Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2009ko urtarrilek 9,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Euskara »  Dokumentazioa »  Azpeitiko euskalgintzaren euskara aldizkaria »  2002 urtea »  6. zenbakia - 2002ko urria »  Euskara eta abertzaletasuna, euskara eta politika, euskararen egoera,

 HIZKUNTZA ESKUBIDEAK

 EUSKARA

 ORRI HAU...

 

‘Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan’, Alberdania argitaletxea, 2002ko ekaina, 350 orrialde,18 euro, Oihartzun handia lortu du liburu honek, eta salmenta onak

Bost idazleren hausnarketak

Bost idazle garrantzitsu bildu ditu liburu batean Hasier Etxeberriak literaturaz, euskaraz, politikaz eta abarrez hitz egiteko: Koldo Izagirre, Ramon Saizarbitoria, Bernardo Atxaga, Anjel Lertxundi eta Joseba Sarrionandia. Euskararen gaiaz diotena bildu du aldizkari honetan Baitek.

 

Koldo Izagirre

“Orain erne ibili beharra dago kontu berri batekin: euskararen beraren kontaminazioarekin. Lehen gaztelaniaren influentziapean bizi ginela esaten genuen, momentu honetan euskarak berak kutsatzen nau. Adibidez, niri oso gogorra egiten zait ‘espaloia egoera txarrean dago’ idaztea, ez zait hizkera ona iruditzen, eta hala ere hori da hizkera kultua, ‘espaloia txarto dago’ ez da kultua. Ernetasun batean bizi behar dut euskara errazaren aurka”.

“Alderdi abertzaleak mugitzen ez badira inor ez da mugituko euskararen alde, eta alderdi abertzaleak mugitzen direnean euskararen alde, euskara politizatu egiten omen da. Inperialista linguistikoen betiko leloa da”.

“Militantziak atera zuen aurrera Euskaldunon Egunkaria, ezta? Non dago administrazioak egin behar zuena? Ederra sartu behar ziguten, burokratek! Militantziaren balioa administrazioak berak asumitu behar izan du… Orain hamar urte nork sinetsi kultura kontseilari batek esango zuenik euskararen militante hilko dela!”.

Ramon Saizarbitoria

“Argi daukat euskarak Donostiako kaleetan iraun badu, nazionalisten sukaldeetan eutsi zitzaiolako dela. Nazionalismo soziologikoak badaki politikoak euskara babesten duela eta besteekin ez da fio. Baina sukalde barnean irautea ez, baizik eta behin betirako klasikoaren agindua betetzea dagokigunean, alegia, mundura zabaltzea, euskarak hiritar guztiak behar ditu eta ez nazionalistak soilik. Euskara eta nazionalismoa banatu egin behar dira”.

“Nik nahiago dut enbaxadarik gabeko Euskadi euskaldun bat, Euskadi independiente eta erdalduna baino”.

“Euskarak lilura galdu du, hizkuntza eragotziari zitzaion estimua. Elebitasunaren aldeko tolerante ziniko asko dago ulertu nahi ez duena ezin dela gizarte elebidunik sortu hiritar elebidunik gabe”.

“Begira, hemen euskaraz irakurtzeko gai milioi erdi bagina, eta ez gara, bost mila liburu saltzea gaztelerazko batentzat 300.000 saltzea bezala da. Kontuan hartu Espainian salmenta ona dela 5.000 saltzea, eta hori gurean 100 ale saltzea bezala litzateke. Ezin kexa gaitezke, beraz, gure numeroek behera egingo balute ere, goitik baikabiltza, hain zuzen ere kultura txikia delako gurea, eta txikiok herritarren atxikimendua dugulako”.

Bernardo Atxaga

“Hizkuntzak behar du babesa, eta era guztietakoa; ideologikoa, oinarrian. Izaera soziala emango dion ideologiarik gabe, etxeko zulotik atera eta ‘munduan’ jarriko duen erakunderik, botorerik gabe, hizkuntzak ez dauka aurrerabiderik”.

“Eskertzen dizut [Hasier] pasadizoa kontatzea [Gerra ostean Andima Ibińagabeitiak esana: ‘Nazionalista asko eta abertzale gutxi dago hemen’]. Nazionalista gehienei nahikoa zaie sinboloarekin”.

“Erakundeek, botereak, Jaurlaritzak, Udaletxeek, Diputazioak… hainbeste eta hainbeste funtzionariok zer egin du orain arte? Ba multzo handi batek itxura zaindu eta besterik ez. Makillajea. Sakoneko ezer konpondu gabe, sortzaileak aintzat hartu gabe, eragileak landu gabe”.

“Euskara erabiltzen dugunok planteamendua aldatu egin behar dugu, bai ideologikoa eta bai praktikoa. Gutxiengoa garela hasi behar dugu pentsatzen, nola beltzak Chicagon. Eta gero konturatu guk, patetikook, egoera sufritzen dugunok, lagunak ditugula inguruan, ‘sinpatikoak’, eta baita hain lagun ez diren beste batzuk ere, ‘antipatikoak’. Baina ez batzuei eta ez besteei ez diegu utzi behar gure lekuan jartzen. Inork ezingo du gure izenean ezer egin, erreibindikazio taula oso trinkoa egingo baitugu, ondo pentsatutakoa eta behar beste zabaldua. Gutxiengoen eskubideak erreklamatuko ditugu irmo”.

Anjel Lertxundi

“Nola liteke bizitza akademiko osoa euskal eskola batean pasatu eta gero euskal altxor espresiborik gabeko jendea izatea? Zerbaitek porrot egin du hor. Euskalgintzatik aspaldi dimititu zuen irakasle pasota asko dago bazterretan”.

“Euskarak bihotz gutxiago eta lan gehiago behar zuela esan zuen Mitxelenak, eta bat nator”.

“‘Nirea da gaztelania ere’, esan zuen Mitxelenak. Hemen jaiotako hainbat intelektuali entzuteko nago ‘nirea da euskara ere’ esaten eta praktikan jartzen. Nola egin inork ezer galdu gabe denok irabaz dezagun?”.

“Euskararen arazoak konpontzen saiatzea, komunitatearen beraren arazoak konpontzen saiatzea da”.

“Gaur egun ezagutzen dugun indarkeria ere ez da berez euskararen ezer, ez da euskalgintza edo euskal kulturaren ezer, baina topikoa euskararen esparruan geratzen da azkenean. Ez zaio gaztelaniaz ari den ezker abertzaleari edo hemen beti egon den gauche divine erdaldun horri egozten”.

Joseba Sarrionandia

“Irlandarrekin konparatuz gero, euskal abertzaletasunak hizkuntzarekiko atxikimendu handia erakutsi du. Irlandar abertzaleek independentziaren alde apropos sakrifikatu zuten gaelikoa, erresonantzia soziala lortzeko, ingelesa eragingarriagoa zelako. Igual irlandarrek baino askoz beranduago lortuko dugu independentzia, baina euskara gure identitate indibidual eta kolektiboaren ezaugarria da eta autistagoak ginateke, nire ustez, nortasun modu horri eutsiko ez bagenio”.

“Hizkuntza gatazka politikoan ez nahastea, bilinguismoak normalizatzea, eta euskara denon patrimonioa izatea litzateke hoberena. Baina errealitatea egoskorra da. Euskara borroka politikoaren erdigunean dago, eta gatazkaren soluzioaren partea da gainera”.

“Euskarak ez du oraindik bizileku habitable bat, dena egiteko dugu. Euskararen paradoxarik larriena da, euskara euskaldun guztien patrimonioa dela, baina, aldi berean, gutxi batzuen hizkuntza. Ahalegindu behar dugu euskarak izan dezan lekua, izan dadin zernahitarako erabilgarria”.

“Niri hitz egitea eta idaztea debekatu didaten hizkuntza bakarra euskara da. Eta euskaraz egitea erresistentzia modu bat izan daiteke”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak