Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 30,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Euskara »  Dokumentazioa »  Elkarrizketak »  Patxi Goenaga

 HIZKUNTZA ESKUBIDEAK

 EUSKARA

 ORRI HAU...

 

Patxi Goenaga

Patxi Goenaga loiolatarra (1948) Eusko Jaurlaritzan Hizkuntz Politikako sailburuorde karguan dugu; 2002ko martxoan (kargua hartu eta hilabete eta erdira) Uztarriak elkarrizketa egin zion.

Zer moduz kargu berrian?

Tamaina hartu nahian, eta ezin harturik, beharbada.

Zergatik ezin harturik?

Hilabete besterik ez daramadalako karguan. Eta gero gauza berria dudalako, eta gai puntual eta tekniko hauetatik urruti ibili izan naizelako. Lurreratzen, beraz.

Nolatan animatu zinen mundu honetan sartzera?

Miren Azkaratek eskatu eta animatu ninduen sartzeko. Hasieran arrazoiak ezezkoa ematekoak ziren, saltsa batean sartzen zarelako. Zergatik bai orduan? Ni orain arte hizkuntzaren alderdi bat ikusten egon naiz, korpusa, hizkuntza bera, eta uste dut okasio ona izan daitekeela hizkuntzaren atzeko partea edo ingurukoa ikusteko. Eta Euskal herrian euskararen inguruan hainbeste gauza mugitzen direnez, okasio ona da hor dabiltzan edo nik badirela uste dudan zenbait txoko edo zenbait zirrikitu pixka bat ezagutzeko eta hor azpian zer dagoen ikusteko.

Eta helburua lortzea posible dela uste duzulako ere animatuko zinen postua hartzeko, ezta?

Jakina! Euskaraz beti kezkatuta egon naizen aldetik, hor zeregina badagoela uste dut, eta beste batzuek egin dutena jarrai daitekeela eta ahal badin bada hobetu, euskarari bultzada bat emateko izan daitekeelakoan eta nik horretan zerbait lagun dezakedalakoan.

Politikan sartzeak kezka sortu dizula esana duzu.

Bai. Herri honetan bereziki, ezina da politikari ihes egitea, eta egiten denean egiten delako eta egiten ez denean ez delako. Baina ni horrelako saltsetan ez naiz egon, sekula ez naizelako izan ez zinegotzi, ez alkate… Unibertsitate barruan bai, kargu politikoak izan ditut, baina partidu mailako kontuak eta kaleko politika horretan sekula ez, eta horrek beldur pixka bat ematen dit, orain arte bezain eroso ez naizelako ibiliko.

**Zure goian, Kultura sailburutzan, Miren Azkarate laguna edukitzeak babesa emango dizu…**

Bai, baina erantzukizuna ere ematen du; alegia, Mirenek nigan konfiantza jarri du, eta lankidetza erabatekoa izango da, baina neuk ere erantzun egin behar diot erronkari. Baina nola herri honetan zaila den —edo ezina, seguraski— guztien gustua egitea, eta batzuentzat gehiegi dena besteentzat gutxiegi den… Horretaz gain, zuk zeuk egin nahi duzuna ere ez duzu lortuko, dirurik ez dagoelako, jendeak ez duelako behar bezala laguntzen... Gainera, nire atal hau oso garrantzitsua da; izan ere, atal autonomoa den arren, horko lana zeharkakoa deitzen zaiona da, arlo guztiak harrapatzen dituelako.

Orain eskuartean zer duzu?

Orain bereziki, aurtengo deialdiak: diru laguntzak... Aurrekontuak ere hor ditugu, baina ezingo da aldaketa handirik egin, joan den urtekoak luzatuko direlako seguraski, eta amets egitea libre da, baina dagoena dago.

**Eusko Jaurlaritzaren herrietako Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia ere hor duzu…**

Bai, bai. Eusko Jaurlaritzak, eta bereziki Hizkuntz Politikak, konpromisoa hartua dute eta gai horri buru-belarri helduko diogu.

Apustu handia al da hori?

Bai. Dena dela, ni oraindik ez naiz erabat jabetzen arazoaren tamainaz. Plana garatzea eskatu duten herrietan bertako egoeraren diagnostiko bat egiten ari gara: euskara zerbitzurik badagoen, zer egin behar den… Azpeitian, adibidez, egina dago diagnostiko hori.

Zenbat herrik eskatu dute Plana?

Berrogei inguru dira, eta orain herri haiekin harremanetan jarri behar gara. Dena dela, Bizkaian Alkarbide erakundea sortu du Diputazioak, eta horren eginkizuna Euskara Biziberritzeko Plan Nagusi horri bultzada ematea da, baina zenbait herritan euskara zerbitzu aldetik-eta Gipuzkoan baino atzeratuago daudenez, herriak koordinatzea eta elkar lotzea da haien egizkizuna orain.

Azpeitia da Plana eskatu duen herri bat. Zertan da kontua?

Abenduaren 2an egin zen ekitaldi bat, baina harrezkero dei bakarra izan dugu, Patxi Saezena [udal euskara teknikariarena], ni kargura iritsi eta berehala, eta esan nion, gauzak patxadaz egite aldera, uzteko pixka bat pentsatzen.

Azpeitiko Udalak segituan egin nahi zuen hitzarmena Eusko Jaurlaritzarekin, Plan Nagusia martxan jartzeko. Baina hitzarmenik ez dago oraindik.

Eusko Jaurlaritzako aurrekontuen kontua hor dagoelako. Lehen ez genekien nola geratuko zen eta orain badakigu 2002ko aurrekontuak joan den urteko beraiek izango direla. Eta lehen aurrekontu berrietan Euskara Biziberritzeko Planerako, oker ez banago, 300 milioi pezeta jartzea pentsatzen bazen, orain, aurreko urtean bezala, 100 milioirekin moldatu beharko gara, eta ahal den neurrian egingo da aurrera.

Arazo hori ikusita, zer gertatuko da Azpeitian?

Nik ez dakit konpromiso pertsonal bezala-edo hartu dudan hau, baina nik nahi nuke, Azpeitian lehenak izan baziren Plana martxan jartzen sinadura eta kontu horiekin, Azpeitia bera izatea besteen aurrean gidaritza eramango duena, nahiz eta ez den aurrekontuen arabera diru gehien izango duen herria.

Nahi baino diru gutxiago izateak prozesua motelduko al du?

Ez dut esango atzeratu edo moteldu egingo direnik gure plan guztiak. Nik uste hor zenbait gauza dirurik gabe egin daitezkeela, dituzun baliabideak beste era batera erabiliz.

Baina apustua handia bada, aurrekontuetatik ezin al dira diru partidak mugitu?

Dirudienez ez, dena bere horretan mantenduko delako.

Azpeitian Udala herri osoa euskalduntzeko prest azaldu da. Baina euskararen arloan zenbaterainoko konfiantza izan dezakete azpeitiarrek orain dela hiru urte arte euskara teknikaria eta Udal Euskara Patronatoa ez zituen Udal batengan?

Nik badakit zenbaitek esango duela norbaiten estrategia politikoa dela hau. Ba, zoriontsu gu, hori horrela baldin bada, noizbait jendea aldatu egin delako. Abenduaren 2an Azpeitian egin zen ekitaldi hartan nik neuk esan nien aurrena izatea —eta azpeitiarrok harro fama hori badugu— ez dela debalde ateratzen, eta orduan erronka bat hartzen dutela herriak, Udalak, Euskara Patronatoak eta hor dabilen jendeak, eta horri erantzuten jakin behar zaiola. Eta nire ustez, ona da alboan jende bat izatea, ez dut esango xaxatzen baina bai zirikatzen, zeren bestela badakigu gauzak nola diren…

Zer jende?

Erakundeak, gazteak, aldizkaria, elkarteak… Udalak egin behar duenarekiko eta hartu duen konpromiso horrekiko presio bat baldin badago, ezerosoa izan liteke baina helburuetarako ona, betiere presioa neurri batzuen barruan baldin badago eta zibilizatua baldin bada.

Baina presioa egin beharrean, ez al da hobea elkarlanean jardutea?

Baina elkarlana zer da?

Galdera bera beste era batera: euskararen normalizazioa Udalak soilik gidatu behar du edo herriko euskalgintzak ere parte hartu behar du?

Elkarte guztiek hartu behar dute parte. Tristea litzateke gauzak errepikatzea, eta hori Euskal Herri honetan askotxo gertatzen da; hau da, sortzen da gauza bat eta segituan alboan beste bat sortzen da, paraleloan. Dena Udalak egin behar duen? Nik uste zenbait gauza Udalak ez dituela egin behar; esate baterako, Udalak ez du zertan egin aldizkaria, badakidan arren [Uztarriaz gain] Azpeitian badagoela beste bat; edo, eman dezagun, telebistarekin gauza bera gertatzen dela, eta Azpeitian badago Kaito. Elkarteek parte hartu behar duten Euskara Biziberritzeko Plan Nagusian? Nik uste baietz, horiek izan behar dute protagonismoa. Gobernuaren konpromisoa plan hori aurrera eramatea da, eta esaten da plan hau ez dela itxia, gauza osagarriak egon daitezkeela, baina uste dut gidaritza Hizkuntz Politikako sailburuordetzari eta kasuan kasuko udalari eramatea dagokiela. Geo udal bakoitzak jakin beharko du zer-nolako lankidetzak izan ditzakeen.

**Lehen esan duzu ez dela komeni gauza paraleloak sortzea, baina Azpeitian zerbait paraleloa sortu duena Udala izan da, 2001eko hasieran euskalgintza guztiaren —gero Baite Euskara Elkartea sortu zen—, Udalaren eta gizarte eragile garrantzitsu batzuen artean Kontseilura hautagaitza aurkeztu baitzen herrietako plangintza zela-eta, eta Kontseiluak Azpeitia hautatu egin zuen esperientzia pilotu izateko. Handik lau hilabetera, ordea, Udalak bizkar eman zion horri eta Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiari heldu zion…**

Euskara Biziberritzeko Plana Kontseiluarena baino lehenagokoa zelako.

Orduan Udalak zergatik sinatu zuen ba Kontseilukoa?

Ez dakit. Baina Athleticek ere sinatu zuen bere garaian…

Baina ez da gauza bera. Udalak Kontseiluaren Azpeitiko planeko zuzendaritzan parte hartuko luke.

... Zer esango dizut ba.

Baite Azpeitiko Euskara Elkarteak, hala ere, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusi horren barruan sartzeko proposamena luzatu dio Udalari. Baitek zuri emana dizu proposamen hori. Interesgarri ikusten al duzu?

Formulak aurkitu beharko dira, zenbateraino eta abar. Formula horretan ziurtatzen baldin bada gidaritza Udalaren esku egongo dela, eta helburuak garbi jartzen badira, interpretazio desberdinek arazoak ez sortzeko, gero hor txerta daitezkeen neurri guztiak, ekimenak eta elkarteak oso ondo ikusten ditut, ona delako lankidetza.

**Zuk uste euskalgintzak, Plan horren barruan, beste edozein esparruren (enpresa, kirol eta aisia talde…) parekoa izan behar duela, edo Planaren diseinuan ere parte hartu beharko lukeela?**

Ez dakit.

Alegia, euskalgintza gabe lor al daiteke Azpeitian euskararen normalizazioa?

Berriro diot oso ondo ikusten dudala euskalgintzak Planean parte hartzea. Pasatzen dena da, Azpeitiko euskalgintzaren barruan seguraski, nik entzuten ditudan izen batzuen artean, batzuk badirela eztabaidagarriak gutxienez; ez dut esango zein. Baina ondo ikusten dut euskalgintzan dabiltzan erakundeak sartzea, eta nik uste behar direla, gainera. Formulak aurkitu behar direla, azken batean. Eta garrantzitsua da Udala zirikatzea, betiere gogorarazteko zer konpromiso hartu duen.

Baitek ez du zirikatu nahi, parte hartu baizik.

Parte hartzea, zirikatzeko modu bat da.

Orain arte Udalak ez dio ezer aterik ireki.

Nik ez dakit horrenbesteraino, horiek herri barruko kontuak dira eta.

Agian honekin guztiarekin lotua dagoen kontu bat: zer moduzko harremanak daude Eusko Jaurlaritzaren eta Kontseiluaren artean? Apirilean moztu egin ziren harremanak.

Nik neuk oraindik ez dut izan harremanik. Xabier Mendigurenekin berarekin bai kointziditu dudala, aspaldiko lagunak garelako, eta Miren Azkarate ere egon da harekin, baina organikoki ez da harremanik izan. Eusko Jaurlaritzak Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia aurrera ateratzeko konpromisoa du, bere helburuekin, hemen euskaldunak erosoago sentitzeko eta euskaraz bizi ahal izateko; Kontseiluak ere horrelako zerbait bultzatzen duela? Bai, eta, beno, ondo. Baina orain arte ez dugu izan harremanik, hitzorduren bat jarria dugun arren, Kontseiluko atal bat dela eta.

Tolosaldean badago bi planak uztartzeko asmoa.

Nik uste dut uztartu beharra dagoela horrelakoetan. Ez du merezi ez indarrak, ez diruak alferrikaltzea lehia inozente batean. Nola uztartu? Nik oraindik ezin dut esan. Borondatea behar da.

**Kontuak kontu, Azpeitiak baditu aukerak euskara aldetik herri eredugarria izateko, ezta? Gaur egun erabilera aldetik baino ez da eredugarria…**

Bai, eta horrek harro sentitzeko motiboak ematen ditu. Ahozkoan nolakoak garen denok dakigu. Beste arloetan buelta ematea falta da, baina oso zaila da beti erdaraz egin den toki batean euskaraz funtzionatzen hastea. Baina Azpeitiak baditu baldintzak herri eredugarria izateko.

Gurean sentsibilizazio eta kontzientziazio lan handia egin behar dela uste al duzu?

Jakina! Adibidez, niri gustatuko litzaidake Azpeitiko hizkuntz paisaia bestelakoa izatea. Alde horretatik, zuek horrela segitzeko animatu nahi zaituztet; aldizkaria txukuna iruditu zait, eta web gunea ere bai.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak