Poz handiz hartu dugu (Ainhoa Beola)
Ainhoa Beola Kontseiluko Bai Euskarari Akordioaren arduraduna zen 2001eko martxoan. Egun batzuk lehenago (2001eko otsailean) Baite Azpeitiko Euskara Elkartea sortu zen. Hori dela eta, Ainhoa Beolak iritzi artikulu bat idatzi zuen Uztarria herri aldizkarian.
"Azpeitiko euskalgintza osatzen duzuen taldeek eginiko ahaleginei esker, Baite elkartea dagoneko lanean ari da. Euskararen normalizazioaren bidean urrats eraginkorrak emateko, euskararen munduan aritzen diren erakunde guztien lana beharrezkoa izanda ere, mundu hau osatzen dugunon elkarte edo erakundeen elkarguneak eta lan bateratuak bideratzea ezinbestekoa da. Horregatik, Baite taldearen sorrera poz handiz jaso dugu eta etorkizunean bere eginkizunetan arrakasta izatea opa nahi diogu.
Gainera, Azpeitiak bat egin du Kontseiluak bultzaturiko ekimen garrantzitsu batekin; izan ere, Bai Euskarari Akordioa herrietara zabaltzeko egitasmoa gauzatzeko asmoa azaldu baitute bertako euskalgintza osatzen duten taldeek eta Azpeitiko Udalak. Egitasmo honen bidez, Euskal Herri mailan abiatu zen Bai Euskarari Akordioaren ekimena herrietan burutu nahi da; horretarako, herri bakoitzeko gizarte eragileek beren arloen egoera aztertzeaz gain, konpromisoak hartuko dituzte bertan euskararen normalizazioak aurrera egin dezan.
Zalantzarik gabe, hizkuntzaren normalizazioan denok beharrezkoak gara eta gizarte osoak buru-belarri sartu behar du prozesu honetan. Ezin dugu pentsatu eginbeharrak euskalgintzaren esku soilik edo instituzioen esku soilik utzita normalizazioa lortuko dugunik. Gizarte eragileek ere abian jarri behar dute lortu nahi den normalizazioa errealitate izatera iritsiko bada.
Beraz, lanari ekin eta gure hizkuntzaren alde beti bezain gogotsu jarrai dezagun!"
|