Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2009ko urtarrilek 9,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Euskara »  Dokumentazioa »  Azpeitiko euskalgintzaren euskara aldizkaria »  2002 urtea »  4. zenbakia - 2002ko uztaila »  Azpeitian lau urtean %3 igo da euskararen kaleko erabilera

 HIZKUNTZA ESKUBIDEAK

 EUSKARA

 ORRI HAU...

 

Azpeitian lau urtean %3 igo da euskararen kaleko erabilera

SEIk egindako azterketaren arabera, 1997an %78koa zen erabilera eta 2001ean %81ekoa; Urola-Kostan behera egin du

Azpeitian gero eta euskara gehiago egiten da kalean. Hori dio SEIk (Soziolin-guista Elkartea) egindako azterketak. SEIk, oro har, datuen azterketa eta balorazioa egitean, ez ditu herri bakar bateko datuak kontuan hartzen, neurketaren tamaina txikiegia delako, eta, beraz, herri bateko emaitzak beraiek ez dira fidagarrienak, baina hor daude datuak: 2001. urtean Azpeitian euskararen kaleko erabilera %81ekoa zen, 1997an baino hiru puntu handiagoa. 1993an ere %78koa zen, eta 1989an %73koa.

SEIk Euskal Herri osoan egiten ditu azterketak, herriz herri, kalean, neurgailu sistema baten bitartez, eta 1989an egin zuen aurrenekoa. Beraz, Azpeitian herritarrek gero eta gehiago egiten dute euskaraz kalean. Azpeitian euskaraz dakiten herritarren kopurua, azken lanen arabera, %87koa da, eta kalean euskararen erabilera %81ekoa izatea oso datu adierazgarria da, azpeitiar euskaldunok euskaraz hitz egiten dugun seinale delako.

Inguruan, beheraka

Baina Azpeitia inguruan euskararen kale mailako erabilera behera doa. Izan ere, Urola-Kostan 1997tik 2001era erabilera %67,5ekoa izatetik %61,1era pasatu da.

Urola-Kostako datua Gipuz-koakoa (%30 2001ean, %29 1997an) eta Euskal Herrikoa (%13,8 2001ean, %13,1 1997an) baino handiagoa den arren, beherako joera bera da kezkagarria, 1993tik 1997ra datua sei puntu igo zelako eta orain beste horrenbeste jaitsi, beste lurralde batzuetan gora egin duenean.

Gainera, oso datu aipagarria da Urola-Kostako haurrek gaur egun orain dela lau urte baino gutxiago erabiltzen dutela euskara kalean. Kontuan izanik haurrak direla gizartearen etorkizuneko oinarri, zer pentsatua eman beharko luke datu horrek.

Pentsatzekoa izan daiteke eskualde honetako ia haur guztiek euskaraz hitz egiten badakitela. Beraz, zer dela-eta haien erabileraren beherako joera hori? Kontzientziazio eza izan daiteke arrazoietako bat. Euskaraz bizitzeko premiaz kontzientzia handirik ez duten helduen artean bizi dira Urola-Kostako haurrak, Azpeitikoak haien artean. Eta horrek, zalantzarik gabe, eragina du haurrengan.

Bailara mailan ateratako ondorioen arabera, gizarteko gainontzeko adin tarte gehienetan ere beherako joera nabaritzen bada ere, aipagarria da gazteengan behintzat erabileraren ehunekoa mantendu egin dela.

Hausnartzekoa

Azpeitian, gainontzeko herri euskaldunetan bezala, kalea da gunerik indartsuena. Hau da, euskara nonbait indartsu baldin badago, kalea da hori. Enpresa munduan gaztelera da nagusi, baita komunikabideetan ere. Dendetako eta abarretako paper kontuek ere gaztelera dute oinarri.

Gure kaleetan beti euskara izan da nagusi. Ondorioz, Azpeitiak inoiz ez du euskara arriskuan ikusi. Kalera atera eta euskara entzuten denez, leku guztietan horrela dela uste dugu. Baina ez.

Horregatik dira kezkagarriak Urola-Kostako datuak. Izan ere, euskara zabaltzeko ahaleginetan gabiltzan garaiotan, gune ahuletan ez irabazteaz gain, sendo dagoen lekuetan ere galtzeko arriskua erakusten du SEI elkartearen azterketak: oso bailara euskalduna izan arren, behera egin du kaleko erabilerak. Azpeitian ez, baina ez dago horretatik salbu.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak