Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 8,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  1999 »  1999-12 »  Udala »  EH

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Udala

EHk dio «oposizio sendo eta txukuna» egiten saiatuko dela

EHko sei zinegotzietatik bostek azaroaren 27an emandako prentsaurrean
EHko sei zinegotzietatik bostek azaroaren 27an emandako prentsaurrean.    (GARA)

Ezker abertzalea berriz ere oposizioan geratu da; lehen Herri Batasuna (HB), eta orain Euskal Herritarrok (EH). Azkeneko udal hauteskundeetan HBtik lau zinegotzi izatetik sei izatera pasatu zen EH, eta EAJ irabazlearengandik 200 boto eskasera gelditu zen, eta harrezkero hiruna bilera egin ditu EHk EAJrekin eta EArekin, baina EHkoek azaroaren 27an emandako prentsaurrean esan zutenez, «EAJk ez zuen proposamen zehatz bat bera ere egin». EAk, berriz, iritziz aldatuz jardun duela zioten EHkoek.

Udala «demokratizatzearen helburua» dauka EHk, eta hori dela medio, bilera haietan «beti» puntu berak jarri zizkien besteei mahai gainean: «Hiru alderdi politikook ordezkaritza eta ardurak izatea udal batzordeetan eta udaletik kanpo dauden erakunde publiko guztietan; ordezkaritza eta ardurak proportzionalak izatea; udal batzorde eta erakunde publikoetako bilerak herritarrentzat irekiak izatea; udalak adjudikatzen dituen obra eta proiektuak enkante bidez adjudikatzea; udal langile guztien kontratazioak oposaketa bidez egitea; herri aldizkaria babestu eta bultzatzea; Lizarra-Garazi ekimena herrian sustatzea; Udalbiltza dela-eta, guri dagozkigun bitarteko guztiak bideratzea».

EHk zioen, berriz ere oposizioan geratu arren, orain arte presentzia «ukatu» dioten erakunde batzuetan sartu dela, «baina Azpeitiko Industri Lurra eta Lapatx Mankomunitatetik kanpo utzi gaituzte berriro».

Langile liberatuen kontuak ere irten du bileretan, eta Bastida alkateak proposatutakoari ezezkoa eman dio EHk. «EAJk eta EAk adostu dutenez, EAJk bi liberatu oso izango ditu, eta EAk bi erdi. Guri liberatu erdi bat eskaini digute, baina ez dugu onartu, Azpeitiko Udalak ezin duelako inola ere, beste herriek ez bezala, hiru liberatu eta erdik suposatzen duten diru-kostua asumitu».

EH «oposizio sendo eta txukuna» egiten saiatuko da. «Badakigu herri honetan gauzak aldatzen ari direla, eta aurrera begira ere ziur gaude herritarren eta herriko taldeen laguntzarekin gauza asko egiten asmatuko dugula».

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak