|
|
|
Gertutik
: Joseba Lazkano
Berritsua eta diplomatikoa
Imanol Lazkano
Umore onekoa eta lasaia da nire anaia Joseba, gauzak patxadaz eta presarik gabe hartzea gustatzen zaiona. Ikasle ona denez, beti jakintza arlo berriak ikasteko prest dago, hori baitu barruko jakinmina asetzeko bidea.
Baina ezaugarri haien guztien gainetik, hark duen hitz egiteko trebetasuna azpimarratu behar da. Hitz egiten abila izateaz gain, berritsua ere bada. Asko hitz egiten du. Txikitan amak albotik bidali ohi zuen hitz egiten hasten zenean; Josebak lanik egin ez eta besteei ez zielako lanik egiten uzten.
Bi anaion artean urte eta erdiko aldea besterik ez dago; neu naiz biotan gazteena. Beraz, esan daiteke batera hazi ginela. Hala ere, etxeko lanak egin behar izaten zirenean, ni baino espabilatuagoa irten zen Joseba. Hark beti lanak geroago egingo zituela esaten zuen, baina azkenean ez zituen behin ere egiten. Nik, berriz, protesta egiten nuen, baina azkenean lan guztiak egin behar izaten zituena neu izaten nintzen. Hura diplomatikoa zen. Hori bai: etxeko lanak baino nahiago izaten zuen futbolean jokatzea. Gainera, nahikoa jokalari ona zen.
Futbolaz aparte, bertsolaritza du gustuko. Familian biltzen garenean, eta hura hemen denean, bertso dezente onak botatzen ditu. Venezuelan hainbat urtez bizitzen egon dela kontuan hartuz gero, ez dago batere gaizki hori.
Pozik etortzen da guregana, baina gure anaia hau dagoeneko hangoa, Venezuelakoa egina dago, eta hemendik joan ere horrela joaten da, gustura.
|