HIZKUNTZA ESKUBIDEAK
|
 |
|
|
 |
ORRI HAU...
|
 |
|
|
 |
|
|
Uztarriak eta Baitek jarrera ona dute, baina 'euskalgintzarekin kontatu egin behar da'
Bi erakundeek ontzat jo dute EBPNren Plan Estrategiko orokorra, “eta orain Kudeaketa Planean asmatu beharko da: diseinuan, jarraipenean eta eguneroko lanean”
Urriaren 23an izan zen, Sindikatu Zaharrean, Az-peitiko Euskararen Aholku Batzordearen bilera —bere bigarrena— Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiko (EBPN) 2004-2007 urteetako Plan Estrategikoa onartzeko. Ondorengo idatzia aurkeztu zuten Uztarria Kultur Koordinadorak eta Baite Euskara Elkarteak:
Sarrera
Gaur, Uztarria Kultur Koordina-doraren eta Baite Euskara Elkartearen ordezkari bezala hitz egingo dugu, Azpeitiko euskalgintzaren izenean. EBPNko Plan Estrategikoari buruz ariko gara, eta uste dugu Uztarriaren eta Baiteren iritzia ere garrantzitsua izango dela. Izan ere, euskalgintzan burubelarri dabiltzan bi erakunde dira: Uztarriak jadanik bost urte eta erdiko ibilbidea dauka, dezente emankorra, eta sortu zenean, herriko euskarako eta kulturako 25 bat taldek eta lagunek sortu zuten; Baitek ia hiru urteko ibilbidea dauka, oso aktiboa, eta sortu zenean, herriko euskalgintzako erakunde guztiek sortu zuten. Uztarriaren eta Baiteren artean, gainera, mila bazkide dituzte.
Orain Azpeitian, euskararen normalizazioari dagokionez, EBPNren egitasmoa dugu. Bai lehen eta bai orain, Uztarriak eta Baitek batera hartu dituzte erabakiak, gogoeta egin ondoren, eta gaur batez ere gure jarrera zein den eta zein izango den azalduko dugu. Laster aurkeztuko dugu gure proposamena.
Azkeneko egunetan euskalgintzaren kontrako beste eraso gogor bat izan dugu. Euskal-gintzak beti esan duena berretsi beharra dauka: euskararen aldeko akordio zabala behar dugu, eta parte-hartzailea. Azpeitiko kasuan (ere), euskalgintzak udalaren beharra dauka, eta udalak euskalgintzaren beharra. Eta biek herriko eragileena. Aukera ona dugu orain, eta hori lortzeko jarrera daukagu guk. Bigarren aukera dugu Azpeitian, lehenengoan, Bai Euskarari Akordioan, huts egin zelako, denok ez ginelako gai izan adostutako plan estrategiko bat martxan jartzeko (Azpeitiko Udalak aurretik Akordioa sinatu egin bazuen ere).
Uztarria-Baitek gaurdainokoaz
- Azpeitiko euskalgintza duela urte batzuetatik ari zen esaten bitartekoak jarri behar zirela gure herrian euskaraz bizitzea lortzeko: 1995ean EHEk udal euskara teknikaria eta Udal Euskara Batzordea eskatu zituen, 2000an Kontseilua-rekin batera plan estrategikoa abiatzea erabaki zuen euskalgintzak… Horretaz gain, 1999-an herri aldizkaria sortu zen, 2002an web orrialdea, 2001-ean euskara elkartea, 2000tik daude Bai Euskarari Ziurtagiria-k… Euskalgintza, beraz, bide horretan pausoak ematen dabil.
- 2001 bukaeran jarri zen abian EBPN. Baina udalak bere kasa abiatu zuen, euskalgintzarekin adostu gabe eta Kontseiluarena albo batera utziz —nahiz eta udalak berak ere sinatuta zeukan Bai Eus-karari Akordioa—. Horrelakoak saihestu beharra dago, euskararen onerako ez direlako eta herritarren noraezerako direlako. Hala, euskalgintzak orain ez du bere kasa beste plan estrategiko bat martxan jarriko. Adostasuna bilatuko du.
- Orain plan estrategiko bat martxan jarri nahi da eta, beraz, aukera ona dago Azpeitian. Pozgarria litzateke aukera ondo baliatzea.
Uztarria-Baiteren jarrera
- Uztarria-Baitek jarrera positiboa dauka, eta eraikitzailea. Parte-hartzailea ere izan nahi du.
- Pozik gaude Azpeitian euskararen normalizaziorako plan bat martxan jarri nahi delako. Azpeitian ez gara euskaraz bizi eta hori lortzeko erabakigarria da plan estrategikoa ere.
- Euskalgintzakooi ez digu hainbeste axola planaren izena, izana baizik.
- Euskalgintza egunero ari da lanean euskararen alde, bere ikuspegia ez da bere esparrura soilik mugatzen, baizik eta herri osora, bere helburu bakarra euskaraz bizitzeko aukera lortzea da, eta horretara bideratzen du eguneroko jarduera. Beraz, euskararen normalizazioarekin zerikusia duen edozein plan estrategikok euskalgintzarekin kontatu egin behar du.
- EBPNren 2004-2007ko Plan Estrategikoa ondo leitzeko denbora gutxi izan dugu (ez gara guk nahi bezain ondo hasi, beraz), eta, gure iritziz, plana bera orokorra da. Baina, mezua ulertu dugun neurrian, egokia iruditzen zaigu. Kudea-keta Planean asmatu beharko da, ordea; diseinuan, jarraipenean eta eguneroko lanean. Denon artean egin behar dugu hori. Baina gaur Plan Estrategikoaz hitz egin behar dugunez, plan orokor hori behintzat, ontzat jotzen dugu.
Uztarria-Baitek aurrera begira
- Proposamen logiko eta efektibo bat lantzen ari gara, eta EBPNko Aholku Batzordean eta udal agintariei azaltzeaz gain, herri osoan azalduko dugu, denon proposamen bihurtzeko.
- Gure proposamenean ez dira ezbaian jarri nahi EBPN eta bere erabakiguneak. Proposamenaren bitartez osatu egin nahi dira.
- Euskalgintzak bere indar guztiak jarri nahi ditu adostutako plan estrategiko batean. Gure konpromisoa nolakoa den garbi erakutsia dugu geure taldeon sorreratik, eta aurrerantzean ere gogor egingo dugu lan.
- EBPNren kudeaketa plana uneoro aztertuko dugu, eta, besteak beste, dagoenaz gain zer egin daitekeen esango dugu.
- Gauzak gure ustez nola egin behar diren ere esango dugu.
- Azpeitian euskaraz bizitzeko motibazio lana egingo dugu gure bitartekoekin.
- Herritarrei esango diegu normalizazioarena borondateko prozesua dela, inor behartu gabekoa. Baina herritarren parte-hartzea bultzatuko dugu, bakoitzak bere esparruan aurrerapausoak eman ditzan.
- Kritikoak ere izango gara euskararekiko axolagabekeria duten talde-elkarte-komertzio-erakundeekiko, edo kontrako jarrera dutenekiko… Gure hizkuntza errespetatzen ez dutenekiko, azken batean.
- Udaletik, euskalgintzatik edota gizarte eragileetatik gauzak hobeto egin daitezkeela ikusten badugu, kritika edo autokritika egingo dugu. Kritika eraikitzaileak izango dira.
- Proposamena zehazten dugunean, udalaren eta euskalgintzaren artean adostasuna lortuko balitz, Uztarria eta Baite prest egongo lirateke euskararen normalizazioarekin eta garapenarekin zerikusia duten beraien ekimen garrantzitsuak normalizazioko planaren barruan txertatzeko: komunikabideak, Bai Euskarari Akordioko Bai Euskarari Ziurtagiria, gazteria arloa, etorkinen arloa…
- Udal Aholku Batzordean gaur egun daudenek egon behar dute gero ere, baina baita beste batzuek ere: sindikatuek, euskara lanabes duten beste batzuek (irakasleek, idazleek, kazetariek…)… Eragile eta norbanako gehiagok hartu behar dute parte, azkenean emaitza hobea izateko.
EBPNren "hiru helburu estrategikoak"
Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren “helburu nagusia, euskaraz bizi nahi duten herritarrei horretarako aukerak bermatzeko behar diren hizkuntza-politikako neurriak erabakitzea eta bultzatzea da. Euskal Herrian, maila pertsonalean, sozialean eta ofizialean, euskararen berreskurapen osoa lortzeko euskararen aldeko urratsak areagotzea”.
Hauek dira Plan Estrategikoaren “hiru helburu estrategikoak”:
- Euskara ondorengoetaratzea.
- Irakaskuntza.
- Euskalduntze-alfabetatzea.
- Familia.
- Euskararen erabilera: euskararen aldeko auzogintza eta zerbitzugintza.
- Administrazioa.
- Informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak.
- Enpresa-mundua.
- Aisia.
- Kirola.
- Erlijioa.
- Euskararen elikadura.
- Corpus-plangintza eta euskararen kalitatea.
- Liburugintza.
- Publizitatea.
- Kulturgintza.
- Hedabideak.
Aurkeztutako idatzia aktan
Uztarriak eta Baitek, urriaren 23an Euskararen Aholku Batzordean aurkeztutako idatzia aktan jasotzea eskatu zuten. Eta bileraren bukaeran hara joandako batzordekide bakoitzari idatziaren kopia bana eman zieten.
Tolosako teknikariaren iritzia
Iñaki Azaldegi, Tolosako udal euskara teknikariak Uztarria herri aldizkarian idatziriko iritzi artikulua e-mailez pasatu diete Uztarriak eta Baitek batzordekideei, “interesgarria baita, eta guk pentsatzen duguna ondo islatzen duelako; alegia, udalak, euskalgintzak eta gizarte eragileek elkarrekin egin behar dutela euskararen normalizaziorako planaren diseinua, jarraipena eta lana”.
Pausoak
- 2004ko plana. Udalak EBPNko 2004ko Kudeaketa Plana egin eta Eusko Jaurlaritzara pasatuko du, han ontzat jotzeko. “Gero Azpeitiko Aholku Batzordean aurkeztuko du”, honek onartzeko, gero udalak, abendurako EJra bidaltzeko.
- Uztarria-Baite: proposamena. Biek proposamena egingo dute azaroan, planean parte hartzeko; herriko eragileei aurkezten hasiko dira.
Uztarriaren eta Baiteren proiektuak
Baite eta Uztarria sorreratik ari dira euskararen alde, ekimenak gauzatuz (behean azaltzen dira). Baditu ekimen gehiago: etorkinen liburuxka, efemeride liburua, mendi gida, komunikazio proiektu interesgarri bat laster... Beraz, euskararen arloan, herriko eragile aktiboenetakoak dira.
_____________________________________________________________________
Udala bi urte Plan Estrategikoa onartu gabe eta Aholku Batzordea osatu gabe egon dela eta, orain gauzak denon artean hobeto egiteko balioko al du horrek?
|