Pilar Aizpitarte-Enrike Zurutuza
Baite Azpeitiko Euskara Elkarteak 2001eko urrian izendatu zituen lehen Ohorezko Bazkideak; 2003ko otsailaren 15ean bigarrengoak izendatu zituen: Pilar Aizpitarte eta Enrike Zurutuza. Hori dela eta, biekin luze eta zabal egon zen Baite. Enrike lasai azaldu zen hitzordura, aginduak eta dena emanez: “Ni erantzuten ari naizela, zuek lasai moztu nire jarduna, eh!; bestela honek sermoia emango du”. Pilar urduriago joan zen, “ia lorik egin gabe”, eta ez omen daki zer esango duen erantzunetan. Biak aritu dira azkenean tamainan.
Baite Euskara Elkarteak Ohorezko Bazkide izendatu zaituzte eta onartu egin duzue. Eskerrik asko ba, benetan!
Enrike Zurutuza-Pilar Aizpitarte: Ez dago zer eskerturik. Gogoko duguna egin dugu gure bizitzan, euskararen alde jardun dugu, eta horregatik aipatzea onargarri da.
Baitek Ohorezko izendatu zaituzte, zuen bizitzan euskararekiko izan duzuen maitasuna eta dedikazioagatik. Nola, noiz hasi zineten euskararekin maitemintzen?
Enrike Zurutuza: Gazte-gaztetatik. Baserriko semea naiz, euskararen giroan hazia. Beti izan dut zaletasuna euskara indartzeko eta bultzatzeko. Gero eta gehiago sakontzen ari naiz ideia horretan. Nire iritziz, hizkuntza da herri bati nortasuna ematen diona eta bere nortasunari eusten diona. Bere hizkuntza duen eta erabiltzen duen herriak nortasuna izango du. Hizkuntza da zutabea. Gazte denboran, Francoren garaian, garai txarretan tokatu ginen, diktadura garaian. Hala ere, saiatzen ginen nola edo ala euskarari eusten.
Pilar Aizpitarte: Txikitan eskolara mojekin joaten nintzen. Garai haietan, eskolan behintzat, ez genuen euskararik egiterik izaten. Etxean dena euskaraz egiten genuen. Bagenuen moja bat oso euskaltzalea zena baina beste bat oso kontrarioa. Ni harritu egiten nintzen horrekin. “Gure etxean denek euskaraz egiten badute zer edo zer esan nahi du horrek”, pentsatzen nuen. Gu beti saiatzen ginen euskaraz egiten, baita euskararik nahi ez zuen moja haren ezkutuan ere. Kalean ere bagenituen, nahiz eta azpeitiarrak izan, kontra egiten zigutenak. Guk geureari heltzen genion. Nik oso latza bilatzen nuen, geurea dela esan eta ez egitea, lagatzea.
Zuek zuen bizitzan euskararen aldeko jarrera izateak kontrario, etsai bat baino gehiago sortuko zizuten. Zuk Enrike, Zaragozako unibertsitatean ez zenuen euskararen aldeko girorik izango. Aldeko agertzea bera ere, susmagarri agian...?
Enrike: Ez dakit horrenbesterako zen. Guk unibertsitatean bertan egiten genituen euskararen aldeko ekintzak. Batasun bat sortu genuen euskaldun ikasleok, festak, euskaldunon egunak, kaleko ekintzak, Santa Ageda eskea egiten genuen... Oso ondo hartzen gintuzten. Handik hasi ginen pizten. Karreraren erdian, ordea, Espainiako Gerra sortu zen. Hiru urte pasatu ondoren, bueltan gauza gutxi egin genuen. Karrera bukatu beharra zegoen, ez zegoen berriketarik. Ondorenean bakoitza geure postuetan lanean hasitakoan, ni hemen Azpeitian hasi nintzen, eta hasi ginen berriro euskararen aldeko lanak egiten. Dena debekatua zegoen eta elizaren aldizkarietatik bilatu genuen bidea. Elizak bakarrik zeukan askatasuna eta gure lanak, Zeruko Argia, Arantzazu eta horrelakoetara bidaltzen genituen. Geroago, herriko festetako ganadu sariketetara eta hitzaldietara gu eramaten gintuzten. Euskaraz hitz egiten genuen beti.
Pilar, zuk zure bizitzan euskararen alde egindako ekintzen artean antzerkia agertzen da...
Pilar: Bai, eta Enrikek beronek sartu ninduen, gainera. Ni oso kantu zalea izan naiz eta Azpeitian antzeztu behar zen Pasioa-n kantatzera joan nintzen hasieran. Ez dakit Enrikek zer bilatu izango zidan baina horretarako aukeratu ninduen. Paper txiki bat bazegoela eta horretarako apartatu ninduen, eta kantua laga egin behar izan nuen. Handik aurrera gustatu egin zitzaidan. Gero Imanol Eliasek sortu zuen antzerki talde bat eta hotsegin zidan. Hala segitu nuen gero antzerkiari loturik.
Pasioa-ren antzerki lana azaldu da hemen. Nola sortu zen ideia hori Enrike, zu izan zinen-eta zuzendaria?
Enrike: Lehen esandako bide horretan, antzerki txikiak egiten hasi ginen, Ramuntxo eta horrelako batzuk. Gero sortu zen Jesusen Nekaldiaren, Pasioa-ren ideia antzeztekoa. Aurrenekoa Agustin Zubikarairena egin genuen. Hurrengo urtean oso-osorik neuk idatzitakoa egin genuen, Odol Eskaintza izenekoa. Ehun aktoretik gora. Ez da nik esaten dudalako baina sekula Euskal Herrian egin den antzezlanik handiena izan zen. Eta ez Azpeitian bakarrik, Donostiara ere iritsi ginen eta Victoria Eugenia lau aldiz lepo. Horretan badaukat anekdota bat. Hara joan ginenean gaizkitzat hartu zuten askok. Lagun handia nuen Jose de Artetxek hala esan zidan: “Nola etorri zarete hona! Hau zer uste duzue dela, Victoria Eugeniara luistarren antzerki batekin etortzeko?”. Gu joan egin ginen, ordea. Nire lana, profesionalak ez ziren aktore haiek, banan-banan hartu eta beren zeregina azaldu, deklamazioa erakutsi... ordu pilak sartu nituen, eguneko albaitari lanak egin eta gauean hauei erakusten. Egin, egin genuen hura ere!
Pilar: Denak gustura ibiltzen ginen, gainera!
Pilar, zein zen zure eginkizuna?
Pilar: Negar egitekoa beti. María de Magdalaren papera egin behar nuen eta Jesukristo hiltzen zenean negar egiten genuen eta bene-benetan egin ere, gainera.
Enrike, zuk irratian egindakoa ere euskararen bidetik izango zen ba?
Hor ez nintzen ni bakarrik, talde bat ginen. Berez saioak baserritarren izena zuen baina euskarari eusteko zen batez ere. Gure saio hura izan zen irratian euskara sartzeko lehenengo pausoa eta hori lortu zuena, Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipaleko zuzendaria eta Donostiako Falangeko burua zen: D. Carlos Lanfus. Oso euskaltzalea bera. Carlos Lanfus horrek lortu zuen, orduko Gobernadore Zibilaren adiskidea baitzen, oso poliki. Atzeko atetik sartu zen. Berak dirua zeukan, Kutxako zuzendaria zen, eta Falangeko irratiari —La Voz de Guipuzcoa-ri— ordubete erosi zion bere programa bat ipintzeko, zer zenik esan gabe. Haiek ere dirua behar eta hartu egin zuten. Hor sartu zuen euskara. Falangeko irratia izan arren gurea, Jose Antonio Agirrek zorionak bidali zizkigun Donibane Lohizune-tik, esanez bazekiela haren aldeko irratia ez zela baina gauza ona egiten ari ginela Euskal Herriaren alde eta jarraitzeko.
Bizitzan buruhauste bat baino gehiago emango zizuten euskararen aldeko izateak, baina pozak ere bai, hala jokatu izanaz.
Pilar: Benetako poza. Nik ez dut behin ere ukatu euskalduna naizela. Harro, gainera! Hala ere ni harritzen naiz oraingo emakume batzuen jokabidearekin. Beren umeekin dena euskaraz egiten dute eta gero elkarrekin dena erdaraz. Hori ez dut nik ulertzen. Behin andereño batekin gertatu zitzaidan kasua. Erdaraz ari zen pelukerian eta esan nion: “Nolatan ari zara erdaraz, ikastolako andereño izanda?”. Hala erantzun zidan: “A, Pilar! Behin ikastolatik irtenda nahi dugun eran hitz egiteko libre gara”. Nik ez dut ulertzen euskararen aldeko apustua egindako batek nola dezakeen izan jokabide hori. Hark ere justukoa bakarrik. Umeei euskaraz klaseak eman eta handik aurrera hari ez zion axolarik.
Enrike: Hori da euskarak gaur daukan akatsik handiena. Hainbeste erraztasun, ikastola, eskola eta abar, baina euskara gutxi erabili. Urrutira joan gabe ertzainek beraiek ere, hemengo zaintzaileak izanda, zer edo zertarako gelditzen zaituztenean, “egunon” euskaraz esan orduko esango dizute: “Por favor, prefiero que me hable en castellano”. Baina non gabiltza! Euskara sartu nahi da baina ez da erabiltzen. Egunkariekin berdin pasatzen da, euskaraz idatzita ere irakurleak erdarara joaten direlako.
Euskararen etorkizuna ez al duzue hain seguru ikusten?
Enrike: Ez. Galtzeko arrisku latzean dago. Baina lehen ere bazen arazoa eta orduan bezala orain ere lan egin behar. Guk Francoren garaian egin genuen ekintza polita. Aurrezki Kutxa Munizipalean asko agintzen genuen. Halako batean ideia bat atera zen. Orduan Donostiako kaleetan zekitenek ere ez zuten erabiltzen eta Kutxak dirua jarri zuen. Gizon bat ibiltzen zen Kontxa inguruan, eta euskaraz ari zela entzuten zuenari mila pezetakoa ematen zion. Hartara, hura non zegoen jendeak ez zekienez, euskaraz aritu beharra zeukaten dirurik jasotzekotan. Truku horiek erabili genituen.
|