|
|
|
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa
Joxe Agirreren azkena
Ziurrenik Joxe Agirreren azkenengo txapelketa izan da honakoa. Agirrek berak esan digunez, «berriro txapelketa batean parte hartzea zaila izango da». Gainera, aurtengoan taldekakoa izan delako irten duela dio. «Banakakoa balitz ez nukeen berehalakoan parte hartuko». Txapelketak ez ditu sekula gustuko izan: «Ez dut sekula gogorik izaten txapelketetan parte hartzeko; asko sufritzen dut, oso urduri jartzen naizelako».
Bestela, txapelketa honetan uste baino gusturago ibili dela esan digu Agirrek. Bide horretatik, gazteekin oso gustura ibili dela dio: «Oso ondo konpontzen naiz gazte jendearekin, jatorrak direlako». Bertsolari edadetuen artean gazteekin gehien ibiltzen dena bera dela azpimarratu du, gainera. Txapelketan jarri dizkioten gaiekin ere «kexatzeko arrazoirik ez» duela nabarmendu du.
Txapelketetan pasatzen duen urduritasuna deskribitu zuen Agirrek Oñatiko azken agurrean. «Saioen aurretik estuasun handiak pasatu ditut, eta hori islatzen du bertso horrek». Oñatin botatako hau da txapelketa batean Joxe Agirre handiak bota duen azken bertsoa:
Erreparua hartu
aitonan hitzari:
zahartu ta heldu diot
aldapa latzari;
nolako estuasunak
eman bihotzari,
zati bat kentzen ai naiz
nere bizitzari,
ta eskeiniko diot
bertsolaritzari.
|