|
|
|
Iritzia
: Amuko zubitik
Kontuak kontu, beti ume
Xabier Alday
Azpeitiak duen azpiegiturarik aberatsenetakoa probintzia-hiriburuak kenduta km2-ko ikastetxe gehien dituen herrietakoa dela da. Noski, ikastetxe bakoitzak du bere jolas-lekua. Nahi baino urrutiago geratu zaizkidan urteak errepasatuz, oroitzen naiz, egunero eskolan sartu baino ordu erdi lehenago inguratzen ginela dela pilotan jolastera, dela saskibaloian aritzera... Irtendakoan, ilundu artean jarraitzen genuen; maiz gu baino handiagoak zirenek pilota edo baloia kendu eta haien atzetik, erreguka izaten gintuzten. Inoiz belarrondokoren bat hartuta, etxera jertse urratu eta zikinarekin itzulitakoan, amaren errieta afaltzen genuen. Asko aldatu dira kontuak. Batetik, gutxiago omen dira haurrak. Bestetik, partikularetara lehen baino gehiago joaten dira.
Halere, gehiegi dira amaren eskutik kafetegietako tertulietan, lekuz kanpo, gorputzak bestelakoa eskatzen dietela aurkitzen ditudan umeak. Eurak dute gure herriko bizitzaren ardura hartzeko obligazioa; adibidez joan zen urteko Eguberrietan, bakoitza alde batetik zebiltzan herriko korukoak eta presoen etxeratzea eskatzen zutenek enparantzan elkartu eta guztiak batera abestuz eskaini zuten bezalako adibideekin, pentsakera ezberdinekoak elkarrekin asmo berak gidatuta sorbaldaz sorbalda lan egin dezakeela azalduz. Horrelakoekin neurtuko dugu Ludotekak eta Izarraitz frontoian irekitzen dituzten gazteentzako egoitzen emaitza.
Horregatik ez dut ulertzen 18 urtetik gorakoek zergatik ez duten oraindik gazte-gunerik. Izan ditzazuela Eguberri oparoak eta Urte Berri ezinhobea!
|