Josu Goenaga, Azpeitiko gaztetxoen euskararen ikertzailea
“Familia erdaldunetako gaztetxoek lagunartean euskaraz hitz egiten dute”
Azpeitiko Udal Euskara Pa-tronatuak Iturri Zahar beka deia egin zuen 1999. urtean eta Josu Goenaga azpeitiar Soziologia ikaslea izan zen beka hori irabazi zuena. Aurtengo uztailean beka horren bidez berak eta Eider Alkortak egindako ikerketaren datuak ezagutzera eman izan dituzte. He-rriko gaztetxoen euskara ezagupena, jarrera eta erabilera ikertu dituzte (ikusi Uztarria herri aldizkariaren 32. zenbakiko 12. eta 13. orrialdeak). Ikerketa horrek eman dituen datuak hor daude aztertu nahi dituenarentzat eta baita ikerketa horri atxikirik egileen ondorioak ere. Baite orain Josurengana hurbildu da zenbait xehetasun eta bere iritzi batzuk jakitera.
Zerk bultzatu zintuen ikerketa hori hartzera?
Arrazoi bikoitza da. Inguru euskaldunean hazia eta hezia naiz. Euskara neure lehen hizkuntza da, eta, bestetik, ikasitako teorien aplikazioa egiteko aukera izan dut.
Gaztetxo horietan etxeak, lagunarteak, eskolak... zer-nolako eragina dute?
Euskararen ezagutzan familia oso erabakigarria da. Familia euskaldunetako gaztetxoetan euskararen lehentasuna erabatekoa izan da. Eskola oso eragile garrantzitsua izan da familia erdaldunetako gaztetxoak euskalduntzeko. Lagunarteak euskararen erabileran du garrantzi berezia, lagunarte euskaldunetan euskara baita nagusi.
Euskal produktuak kontsumitzerakoan nolako portaerak dituzte gaztetxoek?
Ez dugu hori orokorrean aztertu. Egin izan bagenu agian, errealitatearen ezagutza handiagoa izan genezakeen. Egin duguna komunikabideen eragina aztertzea izan da eta hor ikusi da, idatzizkoari dagokionez, erdarazkoa dela batez ere erabiltzen den hizkuntza. Irratia da euskaldunena. Adin horretan telebista da gehien kontsumitzen dutena eta euskarazkoa ikusten badute ere, alde handian erdarazkoak nagusitzen dira beren aukeratan.
Azterketak eman dizun informazioan izan al da aurrez uste ez zenuenik?
Eiderrek eta biok ustekabe atsegina jaso genuen. Familia erdaldunetako gaztetxoek lagunartean, hau euskalduna bada, euskaraz egiten dutela jakin dugu. Oso garrantzitsua iruditu zitzaigun, ez baita herri asko egongo, Azpeitiaren neurrikorik, honelakorik gertatzen denik.
Euskararen kalitateaz arduratzen al dira gaztetxoak?
Ez ginen gu hori neurtzera joan baina egindako elkarrizketetan aipatzen zuten gaztetxoek ere zenbait gauza gaizki egiten zituztela, erdarakadak, hika gaizki egitea eta abar. Baina hori filologoen egitekoa izango da.
Ikerketa honek jarraipenik behar ote luke?
Interesgarria litzateke, une honetan 18 urte dituztenek, 5-6 urte geroago zer-nolako jokaerak dituzten jakitea, unibertsitatea, lana... zer-nolako eragileak izan diren berauen euskararekiko jokaeran. Aldi berean, aztertu dugun adin muga honek beronek ere merezi luke hemendik hamar urtera-edo ea jokaera berak ematen dituen ala zertan aldatu diren jakitea. u
|