Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 5,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Euskara »  Dokumentazioa »  Iritziak »  Azpeitiko ELA

 HIZKUNTZA ESKUBIDEAK

 EUSKARA

 ORRI HAU...

 

Akordio zabal batekin, euskararen normalizazioan lan asko dago egiteko (Azpeitiko ELA)

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) 2003ko abenduan abian jarri zen Azpeitian. Azpeitiko ELA sindikatua Aholku Batzordeko kideetako bat da. EBPN-ri buruz idatzi bat argitaratu zuen Uztarriaren 47.alean.

"Azpeitian euskaraz bizi garela egia da baina oraindik asko dago egiteko. Azpeitian eta lan munduan ahozko komunikazioan —langilegoaren gehiengoa euskalduna delako— euskara erabiltzen da, baina oraindik idatzizko komunikazioa, lan bilerak eta abar erabat, ehuneko altu batean, erdaraz egiten dira. Baina kalean ere antzekoa gertatzen da, bakarren bat baldin badago erdaraz errazago moldatzen dena, oraindik ere koadrila osoak bategatik edo birengatik erdaraz hitz egiten dutenak ere badaude.

Normalizazio planak eta negoziazio kolektiboa enpresetan. Lan arloa da gure esparru naturala, eta orain gutxi Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia onartu eta 2004rako Kudeaketa Planaren barruan jorratuko den arloetako bat lan mundua hartu da. Kudeaketa Planean lan mundua euskalduntzeko, Aholkularitzako Teknikoa eskaintzeko bulego bat sortuko dela jasotzen da. Pauso horiek denak gure aldekoak eta aberasgarriak direla uste dugu. Baina lan munduan benetan euskara normalizatzea nahi baldin badugu, gure ustez behintzat, beste salto bat ere eman beharra dago. Bigarrengo salto hori enpresatako negoziazio kolektiboan izango litzateke, soldata, lan ordu murrizketa, eta beste hobekuntzak izaten diren bezala gure lehentasun, enpresetan euskararen normalizazioa ere planteatu beharko litzateke. Guk ere hasi beharko dugu gure jendea sentsibilizatzen eta gu geuk ere barneratzen hori egin behar dugu. Euskararen normalizazio planak bultzatu behar ditugu lantokietan, azkenean bulego tekniko honek ez baititu enpresa bakoitzeko plan zehatzak egingo, lantegi bakoitza mundu bat da eta bakoitzean zehaztu beharko dugu nolako plana nahi dugun. Bulego teknikoak, diru laguntzak bideratu, zenbait aholku eman eta laguntza teknikoa eskainiko du, hortik aurrerakoa denon lana izango da. Enpresa munduak ere konturatu behar du, euskara normalizatu batean lan egiteak, balio erantsi bat duela eta ez dela diru eta denbora galtzea. Benetan eraginkorrak izan nahi badugu eta lan munduan euskara normalizatzeko salto bat ematea nahi badugu, ez dugu zalantzarik guk bide bat jorratu behar dugula, negoziazio kolektiboak ematen digun bidea.

Aholku Batzordean ere parte hartu izan dugu, baina hori ez da nahikoa, lana egin behar da azkenean; lan egin behar da enpresaz enpresa. Gure egitekoa komiteetan delegatuekin hitz egin, sentsibilizatu eta enpresa bakoitzean gai hau landu dezatela izango da. Aholku Batzordean eta bestelako organoetan egoteak bere inportantzia badauka, baina hori baino garrantzitsuagoa ikusten dugu, normalizazioko planak egiteko garaian, diseinua egiterakoan, lana egiteko eran, jarraipenean... parte-hartze zabala izatea. Azken batean, dena eginda ematen baldin badigute, era horretara hor egotea, ez da guretzat lehentasuna.

Akordio zabala. EBPNko organoetan herriko euskalgintza derrigorrez egon beharreko eragile bat da. Guk uste dugu euskalgintzak eta eragile guztiok ezinbestean egon behar dugula EBPNren barruan. Gehiago esanda, betidanik ari gara eskatzen benetako normalizazio baterako akordio zabalak behar direla, ez daitezela izan alde bakarreko akordioak.

Plana irekita. Euskararen kontra dauden erasoekin, gizarte eragile desberdinetatik gero eta nabarmenagoa da, eta eskaera handiagoa da, euskarak akordio zabal bat behar duela eta guk uste dugu hori herri mailan islatu behar dela. Planak irekia izan behar du, aurrera begira izan daitezkeen beste ekimenetarako eta plantea daitezkeen ekintzetarako, eta horretan Uztarriak proposatzen duenarekin gu ados gaude. Elkarlana behar-beharrezkoa dela azpimarratuko genuke. Jarrera positiboa hartu behar du Udalak, uztartzea bideratuz eta euskalgintzarekin kontatuz; saiakera orain egin behar da. Udalari exijitu behar diogu uztartzeko bidea eman dezan. Azpeitian euskararekin sentsibilizatuta dagoen jendeak berriz ere herri mailan bikoiztasun hori sortzeko kezka baitauka. Esperientziak badaude adibide direnak; Tolosaldekoa hor dago. Ez da ezinezko kontu bat. Eta uztarketa ez baldin badago, Udalak ondo azaldu beharko du zergatik ez dagoen. Boron-date kontua da azken batean, egin daiteke eta posible da. Uztarriaren eskaerak logikoak dira eta Azpeitiko herritar askoren babes zabala dutenak."

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak