|
|
|
Behobia-Donostia
: 155ek izena eman eta 134k bukatu zuten Behobia-Donostia
Bada afizioa herrian!
Josu Azpillaga - Igor Aramendi
Azpeitiar ugarik bukatu zuen azkeneko Behobia-Donostia: 134 lasterkalarik. Herrian zaletasun handia dagoen seinale. Martxoaren bukaeran beste erronka bat dute haiek: VII. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia.
|
|
Axkioala (1. planoan), Eneko Goenaga (1257) eta Alex Sudupe (2372).
|
|
|
|
Mikel Arregi, Asier Bereziartua, Mikel Olaizola, Igor Ibarguren eta Asier Elustondo, lasterketa hasi aurretik Behobian, hotza pasatzen.
|
|
Dudarik ez dago Azpeitian ikaragarrizko afizioa dagoela atletismoarekiko. Eta, bestela, hemen datu bat: 20 kilometroko proba gogorra da Behobia-Donostia (aldapa ugari dago), baina, hala ere, Aradi kirol dendan herriko 155 lasterkalarik eman zuten izena azkeneko edizioan (azaroaren 14koan) parte hartzeko. Gero, probaren egunean, egundoko hotza egin zuen, euria ere bota zuen, baina oztopo guzti-guztiei aurre egin eta 155 haietatik 134k bukatu zuten. Bada, afizioa, bai.
Datu hori oso handia dela ohartarazteko, horratx beste datu bat: Zarautzen Azpeitia baino jende gehiago bizi den arren, Behobian 90 bat zarauztarrek bukatu zuten proba.
Martxoaren azkeneko igandean (aldaketarik ez bada) beste erronka bat izango dute azpeitiar haiek guztiek: VII. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia.
Diego Garciaren agurra?
Azpeitian bizi den azkoitiar ezagun batek ere korritu zuen Behobian: Diego Garciak. Baita bikain korritu ere, bigarren izan zelako, ordubete azpiko markarekin (59:58). Lehengo igandean, berriz, Donostiako maratoian hartu zuen parte, han ere ederki, bigarren bukatu zuelako, 2:12:34ko markarekin. Orduan iradoki zuen atletismo profesionala utzi egingo duela. 38 urte ditu Diego Garciak.
|