Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 28,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Euskara »  Dokumentazioa »  Azpeitiko euskalgintzaren euskara aldizkaria »  2003 urtea »  13. zenbakia - 2003ko maiatza »  Herrian ‘Bai Euskarari Ziurtagiria’ dutenen esperientzia ona

 HIZKUNTZA ESKUBIDEAK

 EUSKARA

 ORRI HAU...

 

Herrian ‘Bai Euskarari Ziurtagiria’ dutenen esperientzia ona

Herrian hamar eragilek dute 'Bai Euskarari Ziurtagiria': Iraurgi Ikastetxea, Kutxa, Eroski, Eroski Bidaiak, Euska-diko Latxa-Ardien Hazleen Elkartea (ELE), Gurekin Kontatu Kooperatiba, Gipuzkoako Frisoi Elkartea, GOE, Herri Behin Elkartea eta Gipuzkoako Txerrizaleen Elkartea eragileek; azkeneko seirak nekazaritzakoak dira eta Lurgintza kooperatiba barruan daude. Azpeitian Kontseiluak eta Baitek eragile gehiago nahi dituzte, eta martxan jarri dute Bai Euskarari Ziurtagiria, herriko dendak, enpresak... inplikatzeko. Aldizkari honetako zenbakian, Iraurgi Ikastetxera eta Lurgintzara jo dugu, ziurtagiriarekin zer moduz ari diren jakiteko. Gustura daude.

Bi bilera egin dira dagoeneko
Bi bilera egin dira dagoeneko.  Baitek eta Kontseiluak Azpeitian Bai Euskarari Ziurtagiria martxan jartzea erabaki dute, eta jada bi bilera egin dira herriko eragileekin. Aurrenekoa apirilaren hasieran egin zen, eta bigarrena aste honetan, asteartean. Baiteko herriko denda, enpresa, talde eta beste erabileekin harremanetan jarri da, beren esparruan euskaraz bizitzeko pausoak eman ditzaten, eta orain arteko erantzuna ona izan da. Konpromisoen garaia heldu da.  
 

1- Noiz egin zenuten ziurtagiria eta zergatik?

2- Zer suposatu dizue horrek lan eta emaitza aldetik?

3- Aurrerako zer asmo dituzue?

Iraurgi Ikastetxea

1- 2001-2002ko ikasturtean jarri genuen abian. Ordurako hiru urtez ari ginen Eusko Jaurlaritzaren Euskara Normalkuntzaren planean lanean, eta Bai Euskarari Ziurtagiria-ren proposamena iritsi zitzaigunean konturatu ginen martxan genuen proiektu haren osagarri egokia zela oso. Bestalde, FERE-EIEF ikastetxe erlijiosoen federazioa, Kontseiluarekin hitz egiten ari zen Bai Euskarari egitasmoaren inguruko hitzarmena egiteko, eta azkenean guztiontzat onuragarria zela ikusita, baietz esan genion. Euskararen alde ari garenon lana oharkabean pasatzen da askotan. Ziurtagiria, aldiz, gure lanari publikoki daukan balioa ematen dion proiektua da. Urtero berritzen dugun ziurtagiri hori, euskararen alde ari garela ziurtatzen duen dokumentu ofiziala da, eta horren bermea Kontseiluak ematen du. Kontseilua bezalako erakunde baten babesa izatea, geure buruari animoak eman eta aurrera egiten, lagungarria da”.

2- Aurretik jorratzen ari ginen Normalkuntza Planaren osagarri txertatu genuen, euskararen normalizazioa baitute biek helburu. Beraz, ez zigun lan gehiago eskatu. Aldiz, aurretik egiten ari ginen lana hobeto antolatzen eta bideratzen lagundu digu. Ikastetxe baten inguruan osatzen diren esparruak oso ondo zehaztuta zituen Kontseiluak. Esparru horiei zegozkien lanak oso modu orokorrean banatzen genituen guk, eta Kontseiluaren zehaztasunek asko lagundu digute egin beharreko ekintza bakoitza zein esparruri zegokion definitzen. Emaitzei dagokionez, lantzen ditugun esparruei buruzko ikuspegi objektibo kuantifikatua izaten lagundu digu, konpromiso bakoitza zenbateraino bete dugun eta oraindik egiteko duguna zenbateraino den jakiten. Alor bakoitzean eginbeharreko bidean non gauden erakusten digu zehatz-mehatz. Horretarako bi tresna eskaintzen ditu Kontseiluak: hartu ditugun konpromisoen eta ekintzen zerrenda zehatza eta maiatza bukaeran gurekin egiten duen bilera. Bilera horretan urtean egin dugun lana frogatzen duen materiala eta ziurtagiriak erakusten dizkiogu eta banan-banan errepasatzen dugu konpromiso bakoitza eta egin dugun lana”.

3- Urteko lanaren balorazioa egingo dugu ikastetxean, eta Kontseiluko ordezkariekin izango dugun bilerarako dokumentazioa prestatuko dugu. Bestalde, ikasturte honetan herriko lau ikastetxe erlijiosok bat egin dugu eta, ondorioz, hurrengo urteko konpromisoak guztion artean zehaztu beharko ditugu. Hasita gaude jada bilerak egiten eta lortu dugu lau ikastetxeetako ordezkariz osatutako euskararen normalkuntza batzordea osatzea. Normalkuntza bidean bakoitza non dagoen zehaztu eta guztiontzat komunak diren konpromisoak hartuko ditugu. Elkar ezagutzen joaten garen heinean, konpromisoak zehatzagoak izango dira eta konpromiso maila handiagoetan murgilduko gara, Guk zerbitzua eta lana euskaraz ziurtagiriak esan nahi duen normalizazio mailara lehenbailehen iristeko”.

Lurgintza

1- “Hamabost elkarte (GOE, Gitxezel, Gife, HEBE eta ELE) eta kooperatiba bat (Gureko) izan ziren 2000. urtean Bidean mailako ziurtagiria lortu zutenak. 2002an elkarte eta kooperatiba hauek berritu zuten maila berean. 2003an, konturaturik ELE, Gife, Gitxezel, HEBE eta Gurekoren lan baldintzak nolakoak diren (euskara hutsean egiten dute lana), Guk zerbitzua eta lana euskaraz maila lortu dute. GOEk bere ezaugarri bereziengatik (denak ez dira euskaldunak) Zerbitzua euskaraz maila eskuratu du. Beraz, GOEk izan ezik, beste guztiek maila gorena lortua dute”.

2- “Lanean berez aldaketa handirik ez du suposatu, lehenik elkarte eta kooperatiba hauek zuten izaera, partaide eta mentalitatearengatik euskara guztiz sustraituta zuten-eta bere egituran”.

3- “Helburua, maila mantentzeaz gain, maila hori daukagula jakinaraztea litzateke”.

Bi bilera egin dira dagoeneko

Baitek eta Kontseiluak Azpeiti-an Bai Euskarari Ziurtagiria martxan jartzea erabaki dute, eta jada bi bilera egin dira herriko eragileekin. Aurrenekoa apirilaren hasieran egin zen, eta bigarrena aste honetan, asteartean. Baite herriko denda, enpresa, talde eta beste eragileekin harremanetan jarri da, beren esparruan euskaraz bizitzeko pausoak eman ditzaten, eta orain arteko erantzuna ona izan da. Konpromisoen garaia heldu da.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak