Euskara elkarteak apirilaren 12an egin zuen batzarra; normalizazioa, kontzientziazioa eta komunikazioa izango ditu berriro ardatz
Baitek norabide berean segituko du lanean, ateak zabalik
Baite Euskara Elkarteak apirilaren 12an egin zuen bazkideen urteko batzarra, eta iaz hartutako bide berari eutsiko diola onartu zen bertan, betiere ateak zabalik. Hau da, euskararen normalizazioari begirako ekimenak egingo ditu, kontzientziazioa sustatuko du eta komunikazioa landuko. Eta beti egongo da beste eragileekin lan egiteko prest. Hona bazkideek batzarrean ontzat jotakoa:
|
|
Baiteko bazkideen batzarra, apirilaren 12an, Aitonenan
|
|
“Azpeitian euskararen aldeko lana egiteko sortu zen Baite Euskara Elkartea, 2001eko otsailean. Euskalgintzako herriko erakundeek sortu zuten, eta herrian euskararen erabateko normalizazioa lortzeko urratsak egiteaz gain, azpeitiarren artean euskaltzaletasun kontzientziazioa zabaltzea eta komunikazio arloa lantzea erabaki
zen.
Harrezkero gora-behera batzuk izan dira, baina orain dela urtebete, elkartearen bazkide-en lehendabiziko batzarrean, Baitek norabide berri bati heldu zion, plan bat egin zuen —gero garatzen joan dena—, eta azkeneko urte honetan hainbat pauso eman dira.
Jakina, oraindik izugarri falta da Azpeitian edozein unetan eta edozein esparrutan euskaraz bizitzeko, eta kontzientziatzea ere falta zaigu. Beraz, Baitek badu zer eginik. Eta saiatuko da lana egiten.
Baina eginbeharra ez da Baiterena soilik; azpeitiar guztiena da. Eta hori kontuan hartzen dugu. Herriko euskalgintzaren bilgunea da Baite, eta, ondorioz, elkartean ez dauden euskalgintzako erakundeentzako ateak zabalik ditu, baita edozein euskaltzalerentzako ere. Euskaran sinesten duten bestelako erakundeekin elkarlanean aritzeko konpromisoa eta gogoa ere erakusten dugu.
Hori izan da eta hori izango da Baiteren jarrera eta jokabidea, batzarrean ikusi ahal izan den bezala.
Elkarteko Talde Eragileak proposatuta, Baiteko Zuzendaritza Batzordeak euskara elkarteak Euskara Biziberritzeko Plan Nagusian (EBPN) parte hartzeko egina zeukan proposamena erretiratzea erabaki zuen azaro bukaeran, eta jendaurrean eman zuen horren berri orduan egindako prentsaurrekoan, eta Baiteren abenduko aldizkarian ere bai.
Proposamen hura malgua zen, onartzeko modukoa, ez zuen EBPN oinarrian ezbaian jartzen, baina urtebetera aurrerapausorik emateko biderik ez genuen jaso. Beraz, une jakin hartan egindako proposamena indarrik gabe geratu zen guretzat.
Baitek bere lanarekin aurrera segituko du, lan egiteko eta gauzak planteatzeko filosofia zabalarekin. Horrela, eskuak zabalik ditugu Azpei-tian euskararen normalizazioari dagokion planak eta proposamenak aztertzeko. Uste dugu oso garrantzitsua dela herriko euskalgintzak ere parte hartzea edozein planetan —berau egin eta gidatzeko garaian, alegia—, baita herriko beste erakundeek, taldeek eta abarrek ere, Udalarekin batera. Euskararen arloan, denok gara beharrezkoak”.
Baite Euskara Elkartea
|