|
|
|
Elkarrizketa
: Joseba Lazkano
Azpeitiarren laguntza behar duen proiektua
Ez da esku hutsik etorri Joseba Lazkano. Felisa Elustondo azpeitiarraren izena daraman Granja eskola hobetu nahi duen proiektu baten aldeko laguntza jasotzen aritu da asteotan herrian.
Motibazio berezia omen du horretarako Joseba Lazkanok. «Izan ere, Fe y Alegría eta Azpeitiaren artean bada holako lotura bat. Mugimendu haren fundatzaile eta 30 urtez zuzendari orokorra Chilen jaiotako azpeitiarra izan zen: Jose Maria Velaz Irazu. Bigarren zuzendaria, haren anaia Jose Manuel. Hirugarrena, eta gaur egungoa, Jesus Maria Orbegozo Egiguren, azpeitiarra hau ere; Nazioarteko Federazioko Lehendakaria ere hura da. Gainera, konprometituta gaude beste hainbat azpeitiar ere: Sebastian Altuna Bengoetxea, Isidro Gurrutxaga, Miguel Odriozola Mujika, Jesusa Larrañaga, eta neu. Garrantzitsua izan da gainera, Pello Alberdik eskainitako laguntza».
Esku artean dakarren proiektu zehatzak ere badu zerikusirik Josebaren jaioterriarekin. Proiektuan bultzatu nahi den granja agroekologikoa sortzearen ideia, Azpeitiko erdi kalean jaio zen Felisa Elustondo monjarena izan zen, eta egun bere izena darama. Felisak, beste hainbat erlijiosoren antzera, eskola batean egiten zuen lan, Tobar hirian. Hala ere, eta jende behartsuenez kezkaturik –nekazariez–, haien alde zerbait egin behar zela iruditzen zitzaion. Hala, nekazarien ingurunean lur batzuk erosi eta bertan nekazal eskola sortzea bururatu zitzaion. «Nik –dio Josebak– nekazal eskola honetako lurrak lehenbiziko aldiz ikusi nituenean, oso inpresio txarra jaso nuen, oso kaskarrak zirelako. Baina honek badu bere logika, nahita erosi baitziren lur haiek, nekazariak baldintza txarretara ohitu zitezen, gero askok horrelako lurretan jardun behar izaten dutelako».
Asmoa, Euskal Herriko baserrietan urteetan zehar eman den produkzio era islatzea izan zen. Hau da, norberaren bizimodua aurrera ateratzeko era askotako produktuak lantzea. Era duin batean, denetarik zerbait izatea: baratza, basoa, abelburu batzuk... Ez aberasteko, jateko baizik.
Felisa Eslustondo Granja Agroekologikoa-k orain hiru urte jarri zuen martxan bere proiektua. Dagoeneko 280 ikasle ditu oinarrizko hezkuntzan, baina beste pauso bat ematea nahi da: ikasleak hezkuntza profesional ertaina burutu eta tekniko agroekologiko ertainaren titulua lortzea. Modu horretan, lan munduan sartzeaz gain, lurralde horretako produkzio ereduak sortu eta zabaldu ahal izango dira.
Baina hau guztia aurrera eramateko dirua behar da. 42 milioi pezeta. Dagoeneko 17 lortu dira, baina bestea falta da. Eusko Jaurlaritzaren laguntza badute, bai diruz, baita makinaria aldetik ere. Baina Joseba Lazkanoren hitzetan, «beharrezkoa da Azpeitiaren laguntza ere. Proiektu hau azpeitiar baten ametsa izanik, gure herriak horren alde zerbait egitea ezinbestekoa da. Eta ez udalaren laguntza bakarrik, orokorrean herri guztiarena baizik».
|