Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko azaruek 23,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Euskara »  Dokumentazioa »  Azpeitiko euskalgintzaren euskara aldizkaria »  2004 urtea »  20. zenbakia - 2004ko urtarrila »  Udaltzaingoaren errespetu falta berriro euskararekiko

 HIZKUNTZA ESKUBIDEAK

 EUSKARA

 ORRI HAU...

 

Udaltzaingoaren errespetu falta berriro euskararekiko

E.M.A. azpeitiarrari gazteleraz jarri zioten autoko isuna, eta horretaz kexatu zenean, udaltzain batek erantzun zion nahi duen bezala idatziko zuela

 

Berriro gertatu da eta ez da lehenengo aldia: Azpeitiko Udaltzaingoak isuna gaztelera hutsean ipini du. Orain kasua E.M.A. azpeitiarrak salatu du, Udaltzaingoan, baina oraingoan udaltzain bat urrutirago joan da, E.M.A.k Uztarriari esan dionez: "Udaltzainak, isuna idaztean ez ezik, euskararekiko errespetu falta eduki du, berak isuna nahi duen hizkuntzan idatziko duela esan zidalako".

Azaroaren erdialdera gertatu zen. Azpeitiko udaltzain batek isuna ipini zion E.M.A.ri, honek autoa gaizki aparkatua zuelako. Isuna gaztelera hutsean zegoen idatzita —argazkian; beste askotan bezala—, baina E.M.A. batez ere isunaren arrazoiagatik kexatzera joan zen udaltzainen egoitzara. "Nire kexaren ondoren, esan nien isuna gazteleraz zegoelako ere kexatzen nintzela, modu onean esan ere. Ondoren, udaltzain hark erantzuna eman zidan, idatziz, eta bukaeran zera jarri zidan: "Euskaraz salaketa ez dudalako idatzi berriz, nahi badezu euskaraz, gazteleraz edo frantzesez idatziko dizut, baina horrek ez dauka salaketa ondo edo gaizki ipinita dagoenarekin zer ikusirik" (sic). Horrek min eman zidan, euskararekiko errespetu falta erakutsi zuelako".

Uztarriara jo du E.M.A.k, kasua publiko egitera. "Azpeitian bizi gara, udaltzainek edozein isun euskaraz jarri behar dute, eta gero, baten batek ez badu ulertzen, jo dezala zilegitasun osoz Udaltzaingora, itzul diezaioten. Hemen, lehendabizi, euskaraz, gure hizkuntza delako. Baina ez, isunak ere gazteleraz jartzen ditu udal erakunde batek; gainera, onean esan eta errespeturik gabeko erantzuna eman zidan udaltzainak".

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak