohituretan oinarritzen dela uste izatea memelkeri hutsa da... Olentzeron festa eta mitoa negu-buruaren inguruan antolatzen ziren festa haietako batean kokatzen da».

Gure artean, gaur egun, nekazal kultura ez da nagusi. Gure gizartean, naturaren garai ezberdinak, estazioak beste era batera bizi ditugu, baina, hala ere, urte baten amaierak eta urte berriari hasiera emateak eragin berezia izaten du gutako bakoitzarengan, baita gizartean ere.

  1. - Bigarrengo ospakizunak kristau sinesmenarekin du zerikusia. Eguberri jaiak esan nahi handikoak dira sinestunontzat. Laugarren mendeaz geroztik Jesusen jaiotza ospatzen baitugu kristauok Eguberri egunez, abenduaren 25ean. Egunotan, Belen inguruan entzun zen albistea oroitzen eta ospatzen dugu: «Berrion pozgarria dakarkizuet, bai zuentzat, bai herri osoarentzat ere: Salbatzailea, hau da, Mesias Jauna, jaio zaizue gaur Dabiden herrian». (Lk 2, 10)

Horixe da, hain zuzen, gure artean ezagunak diren hainbeste gabon-kanta, ospakizun eta ohituren oinarria, sustraia. Guztiek, izan ere, gure bihotz barnea Jainkoaren misterioari begira jartzea dute helburu; «Jesusengan gertuko agertzen zaigun Jainkoaren misterioari» begira.

Gainean ditugu, jada, Gabonak. Eskerrak, beren izerdi eta buruhausteez, lehen aipatutako ekintza guztiak eta ahaztuko zitzaizkidan hainbat ekimen aurrera ateratzen ahalegintzen direnei. Eguberri eta Urteberri zoriontsuak izan ditzazuela guztiok.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak