Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 6,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  1999 »  1999-12 »  Udala

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Udala : «Proiektuak bateratu» dituzte eta «herria izango da irabazle»

EAJk eta EAk gobernatuko dute atzera Azpeitiko Udalean

Enekoitz Esnaola

EAJk eta EAk gobernatuko dute berriro Azpeitia. Azaroaren 19an sinatu zuten akordioa, eta EAJk zortzi batzorde edukiko ditu eta EAk lau. EHk dio oposizio sendoa egiten saiatuko dela.

Nekane Larrañaga eta Jose Mari Bastida, akordioa sinatzen, azaroaren 19an
Nekane Larrañaga eta Jose Mari Bastida, akordioa sinatzen, azaroaren 19an.    (Pepe Gil - DV)

Asko kostata –udal hauteskundeak ekainaren 13an izan zirelako-, baina Azpeitiko Udalean ere bada akordiorik 1999-2003. legegintzaldirako, Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ) eta Eusko Altasuna (EA) ados jarri baitira, Uztarriak aurreko alean iragarri bezala. Hain zuzen, azaroaren 19an sinatu zuten akordioa udaletxeko areto nagusian bi alderdiek: Jose Mari Bastidak EAJren aldetik eta Nekane Larrañagak EAren partetik. Maria Jesus Bastida (EAJ) eta Javier Beobide (EA) ere mahaian izan ziren.

Gauzak horrela, berriro bi alderdi haien artean egongo da udaleko gobernagarritasuna, azkeneko legegintzaldian ere bien arteko akordioa egon zelako. Eta, berriz ere, Ezker Abertzalea da oposizioan geratu den bakarra; aurreko legealdian Herri Batasuna, eta oraingoan Euskal Herritarrok (EH).

Hitzarmenaren arabera, EAJk zortzi batzorde izango ditu bere ardurapean, eta EAk lau.

Bada beste aldaketa bat udalean: lehen bederatzi batzorde zeuden, eta orain hamabi, Ingurugiroa, Komertzioa eta Turismoa, eta Gazteria batzordeak sortu baitira.

Horretaz gain, badira udaletik landa dauden beste erakunde publiko batzuk, eta haiek ere badute jada arduradun nagusirik. Hala Kirol Patronatuko burua Alejo Uranga izango da (EAJ), Euskara Patronatukoa Nekane Larrañaga (EA), 4R Fundaziokoa Aitor Aranguren (EA), Azpeitiko Industria Lurrekoa Jose Mari Bastida (EAJ), Urkomekoa Iñaki Olaizola (EA), eta Azpeitia Lantzen-eko kudeaketa bi alderdi haien artean egingo dute.

«Azpeitiarrontzat lanean»

Jose Mari Bastida eta Nekane Larrañaga gustura gelditu dira akordioa sinatu izanagatk. «Nik uste albiste pozgarria dela gertuen dauden bi alderdion akordio hau azpeitiarrontzat», esan zuen Jose Mari Bastidak. Eta Azpeitiaren alde lan egingo dutela azpimarratu zuen jarraian. «Azpeitiarrak gu aukeratu gaituzte herria gobernatzeko, eta guk azpeitiarren alde egingo dugu lan. Azpeitia jasotzen ahaleginduko gara datozen lau urteetan».

Nekane Larrañagak, berriz, esan zuen «asko kostatu» zaiela akordiora heltzea, baina «balorazio ona» egiten duela EAk. «Ondo sakondutako akordioa da, ondo zehaztutakoa legealdiko programa batean. Bi alderdien diferentziak albo batera utzi eta herriari erantzun nahi izan diogu. Herria aterako da irabazle».

Legealdi honetan EAJren eta EAren artean iritzi desberdinak gertatuko direla esan zuen EA-ko kideak, «eta horregatik Jarraipen Batzorde bat osatu dugu, desadostasunak konpontzeko».

Programaren zertzelada batzuk bota zituzten prentsaurrean –«proiektuak bateratu ditugu, eta herrian lau urtean egongo diren beharrak kontuan hartu ditugu», zioen Larrañagak–, eta akordio-programa osoa aurki etxez etxe banatuko dutela esan zuten. Uztarriak eskatu die, baina hilaren 1ean artean erabat idazteke zuten EAJ eta EAk.

Batzordeburuak

  • Hirigintza: Jose Mari Bastida (EAJ)
  • Barne Saila: Iñaki Etxezarreta (EAJ)
  • Hazienda: Aitor Gorrotxategi (EAJ)
  • Zerbitzu sozialak: Maria Jesus Bastida (EAJ)
  • Kirolak: Alejo Uranga (EAJ)
  • Komertzioa-Turismoa: Javier Iraeta (EAJ)
  • Gazteria: Larraitz Olaizola (EAJ)
  • Kultura: Nekane Larrañaga (EA)
  • Ingurugiroa: Aitor Aranguren (EA)
  • Festak: Javier Beobide (EA)
  • Baserriak: Iñaki Olaizola (EA)

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak