Baitek laster jarriko du martxan ‘Euskaraz jolas’ ikastaroa
Oraingoz, umeen monitoreei zuzenduta izango da, baina elkarteak gurasoentzat ere antolatu nahi du eta bilera deituko du
Umeek nola egiten dute jolas, euskaraz erabat? Eta gurasoek, irakasleek edo monitoreek nola erakusten dizkiete jolasak, euskaraz erabat? Erdarak esparru horretan ere sartzen hasiak dira, eta euskararentzat arrisku hori ikusita, Baite Azpeitiko Euskara Elkarteak, euskararen kontzientzia-zio eta normalizazio bidean, Euskaraz jolas ikastaroa antolatuko du (jolasak, abestiak...).
Urriaren 22an umeen monitoreekin bilera egin zuen, Zapo Txokorekin elkarlanean. Bilerara 22 lagun azaldu ziren eta hamalauk eman dute izena. Horiei emango zaie lehen ikastaroa. Horretan aditua den talde batek, hain zuzen: Hik Hasik. Azaroan hasiko da ikastaroa, eta Baitek jakinaraziko du justu noiz hasiko den. Ikastaroa hamabi ordukoa da eta doan. Beste monitoreren batek izena eman nahi badu, dei dezala 943 15 03 58ra eta utz dezala bere telefono zenbakia.
Baitek gurasoentzat ere antolatu nahi du ikastaro hori, eta laster bilera deituko du.
Euskaraz jolas-en ondoren ipuin kontaketa ikastaroa antolatuko du Baitek.
Udalarekin akordioa nahi: Udal Gazteria Batzordearekin akordio batera iristeko asmoa ere badu Baitek. Uztailean elkarlan proposamena egin zion euskara elkarteak udalari.
|