Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Euskara »  Dokumentazioa »  Uztarriaren hitzaldiak »  Mikel Balentziaga

 HIZKUNTZA ESKUBIDEAK

 EUSKARA

 ORRI HAU...

 

Mikel Balentziaga

Mikel Balentziaga Kontseiluko kideak udalen Hizkuntza-politikaren Neurketan Azpeitiak lortutako emaitzak izan zituen hizpide maiatzaren 16an Sindikatu Zaharrean emandako hitzaldian. Azterketa horretan, Azpeitiak lehen postua lortu zuen, 6,82ko notarekin. Balentziaga aurretik egon zen Uztarriarekin, azterketaren emaitzez eta Azpeitiko Udalaren politika linguistikoaz hitz egiteko.

Mikel Balentziaga Kontseiluko kidea Azpeitin, Sindikatu Zaharrean, maiatzaren 16an. 

Neurketa egin aurretik, Azpeitiak zer emaitza lortuko zuela aurreikusi zenuten?

Aurreikusita ez genuen ezer. Egia esan, bagenekien beharbada topiko batzuk hautsiko zirela eta kasu batzuetan hala izan da. Lehen postuetan dauden herriak ikusten baditugu, euskararen ezagutza maila altukoak direla ohartzen gara: %94,8koa da Azpeitian, ia euskaldunak ere kontuan hartuta. Politikak beti aplikatzen dira ezagutza mailaren arabera eta ez hainbeste hizkuntz eskubideen ikuspegiaren arabera. Jendeak ez du jotzen ezagutza baxu edo ertaineko lekuetan politika ausart eta eraginkorra egitera.

Zure ustez, Azpeitiko hizkuntz politika eraginkorra da edo oraindik asko dago egiteko?

Hainbat gauza araututa dago Azpeitian eta, gure datuen arabera, ikusten da buruan dela beste udalerri batzuekin batera. Gauza asko ditu eginak eta normaltasunerantz jotzeko bidean da. Dena dela, gauza horiek guztiak beti baloratu behar dira Euskal Herriko ikuspegitik begiratuta. Norbaitek pentsa dezake Azpeitiak lortu duen nota oraindik ere urruti dagoela dagokionetik.

Kontuan izanda Azpeitian %94,8ko ezagutza tasa dagoela eta zuen ustez euskara lehenesten dela esateko 7ko nota behar dela, Azpeitiko Udalari nota altuagoa al zegokion?

Euskara gaztelerarekin orekaz tratatzea, gutxiegi izan daiteke batzuetan. Azpeitiak bezalako ezagutza maila duten herrietan, neurri asko har daiteke euskara benetan nabarmentzeko.

EAEko Auzitegi Nagusiak Azpeitiko udal ordenantzak baliogabetzeko hartutako erabakiaren aurrean zein da zure iritzia?

Erabaki horrek erakutsi digu euskara nabarmentzeko ariketa horren aurrean nola jartzen diren epaileak. Lotsagarria da nabarmentze hutsarekin diskriminazioa egiten dela esatea. Guk gehiago ere eska dakiokela pentsatzen dugu, eta ez soilik nabarmentzea. Baina hori jada norberaren jarrerak definituko du. Argi dago Azpeitiko udal ordenantzetan ez dela inola ere gaztelera gutxiesten; izatekotan, zertxobait nabarmentzen da euskara.

Diskriminazio positiboaren alde zaude, beraz.

Diskriminazio positiboa oso behetik has daiteke aplikatzen. Nire ustez, euskararen ezagutza maila %20koa denean ere, euskara nabarmentzeko ariketa horiek eman daitezke inor aztoratu gabe. Izan ere, leku horietan inon baino gehiago daude zokoratuak euskaldunaren eskubideak. Tira egin behar dugu euskara bere lekura ekartzeko. Esaterako, euskara ez baduzu lehenesten eta gaztelera jartzen baduzu gainetik, nabarmentze bat egiten ari zara, baina gazteleraren alde. Beti nabarmenduko duzu bata edo bestea. Oso euskarri gutxitan manten daiteke oreka. Baina nabarmentzera jo behar badugu, egin dezagun euskararekin. Zergatik ez?

Azpeitiar batek jaikitzen den unetik oheratu arte bizimodua euskaraz soilik egiteko aukerarik ba al du?

Guk lana hiru ildotan egiten dugu: norbanakoa, administrazioa eta espazioa (elkarte, merkatari eta enpresa mundua) lantzen ditugu. Argi dago zutabe bakar batekin ezin dela normalizazioa lortu. Jo dezagun, Azpeitiak epe motzean jauzi on bat egin eta egoera inbidiagarria lortzen duela. Hortik aurrera, Udalak badu bestelako lan zoragarria egiteko. Hasteko, inguruko enpresetan eta zerbitzuetan eragiteko dohain hori erabili behar du, neurri betearazleak hartuta. Adibidez, enpresa batek txosten bat egin behar duenean, txostena euskaraz helarazi beharko luke. Hortik hasi eta pentsa Udalak zer gaitasun izan dezakeen inguruan eragiteko. Nik uste dut horretan zentratu beharko lukeela oraintxe bertan Azpeitiak.

Beraz, oinarri on bat egon badago baina haratago joan beharko genuke...

Nik uste dut Udalak espazioan eragin dezakeela, epazioak Udalean eragin dezakeen bezala edota norbanakoak udaletxean eta espazioan eragin dezakeen bezala. Hor komunikazio gurpil ikaragarria eman daiteke norbanako, espazio eta Udalaren arteko lankidetzan oinarrituta. Zutabe bakoitzak hartu behar du beste zutabeetan eragiteko konpromisoa. Adibidez, enpresek eta inguruko zerbitzuek hizkuntza eskubideak ez dituztela bermatzen ikusten bada edota maizegi urratzen badituzte, hor eragite lan bat badagokie gainerako zutabeei.

Azpeitiak senidetasun hitzarmena sinatu zuen Hazparnerekin 80ko hamarkadan. Hazparnek 0,21 puntu lortu ditu eta Azpeitiak 6,82. Euskararen ofizialtasunak ba al du horretan zerikusirik?

Argi dago Gipuzkoan bertan topa ditzakegula penagarri atera diren udalerriak. Hor dago Errenteria 3,11ko notarekin... Zer gertatu da hor? Hainbat kontu arautzen da, baina gero ez dira betetzen hartutako konpromisoak. Dena hanka-motz uzten da. Udalerri batzuk bide erdian geratu dira zenbait kontutan. Izan ere, hizkuntza ofiziala izanda ere, Oion edo Bizkaiko Ezkerraldea desastre hutsak dira hizkuntz politikari dagokionez. Leku horietan euskara ofiziala da, baina non uzten dituzte euskaldunak? Behin mutiko batek Barakaldon egindako hausnarketak zer pentsatua eman zidan; ofizialtasunari dagokionez, esaten zuen Barakaldon dagoeneko 20.000 pertsona zenba daitezkeela euskaldun eta ia euskaldunen artean. Beraz, Barakaldon Bermeon baino euskaldun gehiago dago. Sarritan esaten dugu: “Han gutxi dira...”. Baina ez, gutxi ez dira.

Azaleratu diren arazoei jarraipenik egitea aurreikusi al duzue?

Guk ez diogu herri bati zer egin behar duen adierazi nahi. Hutsuneak non dauden zehaztu dugu, baina lekuan lekuko Udalari, euskalgintzari eta eragileei dagokie lehentasunak zein diren adieraztea. Leku bakoitzean zer lehentasun markatu diren jakin nahiko genuke, zubi lana egiteko. Esaterako, Azpeitian dagoen kezka berbera badute Bergaran, eta Azpeitian ildo hori jorratzen duten neurriak hartu badituzte, ez legoke gaizki Bergararakoei horren berri ematea haiek lanean hasteko irizpide batzuk izateko. Sormen lan ikaragarria egin behar izaten da gauza bat nola landu asmatzeko. Ondorioz, neurketan posizio xumeagoetan dauden udalerrientzat izugarri emankorra izan daiteke herrien arteko zubi lan hori burutzea.

Azken batean, Azpeitiaren gaur egungo egoera zein da eta zer egin beharko litzateke aurrerantzean?

Guk egindako galdetegiak ez du monografikorik egiten, udalerri bakoitzaren egoeraren bizkarrezurra trazatzen du. Ildo horretan, gaur egun Azpeitia parametro onargarrietan dagoela esan genezake; hau da, euskara lehenesteko bide horretan dagoela. Beraz, gauza gutxi zuzenduta gaindi dezake ateratako nota. Hala ere, Udalak bere buruari begiratu behar dio hobetzeko, baina gero inguratzen duen gizarteari begiratu beharko lioke. Horrela, lan mundua euskalduntzeaz gain, aitzindari bilakatuko da beste udalerrientzat.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak