HIZKUNTZA ESKUBIDEAK
|
 |
|
|
 |
ORRI HAU...
|
 |
|
|
 |
|
|
Koldo Izagirre
Baite Euskara Elkarteak antolaturik 25 bat lagun bildu ziren 2003ko apirilaren 9an Azpeitian Enparan Dorretxean Koldo Izagirre idazlearen hitzaldia entzuteko. 'Greenwichekoa ez da meridiano bakarra' izan zuen gaia.
Baite Euskara Elkarteak antolaturik 25 bat lagun bildu ziren 2003ko apirilaren 9an Azpeitian Enparan Dorretxean Koldo Izagirre idazlearen hitzaldia entzuteko. Greenwichekoa ez da meridiano bakarra izan zuen gaia. Hona haren hitzaldiko bi pasarte:
Euskaldunok gutxiengotuak gara, beste multzo batekikoak. Esate baterako, ‘euskarazko irratsaioen entzuleak biztanlegoaren hainbeste dira’, esaten zaigu. Euska-razko prentsaren erosleak populazioaren %ko hainbeste dira. Soziologia hori faltsua da gutxienez, gaiztoa ez bada. Nola estrapolatuko dugu euskararen entzutea euskara ulertzen ez dutenetara? Nola izango da erreferentziazko datua Egunkaria populazioaren hainbesteko batek erosten zuela, populazioaren hainbestekok Egunkaria-ren hizkuntza ulertzen esaten ez bazaigu? Gu berez gara edo bestez? Nola izango da datu baliagarria euskaldunetan zenbatek ez dakien irakurtzen esaten ez bazaigu? Berotu egiten gara, egia da, eta ez zaigu komeni, zer edonork bota diezaguke aurpegira egia biribil hau: ‘Adiskidea, euskararen garapena populazio osoak pairatzen du zergen bitartez’. Arrazoi du, baina ez gaitezen larritu, erantzuna oso sinplea da: ‘Bai, populazio osoak pairatzen du hizkuntzen garapena; euskaldunok adibidez, etengabe ari gara gaztelaniaren eta frantsesaren garapena sustatzen; hala zerga zuzen eta zeharrekoen bitartez, nola Durangoko azoka edo Ziburuko atun festa antolatzen dugun aldiro. Gure erdaldunek ez dute uste, baina euskaldunok ederki finantziatzen dugu gaztelaniaren eta frantsesaren garapena’. Oso barneratua daukagu hemen elebidun bakarrak euskaldunok garen lelo hori, baina garaia da horren ondorio ekonomikoa formulatzeko: euskaldunok doblea ordaintzen dugu”.
“Gu, ez gara etnia bat, gu nazionalitate bat gara. Gure hizkuntzaren iraupena bera ez zen posible izango euskarri historiko eta sozial bat gabe. Eta historiaren zordunak garen neurrian iraungo dugu, gure memoria horizontala zabalduz eta garatuz. Gure identitatea, euskaldunon egungo izatea, harremanetan sortua da, hizkuntzak berak frogatzen du. Hitzen ia %70a kanpokoa dugu. Euskara, ez ote da borroka, istripu, galera eta mailegu askoren ondorioa? 20 zenbakian oinarritutako kontaketa sistema daukagu, hori zelta omen da. Euskara ez da sustrai bakarrekoa. Alferri-kakoa da linguisten ahalegina, ez dute euskararen enborra inoiz aurkituko. Gure kultura konposatua da, eta, nire ustez, horrela jarraitu behar du izaten; horrela izango gara euskaldunago”.
|