Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 11,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Euskara »  Dokumentazioa »  Azpeitiko euskalgintzaren euskara aldizkaria »  2003 urtea »  15. zenbakia - 2003ko uztaila »  “Udalak eta euskalgintzak bat egin behar dute, eta Zestoa eredu izan daiteke Azpeitiarentzat”

 HIZKUNTZA ESKUBIDEAK

 EUSKARA

 ORRI HAU...

 

nora palmitano. Zestoako Udaleko Hizkuntz Normalkuntzako teknikaria

“Udalak eta euskalgintzak bat egin behar dute, eta Zestoa eredu izan daiteke Azpeitiarentzat”

Zestoan, Azpeitian baino aurreratuago doaz Bai Euskarari Ziurtagiria (BEZ) egitasmoarekin. Han, gurean ez bezala, Udala eta euskalgintza batera ari dira (Azpeitian Bai-tek eta Kontseiluak bultzatu dute BEZ). Baiteren aldizkari-ak Nora Palmitano, Zestoako Udaleko Hizkuntz Normalkuntzako teknikariarekin hitz egin du hangoaren berri jakiteko. Eta inbidia eman digu.

Argentinar euskara teknikaria
Argentinar euskara teknikaria.  Nora Palmitano argentinarra da eta kasualitatez iritsi zen Euskal Herrira. Haren asmoa, Espainiara joan eta Andaluziako herri txiki batean bizitzea zen, baina lagun batzuei kasu egin eta hona etorri zen. Euskara ikasi zuen, eta egun Zestoan egiten du lan. Udal Hizkuntz Normalkuntzako teknikaria da; hiru urte daramatza. 
  • Zorionak, lehendabizi. Herriko 29 gizarte eragilek Bai Euskarari Ziurtagiria jaso zuten ekainaren 7an. Nola joan zen eguna?

    Primeran. Dena oso ondo, eguraldia lagun. Antolaketa, oso ona izan zen. Herritarrek inplikatzen asmatu zuten: elkarte gastronomikoek otamena prestatu zuten (dirua Egunkaria-rentzat izan zen), eskola txikietako haurrek abestu eta txistua jo zuten; gainera, txalaparta, aurreskua... egon ziren, eta ukitu herrikoia eman zioten. Oso xumea eta polita izan zen. Prozesu baten bukaera izan zen ordukoa. Orain beste fasearen hasiera dator; hau da, konpromisoen hasiera.

  • Zestoa noiztik ari da Bai Euskarari Akordio eta Konpromiso Prozesua garatzen? Zergatik?

    Euskara Batzordeak hainbat ekimen egin zituen, baina herri mailako plangintza behar zela ikusirik, bi proposamen zeuden hori aurrera eramateko: Kontseiluaren Plan Estrategikoa eta Eusko Jaurlaritzaren Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN). Horrela, bilerak egin ziren eta proposamenak aztertu ziren. Biak erabat uztargarriak direla ikusi zen, eta martxan jarri zen Bai Euskarari Akordio eta Konpromiso Prozesua. Aholku Batzordearen baldintza, euskalgintzak parte hartzea zen; beraz, zorionak eman behar zaizkio herriko euskalgintzari, prozesu hau aurrera eramateko erronka hartu duelako. Gainera, herriko gizarte eragileek UEMAren laguntza izan dute.

  • Nolakoa izan da herriko gizarte eragileen erantzuna? Nolako konpromisoak hartu dituzte?

    Oso maila onetik abiatu dira herriko eragileak. Bakoitzak dagozkion konpromisoak hartu ditu, ezin da esan justu nolako konpromisoak diren. Pauso txikirik ez dagoela aipatu behar da, denak dira garrantzitsuak.

  • Zein sektore da azpimarragarri prozesu honetan? Udala bera ere planean sartuta dago, ezta?

    Bai. Eta arlo asko daude: merkataritza, elkarteak, kirola, lan mundua, hezkuntza...

  • Zein da euskararen gaur egungo egoera Zestoan? Zein dira indarguneak? Eta, euskararen normalizaziora begira beti ere, zailtasunik handienak non daude?

    Oso maila handia dago herrian, baina horrek ez du esan nahi %100ean bermatua dagoenik, hutsune batzuk daudelako. Gune indartsuenak, etxeko hizkuntza eta lagunartekoa dira. Egin beharreko pausoak, zerbitzu eta lan mundukoak dira batez ere. Helduen arloan (hemezortzi urtetik gorakoenean), arlo batzuk ezin dira euskaraz egin: ikasketak, lana... Gainera, ohitura, aisia eta kiroletan ere pausoak emateko daude.

  • Euskararen normalizazio bidean, garrantzitsua al da Bai Euskarari Ziurtagiria?

    Ziurtagiriak konpromisoa adierazten du. Gero hauek bete egin behar dira. Garrantzitsue-na eguneroko jardunean konpromisoak betetzea da. Eragileak urratsak ematen ari dira eta herritarrek saritu egin behar dute hori. Horrek, erabileran eragin egin beharko luke.

  • Kontseiluaren lanak eta haren babesa edukitzeak zer esan nahi du? Nolakoa da harremana?

    Prozesua aurrera eramateko metodologia bat ematen du Kontseiluak. Oso garrantzitsua da hori, bestela prozesua askoz ere luzeago litzateke. Kontseiluaren urteetako lana ez da alferrikakoa izan.

  • Azpeitian, zuenean ez bezala, Udala eta euskalgintza ez daude bat eginda. Oraingoz, ez dute bat egin plan batean, Baite Euskara Elkarteak eskaintzak egin arren. Zuk zer mezu helarazi nahi diguzu?

    Gauzak elkarlanean egin behar direla. Euskararen alde egiten diren lanak osagarriak dira, mezua koherentea bada. Alde horretatik, Zestoa eredu izan daiteke Azpeitiarentzat ere. Hemen Kontseilua, UEMA, Udala eta euskalgintza uztarturik daude. Beraz, lanean batera hasteko gonbitea helerazi nahi dizuet.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak