Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2009ko urtarrilek 9,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Euskara »  Dokumentazioa »  Azpeitiko euskalgintzaren euskara aldizkaria »  2002 urtea »  2. zenbakia- 2002ko maiatza »  Baitek finkatu ditu jada norabidea, barne egitura eta plangintza

 HIZKUNTZA ESKUBIDEAK

 EUSKARA

 ORRI HAU...

 

Baitek finkatu ditu jada norabidea, barne egitura eta plangintza

Euskarari kalterik ez sortzeko, oraingoz ez da beste plan estrategiko bat egiten hasiko; beste arlo batzuekin ariko da

 

BAITE Azpeitiko Euskara Elkarteak, azken hilabeteetako gertaerak aztertu eta gero, elkartearen barne egitura, aurrera begirako norabidea eta plangintza finkatu zituen apirilaren 27an egin zen bazkideen batzarrean. Hain zuzen ere, huraxe izan zen Baitek egin duen bazkideen lehendabiziko batzarra; joan den azaroan ekin zion bazkideak lortzeari, eta orain arte ez du ikusi batzarra egiteko une aproposik.

Aitonenan egin zen bilerara hainbat eta hainbat bazkide azaldu ziren, eta behin-behineko talde eragileko kideek elkarteak sorreratik izan duen bilakaera azaldu zuten, baita Baitek hemendik aurrera izango duen barne egituraketa, 2002ko plangintza eta aurrekontua ere. Bazkideek aho batez onartu zuten guztia.

Elkartea lehengo urteko otsailean sortu zen —Azpeitiko euskalgintza osoak sortu ere—, "baina orain dela urtebetetik hona gauzak zeharo aldatu dira", Baitek dioenez, "eta azken hilabeteetan aurrera begira zer pauso eman pentsatzen eta zehazten" jardun du elkarteak.

Izan ere, 2000ko azaroan, Udalaren, euskalgintza osoaren eta herriko gizarte eragile esanguratsu batzuen eta Kontseiluaren erabakiz, guztien artean Azpeitian euskararen normalizaziorako plan estrategikoa egitea adostu baldin bazen, 2001eko apirilean Udalak asmo hura baztertu eta Eusko Jaurlaritzaren Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiari heltzea erabaki zen. Hura Baiterentzat "kolpea" izan zen, eta Kontseilu-ak gogor kritikatu zuen Udalaren jarrera. "Azpeitian egoera beste modukoa izan dadin urratsak eman dituen bakarra euskalgintza izan da, Baitek ordezkatuta. Euskararen normalizazioa helburu duen edozein plan ezin da planteatu euskalgintza baztertuz, eta Azpeitian euskalgintza baztertua izan da", zioen, urtarrilean, Zigor Etxeburua, Bai Euskarari herrietako proiektuaren arduradunak.

Bere bidea
Azpeitiko Udalak, Euskararen Nazioarteko Egunaz baliatuz, euskararen aldeko sinadura ekitaldia antolatu zuen abenduaren 2an, eta, orduan esan zuenez, herriko 657 gizar- te eragileren sinadura lortu zuen. Baite izan zen sinatzaileetako bat, baina euskara elkarteak baldintza batzuk jarri zituen gerorako; laburbilduz, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusian zuzenean parte hartu nahi duela eskatu zion Baitek Udalari. Berririk ez dago horren inguruan, eta elkarteak ez daki Udala justu zertan ari den, abenduko ekitaldi hartatik jadanik bost hilabete pasatu diren arren.

Egoera berri horren aurrean, "argi dago Baitek, oraingoz, ezin duela inolako plan estrategikotan pentsatu", zioen euskara elkarteak bazkideen batzarrean. "Udala doa bere plana martxan jartzera —hala agindu du gutxienez— eta ikusteko dago oraindik hor zein toki izan dezakegun eta nola. Gu bestelako planetan hasiko bagina, Udalarekin aurrez aurre geundeke eta horrek ez lioke inolako mesederik egingo lortu nahi dugun euskararen normalizazioari. Zatitu ez, baizik eta batu egin behar da euskararen faboretan".

Hala ere, Baite ez da "zein apur eroriko zaion zain gelditu, azken hilabeteetan gertatu dena gerta dakigukeelako berriro", eta bere bideari ekitea erabaki du, "betiere herriko esparru guztietan euskaraz bizi ahal izateko helburua lortzeko asmoz". Bide horretan kontzientziazioari eta komunikazioari buru-belarri eustea erabaki du Baitek.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak