HIZKUNTZA ESKUBIDEAK
|
 |
|
|
 |
ORRI HAU...
|
 |
|
|
 |
|
|
Udala eta Uztarria, akordioa lortzeko azken zehaztapenak adosten
Kontseilua ere bildu da Udalarekin, Bai
Euskarari Ziurtagiria dela eta; hitzarmena hurrengo egunetan ixtea espero du Uztarriak
Azkenaldian aldizkari honetan argitaratu den bezala, Azpeitiko Udala eta Uztarria Kultur Koordinadora herrian euskara normalizatzeko planaren inguruan hitz egiten ari dira, bi erakundeon ekimenak eta plangintzak uztartu asmoz. Urte hasieratik hona askotan bildu dira bi parteak, eta azkeneko bileren ondorioz, akordioa ia lortuta dagoela esan daiteke. Zehaztapen txiki batzuk erabakitzea baino ez da falta, akordioaren muina adostuta dutelako, eta Uztarriak hitzarmena hurrengo egunetan ixtea espero du.
Udalaren eta Uztarriaren arteko harremanak direla eta, Kontseilua ere Udalarekin bildu zen orain dela aste batzuk (otsailaren 12an). Izan ere, akordioaren ondorioz, Uztarriak herrian eragileei Bai Euskarari Ziurtagiria erabiltzeko gonbita egitea proposatu du, eta ziurtagiri hori Kontseiluarena denez, erakunde honek proiektuaren xehetasunak azaldu zizkion Azpeitiko Udalari otsailaren erdialdera herrian egindako bileran; Uztarriak ere hartu zuen parte bertan. Azpeitiko euskararen normalizazio bidean Bai Euskarari Ziurtagiria dagoeneko zabaldua dagoen tresna dela azpimarratu zuen Kontseiluak (herrian 36 eragilek daukate), eta, beraz, kontutan hartzekoa.
Siadeco aukeratu du. Bitartean, Udalak Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiko lanak aurrera eramateko zerbitzu enpresa bat kontratatu du, batzuen eskaintzak aztertu ondoren. Enpresa hori Siadeco Ikerketa Elkartea da. Akordioa-ren ondorioz, Uztarriak lan eremu bat jorratuko luke (merkataritza eta herri elkarteak), betiere Siadecorekin eta Udalarekin elkarlanean. “Egun hauetan bilduko gara Siadecorekin, eta horren ondoren itxiko dugu hitzarmena Azpeitiko Udalarekin, gauzak ondo badoaz”.
Hau, lehen pausoa. Uztarriaren iritziz, “akordioa herrian euskararen normalizazioan oso garrantzitsua izango da, bi erakundeon arteko indarrak biltzea eta prozesuari norabidea ematea ezinbestekoa delako; argi dago honen guztiaren ondorioa euskararen mesederako izango dela”.
Akordioa itxi aurretik, EBPN-ko Aholku Batzordeko kideen iritzia jakin nahi du Uztarriak, eta haiek baiezkoa emanda soilik sinatuko luke. Bestetik, herrian orain emango den pauso hau, garrantzitsua izateaz gain, “aurreneko pausoa baino ez da, balitekeelako orain dena ez adostea —desadostasunak daude Urola-Kostako Hitza euskarazko egunkari sortu berriari eman beharreko diru laguntzan—, baina elkarrenganako konfiantzak gora egingo duelakoan gaude eta akordio gehiago lortuko ditugulakoan”.
|