Euskara Elkarteko bazkide izatea urtean mila pezeta besterik ez da
Baite-k bazkideak lortzeko kanpainari ekin berri dio
Azpeitiko Baite Euskara Elkarteak, taldea ahal den gehien zabaltzeko eta sendotzeko, egitasmo berri bati ekin dio: bazkideak lortzeari. Azaroaren bukaera arte iraungo du kanpainak, eta edozein herritarrek dauka aukera elkarteko bazkide izateko, urtean mila pezetagatik soilik.
Kanpaina honekin beste fase bati ekin dio Baitek. Elkartea bera aurtengo otsailean sortu zen –herriko euskalgintza osoak sortu ere–, eta lehendabiziko hilabeteetan Kontseiluaren Herrietako Plangintzaren egitasmoa eduki zuen eskuartean. Azpeitiko Udala ere Kontseiluaren plana babesteko prest azaldu zen, baina apirilean ezezkoa eman zuen. Hori dela-eta, Baite beste egoera batean aurkitu zen, eta azken hilabeteetan egoera aztertzen ibili eta gero, beste fase bati ekin berri dio.
Bazkideen garrantzia
Azpeitiko euskalgintzako talde eta erakunde guztiek osatzen dute Baite, eta orain azpeitiarrengana zuzendu nahi du, herri mugimendu hau guztion artean osatu ahal izateko. Horretarako abiatu du bazkide kanpaina, eta urteko kuota mila pezeta soilik izanez, ahalik eta bazkide gehien lortu nahi du.
Epe motzera, herriko enpresatara eta erakundeetara jotzeko asmoa ere badauka Baitek, haiek ere inplika daitezen gure herria euskaldun-tzeko eta kontzientziatzeko proiektu honetan.
Euskara Elkartearen estatutuetan ageri den bezala, "guztion beharra du Azpeitiko euskarak, eta horregatik ahal den bazkide gehien lortzen saiatuko gara". Urtean behin batzar nagusia egingo da, "eta bazkideek erabaki eta onartu beharko dute jardueren plangintza, eta ondoren hori burutu ahal izateko lana bideratu".
Izaera eta helburuak kontuan hartuz
Kanpaina honen bidez, elkartea bera sendotzea da Baiteren asmoa, betiere bere izaera eta helburuak kontuan hartuz.
-Baiteren izaera: Euskaltzale guztiei irekia; euskararen alde lan eta ekintzak antolatzea; funtzionamendu autonomoa; ahal den heinean Udalarekin elkarlanean jardutea.
-Baiteren helburuak: Baiteren azken helburua Azpeitian euskara normalizatzea da, horretarako bitarteko helburu nagusiak hauek izanik: herrian euskara eta euskaltzaletasuna bultzatzea; euskaraz bizi ahal izateko lan egitea; euskarazko kultur espresioak antolatzea eta bultzatzea; euskarari buruzko informazioa zabaltzea; euskarazko komunikabideak bultza-tzea; euskaltzaleen elkarlana bideratzea; euskararekiko dugun jarreraz hausnarketa autokritikoa bideratzea...
|