Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2010ko martxuek 14,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Euskara »  Dokumentazioa »  Iritziak »  Azpeitiko LAB

 HIZKUNTZA ESKUBIDEAK

 EUSKARA

 ORRI HAU...

 

Lan munduan oraindik erdarak indarra du (Azpeitiko LAB)

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) 2003ko abenduan abian jarri zen Azpeitian. Azpeitiko LAB sindikatua Aholku Batzordeko kideetako bat da. EBPN-ri buruz idatzi bat argitaratu zuen Uztarriaren 47.alean.

Orokorrean hitz egin eta komunikatzeko orduan, euskaraz bizi gara Azpeitian. Baina esparru batzuetan, adibidez lan munduan, ahozko komunikazioa euskaraz ematen da, baina erdara ere asko sartzen da, batik bat agirietan, idatzietan, dokumentuetan eta abar. Dena dela, orain geu ere ahalegintzen ari gara dokumentu guztiak elebitan edota euskara hutsean sartzen. Baina oraindik erdara asko sartuta dago.

LABek Plan Estrategiko bat du euskararen normalkuntzarako, EusLAB deitzen da. AEKrekin egina du akordio bat Plan Estrategikoa aurrera eramateko. Helburua da sindikatua bera —sindikatu barneko komunikazioa eta organoak— euskalduntzearekin batera, lan mundua euskalduntzea, euskara normalkuntzarako plan estrategikoak ematea enpresa mailan. Azken batean, enpresa munduan ere Bai Euskarari Ziurtagiria lortzeko bidean pausoak ematen joatea da asmoa.

Lan mundua euskalduntzeko enpresa zehatz batzuekin lanean hasi beharko da, horiek beste enpresa batzuentzat adibide izan daitezen. Gu, enpresa hitzarmenetan, soldataren puntua edo lan orduen murrizketa bezala, tartean euskararen normalkuntzaren puntua ere sartzen saiatzen gara. Enpresari konpromiso batzuk eskatzen ari gara, plangintza konkretu batzuk egiteko, horrek eskatzen duenarekin, inbertsioekin eta abar. Dagoeneko saiakerak egiten ari gara enpresa batzuetan. Gero ez dakigu nola garatuko den, oraindik eskualdean ez baitago esperientzia borobil bat, beste eskualdeetan egon daitekeen bezala —Tolosaldean edo Goierrin—. Urola-Kostan Aizarna-zabalgo enpresa batek baiezkoa eman du euskararen normalkuntza plana aurrera eramateko, eta hitzarmenean ere puntu hori sinatuta dauka.

EBPN-n denak. Orain Azpeitian EBPN martxan jartzea erabaki da, baina eragile guztiek egon behar dute hor, baita alderdi politiko guztiek ere, Habeak barne. Esate baterako, lan munduan euskara normalizatzeko plana abian jarri nahi bada, ezinbestekoa da sindikatuok ere hor egotea. Eta, nola ez, euskalgintzak ere hor egon behar du. Izan ere, euskalgintzak Udaletik kanpo bere pauso batzuk emanda ditu: Baite zenak egindako ekimenak edota Uztarriak euskara arloan eman dituen pausoak dira horren adibide.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak