Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 6,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Euskara »  Dokumentazioa »  Uztarriaren hitzaldiak »  Iñigo Aranbarri

 HIZKUNTZA ESKUBIDEAK

 EUSKARA

 ORRI HAU...

 

Iñigo Aranbarri

Baite Euskara Elkarteak antolaturik, 25 lagun bildu ziren 2002ko azaroaren 20an Azpeitiko Aitonenan Iñigo Aranbarri idazlearen hitzaldia entzuteko. Hizkuntza, euskara eta ideologia izan zuen gaia. Hona pasarte batzuk:

"Euskaldunon artean eta aurreko mende hasieran Aranak eta bere jarraitzaileek euskararekin egin zutena ere argigarria da. Helburua gazteleraren antzik ez zuten hitzak asmatzea zen nonbait baina euskaldunek ulertzen ez zuten hizkuntza asmatu zuten. Gaur egun ere adibide ugari dira. Su-etenaren garaian ETA ‘erakunde armatua’ zen. Pixka bat lehenago ‘talde terrorista’ izan zena eta su-etena hautsi ondoren berriro izan den bezala. Lizarra-Garazi garaian ‘eskenatokia’ hitza ugari erabili izan da. Elkarri-k asmatu zuen ‘gaitzetsi’ esan beharrean ‘ezetsi’ esatea, arrakasta gehiegirik izan ez arren. Otegik eta baita Ibarretxek berak ere ‘argazkia’ erabiltzen dute, baina horrekin komunikabideetan hurrengo egunean aterako den irudiaz ari dira. Konstituzionalistek ‘gu demokratok’ esango dute; argi dute beraiek direla demokratak, ez beste inor”.

“Galduta ditugu behera eta gorako erreferentziak. Lehen ibaiaren arabera ‘behera’ zen eta ‘gora’ haren aurka. Gaur ‘behea’ eta ‘goia’ maparen arabera dira; Madrilera ‘bajatu’ egiten gara”. “Beste gauza bitxia: Nafar Gobernuari eskatzen diogu Espainiako monarkiaren arrastoak ezaba ditzan eta noiz eskatu behar diogu gauza bera Realari? Nafarroak kendu ditu bere armarritik, eta Realak noiz? Eraikitzen ari garen euskal ereduari harrika egin beharrean gaude behin baino gehiagotan. Iparraldeko kirolariak Iparraldekoak dira soilik; hemengoak, ordea, herri, auzo eta guzti. Didier Deschamps Iparraldeko jokalaria da; Urzaiz nafarra, Olano Anoetakoa eta Unanue Añorgakoa. Ez dugu maleziaz egiten, oso jatorrak gara, baina hala egiten dugu”.

"Egia ez izan arren eta hori badaki berak, Ibarretxek euskaldun guztion lehendakari dela esaten du. Nafarrak, lapurtarrak, zuberotarrak zer? Euskadi hitza nahiko erabakia dago Euskal Autonomi Erkidegoa dela baina Euskal Herria hitzarekin aberiak egiten ditugu oraindik... Eta Jauregui sozialista da eta Jauregi Udalbiltzakoa. Abertzalea bada euskal grafiaz eta bestela erdal grafiaz".

"Hizkuntzarekiko filtro honetan eskertzekoa da Antton Olariagak umore ez diglosikoa eginez eta Egunkaria-k estilo liburuaren bidez egiten diguten lana. Kultur Komunitatea garela onartzen bada zenbait jokabide ez doaz bide beretik. ETB2 batez ere baina baita ETB1eko zenbait jokabide ere ez dagozkio Komunitate horri. Euskaldunon ikuspegitik oso urruti dabiltza".

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak