HIZKUNTZA ESKUBIDEAK
|
 |
|
|
 |
ORRI HAU...
|
 |
|
|
 |
|
|
Joxe Lizaso eta Patxi Altuna, ohorezko bazkide
Bazkide arruntak lortzen hasi aurretik, Baite Euskara Elkarteak bi herritar ohorezko bazkide bihurtu ditu: Joxe Lizaso bertsolaria eta Patxi Altuna euskaltzaina. Biek urte luzeetan euskararen aldeko jarrera erakutsi izan dute, oraindik erakusten dute, eta Baitek haien lana errekonozitu egin nahi du, eredu ditugulako. Gustura onartu dute hori. Baitek oroigarri bana eman zien (argazkian). Aurrerantzean elkarteak beste ohorezko bazkiderik izenda dezake.
JOXE LIZASO
Joxe Lizaso 1927an jaio zen, Azpeitian, eta bertsolaria da. Hamasei urterako hasi zen bertsotan plazaz plaza, eta oraindik ere segitzen du kantuan saioetan. Hainbat belaunaldi ezagutu izan ditu, hortaz. Bere hasieratan, Txapel, Zepai, Basarri, Lasarte, Uztapide, Joxe Agirre, Imanol Lazkano eta beste hainbatekin aritu zen, frankismoaren garaian euskara bertsoaren bidez zabalduz. Bere seme Xebaxtian Lizasorekin eta honen belaunaldikoekin ere kantatu du –eta kantatzen du, bertsolari beterano batzuekin kantatzen duen bezala–, baita gaurko bertsolari gazteekin ere, hauen artean bere biloba Beñat Lizasorekin. Joxe Lizaso ez da inoiz txapelketa zalea izan, behin baino ez duelako parte hartu –1959an, Eibarren, Gipuzkoako Txapelketako finalean–, baina beti puntan egon izan den bertsolaria da, zorroztasuna, segurtasuna, ahotsa eta
beste dohain asko dituelako.
Baite-ren ekitaldian esandakoa:
Imanol Lazkano (Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaria)
"Joxe Lizasok dohain asko ditu, eta ez du inoiz huts egin"
"Ia 60 urte daramatza, eta hori nahikoa abal bada"
"Ekitaldi hau da aste beltz honetan zuri tanta"
Euskara garbiaz eta euskara "narratsaz"
Joxe Lizaso ohorezko bazkideak bertso hauxe bota zuen Baiteren
ekitaldian bere txanda iritsi zitzaionean:
Bihotza ere harrotutzen da
hoinbeste txalo aitzian
arrazoi dute, euskera izan det
buruan ta bihotzian
geldirik ez naiz inoiz egondu,
jarrai euskera guzian
Patxi euskera garbi-garbian,
ta ni euskera narratsian.
PATXI ALTUNA
Patxi ere 1927an jaio zen, Azpeitian. Euskaltzain osoa da 1980tik, eta Euskaltzaindiako Gramatika Batzordeko arduraduna. Filosofian eta Teologian lizentziatu zen bere garaian. Euskal filologoa da, eta irakaslea izan da orain dela gutxi arte Donostiako EUTGn eta Deustuko Unibertsitatean. Hainbat idazlan argitaratu ditu: Euskara, ire laguna! (1967an, bere lehen liburua) eta Euskal aditza. Ba-tua? Baturakoa?, Jose Inazio Aranaren Egunaria liburuaren moldaketa, Euskal bertsogintzaz, Miren Azkaraterekin Euskal morfologiaren historia (2001ean bertan). Patxi Altunaren beste lan edo artikulu batzuk: Azpeitiko euskera aztertuz (1956an), Azpeitiko euskal ebakeraz (1985-ean), zenbait euskal idazleren edizio kritikoak, Etxepareren edizio kritikoa, haren obraz doktore tesia, Mendi-bururen idazlan argitaragabeak... Aldizkarietan maiz idatzi du, Nornai eta Kan-paxa izengoitiekin: Egan-en, Zeruko Argia-n, Euske-ra-n eta Jesus’en Biotza-ren Deya-n.
Baite-ren ekitaldian esandakoa:
Esther Zulaika (EUTGko irakaslea eta Patxi Altunaren ikasle ohia)
"Patxi Altuna da euskara batuaren zutabe nagusietakoa"
"Euskal filologiaren sortzaile da Mitxelenarekin batera"
"Lanean beti gogoan izan du Azpeitiko euskara"
Beñat Arrueren omenez
Patxi Altunak Beñat Arrue, egun gutxi batzuk lehenago Pumorin hil zen mendizale azpeitiarra izan zuen gogoan: «Gure ama Arrueneko dendan egon zen lanean urteetan, eta, beraz, Beñati eskaintzen diot gaurko saio hau», esan zuen. Baite Euskara Elkarteak ere gogoratu zuen Beñat, hasieratako bileretan parte hartu zuelako gazte hark.
|