Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 30,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Euskara »  Dokumentazioa »  Iritziak »  EBPN

 HIZKUNTZA ESKUBIDEAK

 EUSKARA

 ORRI HAU...

 

EBPN (Azpeitiko EHE)

Azpeitiko Euskal Herrian Euskaraz-ek iritzi artikulu bat idatzi zuen 2003ko abenduko Uztarria herri aldizkarian (46.alea). Bertan, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) onartu zela 2 urte pasa zirela eta kritika egiten zitzaion Azpeitiko Udalari.

"2001eko abenduaren 2a, euskararen aldeko sinadura emanez, konpromisoa adierazteko eguna zen. Ulertu genuenez, egun horretan ez zuten herritarrek soilik sinatu euren konpromisoa, udalak ere bai. Baina euskalgintzan aritzen garen hainbat erakundek ez dugu argi ikusten udalarena euskararekiko konpromisoa ala alderdikeria izan zen. Izan ere, udalari ahaztu egin ote zitzaion Euskararen Biziberritzeko Plan Estrategikoak teoria hutsetik praktika errealera igarotzeko beharrezkoak zituen antolaketa, kudeaketa, bete beharreko epe eta abarren berri ematea herritarroi? Ahaztu? Azpeitiko Plana Euskal Herriko gainerako he-rrietarako eredu izan omen daiteke, eta herri honek horretarako baldintzak betetzen ditu. Ba-ditu herriaren onarpena, euskalgintza aktiboa, udala (eta bere baliabide guztiak), eta honez gainera beharrezko diren gizarte eragileak. Bai-na egin denaren diagnostikoa egingo bagenu, ondorioa: bi urtez txosten lodiak idazteaz gainera, ezer gutxi.

ZEIN DA ORDUAN HUTSA?. Agian udalak ia bi urtez euskalgintzari ateak itxi dizkiola? Agian, udalaren konpromiso falta izan da be-netan huts egin duena, gizarte eragile eta euskalgintzarena izan duelako. Izan ere, azken bi horiek bideratu dute Kontseiluaren euskararen aldeko Bai Euskarari Ziurtagiriaren kanpaina, eta honekin aurrera jarraitzeko prestutasuna erakutsi ere bai. Udalak, berriz, Biziberritze Plana abiatzeko behar den diru laguntza arriskuan ikusiduenean erreakzionatu du. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak, plana bideratzen ez zela ikusita, udalari epe bat ezarri dio, eta honen aurrean udalak presaka plana martxan jartzea erabaki du. Hori bai, betiko moduan, behatzarekin aukeratuz hau bideratuko duen jendea. Eta gero ez dela nahi dena, kontrolpean izatea? Eta gero hori ez dela alderdikeria?

LAN UGARI EGITEKO. Lan ugari du oraindik udalak: hasteko herriari azaldu beharko dio egunen batean zer egin duen bi urte hauetan (zerbait egin badu); euskalgintza eta herritarroi ateak oso-osorik ere ireki beharko dizkio; euskalduntzearen aldeko benetako apustu bat bideratu; euskararekiko egiteko dagoen lanak aurrekontuetan irudikatu; euskalgintzako eragileei baldintzak ziurtatu bizirauteko, eta erasoen aurrean, geroari begira, erreakzionatu; epaitegi eta anbulategian euskararen erabilera bultzatu… Inoiz ez da berandu, baina euskararen aldeko apustuan udalak bidean alferrik galdu dituen urteak inoiz ezin izango dira berreskuratu, eta Azpeitiko Euskal Herrian Euskaraz-ekoak gehien kezkatzen gaituena: nork ziurtatzen digu hemendik aurrera hartzen dituen konpromisoak ez direla alderdikeri hutsa besterik izango?"

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak