Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko azaruek 23,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Euskara »  Dokumentazioa »  Azpeitiko euskalgintzaren euskara aldizkaria »  2004 urtea »  20. zenbakia - 2004ko urtarrila »  Udalaren esku dago euskalgintzak eskainitako elkarlanerako aukera

 HIZKUNTZA ESKUBIDEAK

 EUSKARA

 ORRI HAU...

 

Udalaren esku dago euskalgintzak eskainitako elkarlanerako aukera

Uztarriak bileran ere esan zion EBPNn diseinuan eta lanean parte hartu nahi duela, bere ekimenak planean bertan uztartuz

Une garrantzitsua bizi du euskarak Azpeitian, oso aukera ona dagoelako euskararen normalizazioan pauso handiak emateko. Udalean Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiko (EBPN) Plan Estrategikoa onartuta dago, 2004ko Kudeaketa Plana ere bai, otsailean Urola-Kostako Hitza egunkaria sortuko da... eta hori guztia kontuan hartuta, euskalgintzak, Uztarria-ren izenean, elkarlanerako proposamen zehatza egin dio Azpeitiko Udalari. Abenduaren 15ean egin zuten bi parteek bilera, udaletxean, eta Uztarriak "proposamen logikoa eta efektiboa" egin zien udal ordezkariei. Orain Udalari tokatzen zaio erantzuna ematea, "berea da erantzukizuna elkarlana lortzeko", dio Uztarriak. "Azken urteetan bakoitzak bere kasa jardun du, garaia da elkarlanerako, jokoan dago harremanen normalizatzea euskara bera normalizatzeko, eta euskalgintzak Udalaren beharra duen bezala, guk uste Udalak euskalgintzaren beharra duela. Aukera ona daukagu eta guk garbi erakutsi dugu jarrera ona, eraikitzailea eta parte-hartzailea dugula. Ea Udalak ere hala duen".

Uztarriak 2004-2007ko Plan Estrategikoaren eta 2004ko Kudeaketa Planaren alde bozkatu du Aholku Batzordean EBPNko organua da hori eta herriko eragileek parte hartzen dute—, "ez du batere trabarik jarri, nahiz eta Udala presaka ibili den plan horiek onartzeko". Izan ere, 2003a bukatu baino lehen onartu behar zituen, 2004an EBPNrako Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzak lortzeko. Orain Uztarriak, bazkideen batzarraren baimena izandakoan, EBPN bera "aberasteko eta herriko euskalgintzaren eta eragileen parte-hartzea bultzatzeko eta lortzeko" Azpeitiko Udalari "lankidetzarako" proposamen zehatza egin dio.

Besteak beste, plana garatzeko teknikariak hartu behar direnean, euskalgintzarekin kontatzeko eskatu dio Udalari. "Normalizazioarena borondateko prozesua da, eragileak ondo zaindu behar dira, hauen gainean egon behar da uneoro, lagunduz, eta horretarako oso garrantzitsua da hurbiltasunaren faktorea. Euskalgintzak egunero hainbat harreman ditu herriko dendekin, elkarteekin, enpresekin, ikastetxeekin… eta hori oso garrantzitsua da", dio euskalgintzaren izenean Uztarriak.

Ziurtagiria

Ziurtagiriari buruz, "gaur Azpeitian dagoen ziurtagiri bakarra, Bai Euskarari Ziurtagiria da. Herrian 36 eragilek dute, eta hor Uztarria (lehen Baite) ari da koordinazio lanean, Kontseiluarekin elkarlanean. Guk diogu plan estrategikoa egitean errealitatetik abiatu behar dugula; alegia, orain EBPN dela dagoen plan bakarra eta hori hartu behar dela oinarri. Ziurtagiriarekin gauza bera diogu: Bai Euskarari Ziurtagiria da herriko ziurtagiri bakarra eta denok —euskalgintzak, Udalak…— hori bultzatu beharko genuke, eragileak hori erabiltzera gonbidatuz eta lagunduz. Udalak beste ziurtagiri bat aterako balu, bikoizketa litzateke eta herrian nahasketa sortuko luke".

Gabonetako oporren ondoren bilduko dira berriro Udala eta Uztarria. "Udalari tokatzen zaio pausoak ematea. Euskalgintzak EBPNn parte hartuko du, betiere parte sentitzen bada. Hasieran elkarlanean aritzea kostatu egingo zaigu, baina merezi du".

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak