|
|
|
Iritzia
: Azketako ura
Konfesaleku berriak
Joxe Luis Aizpuru
Ederki ikasi dut azken hilabeteetan miborra desagertzear dagoela, eta bere ordez euroborra datorkigula gizen eta indartsu. Ez omen da izango bien artean diferentzia nabarmenik, baina Europako konbergentziaren kontuak omen dira... Diferentziala 0.70etik gorakoa bada, kontuz! Iruzurra hor nonbait! Interes hipotekarioak 3,5 gainditzen badu, beste banku edo kutxaren batera joan behar omen da negoziatzera. Hasierako komisiorik ez omen da ordaindu behar, eta korretajearekin adi! Etxe bat erosteko asmotan dabilen nehork jakin beharreko aitagureak dira.
Lezioa ikasi ostean abiatu naiz gaur egungo fede-elizetara. Gestión-Gestioa izeneko gela elegantea da nire helmuga. Bekatuak aitortu dizkiot apaiz-gestoreari, eta damu det jauna abestu ostean haren bedeinkapenaren zain geratu naiz. Bekatuak handiak izango-edo, eta 30 urteko agur-mariak esateko eskatu dit, eta hilero 50 aintza-aitari. Nire bekatuak beste inon baino errazago barkatuko dizkidatelakoan, gustura atera naiz. Orain penitentziari ekin behar diot. Diario Vasco-ko Ventas darabilkit Biblia gisa eta agentzia inmobiliarioak dira nire apostuluak. Toki guztietan daude: jatorrak dira batzuk eta berritsuak gehienak. Hala ere, mesfidati eta errezeloz begiratzen diet. Hasi da nire 40 eguneko baraualdia.
|