Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 6,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Euskara »  Dokumentazioa »  Iritziak »  Xabier Goenaga

 HIZKUNTZA ESKUBIDEAK

 EUSKARA

 ORRI HAU...

 

Bakoitzari berea (Xabier Goenaga)

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) 2003ko abenduan abian jarri zen Azpeitian. Sammic enpresa Aholku Batzordean dauden erakundeetako bat da. Bertako ordezkaria da Xabier Goenaga; EBPN-ri buruz idatzi bat argitaratu zuen Uztarriaren 45.alean (2003ko azaroan).

"Nahiz azken urteetan Donostiako Amara auzoan bizi, Azpeitian hazi, hezi eta lan egiten duen azpeitiar bati, Azpeitian euskaraz bizi al garen ala ez galdetzen diotenean, ikasle bati azterketako lehen galdera ikusi eta bezperan errepasatutako gaia dela ohartzean islatzen zaion irrifartxoa agertzen zait ezpainetan. Senitartekoaz gain hainbat esparru ditugu ia eguneko 24 orduak euskaraz bizi ahal izateko, Euskal Herriko hiriburu euskaldunena dela diotenaren Donostiarekin konparatzen baldin badugu, behintzat. Euskararen erabilpen horren xehetasunetan ez naiz ariko, ez baita nire lana eta horretarako baitaude teknikari eta ikerlariak. Hori alde nabarmena izanik, esan behar kantitatean adina erraparatu beharko genukeela kalitatean. Poeta frantsesari jarraituz, Umbralek sarri aipatzen duen bezala “sintaxia arimaren gaitasun bat da”, hitzak bata bestearen ondoren zuzen taxutzeko “sena”; alegia, euskara erabiltzen dutenek izena, izenordea, izen laguna, aditza eta bestelakoak txukun ilaran eta bakoitza bere lekuan jartzeko duten gaitasuna. Horretan ere oinarritzen dut galdera horri ematen diodan baiezkoa. Ez dezazuela hau esentzialismo estu bat bezala hartu, baina aipatu gabe ez dut uzterik nahi izan. Eta zer demontre egin dezake enpresa batek udalaren deialdiari jarraituz Euskara Biziberritzeko Plana burutzen ari den taldean parte hartuz? Ez al daude horretarako udal teknikariak, ikastolak, kultur eragileak eta hainbat erakunde? Bai noski, eta dudarik ez dut gu baino hobeto prestatuta daudela lan horretarako. Hori horrela aitortuz, esan behar, produktu eta zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa bezala garbi dugula gure bezero, akzionista eta langileei zor dizkiogun emaitzez gain, inguruko gizartean ere txertatuak gaudela, eta beraiekiko konpromisoa erretorika hutsa ez dela agertu dugu partaidetza honekin.

TOPALEKUA. Nik gure enpresan euskararen erabilpenaren datu batzuk bakarrik azalduko ditut: bat banakako elkarlanaren %90 euskara erabiliz moldatzen badugu ere, talde lanetan batez beste hori %20ra gutxitzen da, eta bezeroekiko harremanez ari bagara, berriz, frantsesa edo eta ingelesa erabilgarriagoak ditugu, eta, beraz, ez dut uste inorentzako eredugarri izan gaitezkeenik. Dena den, enpresa barneko agiri nagusiak (Enpresa Egitasmoa, urteroko hitzarmena...) bi hizkuntzatan azaltzen ditugu —euskaraz eta gaztelaniaz—, eta zenbait lanetarako erabiltzen dugun softwarea ere etxean euskaraz prestatutakoa da. Horretaz gain, gure emaitzena baino gehiago gure ahulezien eta beharren agerleku izango dela uste dugu partaidetza hartu berri dugun Aholku Batzorde hau. Zentzu horretan topaleku aproposa iruditzen zait EBPNko Aholku Batzordea eta bakoitzak geure neurrian gogo onenez azalduko ditugu gure kezka handiak eta aurrerapen apalak. Batzorde horretan herriko zenbait eragileren ordezkariak gaude (dendariak, ikastetxeak, profesionalak, kultur taldeak, enpresak, udal teknikariak...). Garbi eduki behar dugu eragile horietako bakoitzak bere zeregin nagusia duela: enpresek produktu eta zerbitzuak eskaini eta aberastasuna sortu, dendariek modu eroso eta atseginean salgaiak gure esku jarri, antzerki taldeek ditugun aisaldietan gure espirituak ase, ikastetxeek gure seme-alabek hezi eta gizarteratzeko behar dituzten jakintza gaitasunak eman... Alegia, herri eragileek sortu, bultzatu, eragin, berritu eta asmatu egin behar dute. Helburu horiek betetzea da eragile horien lehen erronka eta eginbeharra, eta betetzen dituzten neurrian Azpeitian euskaraz bizitzen jarraitzeko aukera izango dugu bertakook eta baita bertara etortzen direnek ere. Udal, Foru edo eta Jaurlaritzako erakundeek, berriz, herritarren kezka eta beharrei aurre egiteko legediak sortu eta bitartekoak zuzen kudeatu behar dituzte. Sortze eta berritze lanetan, instituzioak herri-eragileen atzetik ibiliko dira beti, ez baitira, gehienetan behintzat, horretarako gai. Baina, bestalde, herri-eragileetako partaideei zinegotzi edota bestelako agintari lanetan murgiltzeko grina sartzen zaienean aurrez aipaturiko betebehar nagusiak burutzeko bidetik okertu daitezke, eta hori ez da inorentzako komenigarri. Beraz, zinegotzi eta teknikariak bere lanetan, herri-eragileak sortze eta berrikuntza eragiketetan eta guzti-guztiok EBPNko batzordean elkarlanean."

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak